gorka julio
IRLEN SAREA

WWWa mehatxupean

2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
WWW World Wide Webaren sortzaileak, Tim Berners-Leek, berak sortutako asmakizuna mehatxupean dagoela esan du. Baina weba baino, erasopean dagoena Internet osoa dela esan daiteke.

Internet sare globalaren estatalizazioa, alde batetik. Maila globaleko komunikazio esparru banatu eta unibertsala zen hori, estatuen mailako kontrol politika murriztaileen esku erortzen ari da. Herritarren gehiengoaren aldeko apustua egingo balitz —ez luke txarra izan—, egoera bestelakoa litzateke. Baina joera enpresa pribatuen interesen araberakoa izaten ari da.

Interneteko neutraltasunaren aurka ere jotzen ari dira. Telebistarekin egin zutena egin nahi dute Interneten ere: zerbitzuen eskaintza paketizatu. Muga jada ez da konexio abiadura izango; zenbait datu lehenetsiko dira eta beste batzuk ez. Ordaintzen duzunaren arabera zerbitzu batzuk erabili ahal izango dituzu edo ez.

Militarizazio nabarmen bat ere ematen ari da. Segurtasuna aitzakia bezala hartuta, estatuek defentsarako mekanismoez gain, erasorako tresna teknologikoak garatzen ari dira.

Eremu pribatuari begiratuz gero, egoera ez da hobea. Korporazio handi gutxi batzuek menderatzen dute gure bizitza. GAFAM Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft akronimoarekin, gure bizitza digitalen gaineko kontrol handiena duten enpresak biltzen dira. Erdi Aro digital batean bezala, bakoitzak bere interesak defendatu eta beren esparruan ahalik eta kontrol gehien eskuratzeko helburua dute, gure datuak baliatuz. Horrek pribatutasun arazo larriak ekartzen ditu loturik. Gure grafo soziala, gure hartu-emanen traza osoaren jabe izanik, kontrol izugarria eskura daiteke.

Hori dena gutxi balitz bezala, kognizio krisi bati buruz ere hitz egiten dute zenbaitzuk. Zenbait datuk irakurketari lotutako ulermen maila jaisten ari dela diote. Beste batzuek irudimena eta sormenean eragina izaten ari diren teknologiak ere nabarmentzen dituzte. Atentzio asko eta segmentatua patroi bihurtu da zenbait teknologietan, bereziki sakelako aplikazioei lotutakoetan.

2016an NBEk Internet eskubide bezala identifikatu zuten, baina oraindik ere, milaka dira munduan konexiorik ez duten pertsonak. Orain, eskubidea egikaritzeaz gain, defenditzea ere tokatuko zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.