gorka julio
IRLEN SAREA

Historia zapaldua; zapalduen historia

2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Zapaltzen ari zaren zoru honetan izan ziren euskal industria handienetakoen langile borroka gogorrenak. Industria 4.0 garaiotan, desindustrializazioak jotako gunean eta kanpoko kapitalek erositako lurzoru hauetan, ez duzu plakatxo historiko bat ere ikusiko. Aldiz, negozio transnazional handien prekarizazio-fabrikak hazten ikusiko dituzu; inork gelditzen ez baditu».

Bilboko ezkerraldean eta Euskal Herriko beste mila tokitan gerta daitekeena erakusten du asmatutako elkarrizketa horrek. Euskaldunarekin gertatu bezala, Babcockeko gatazka ere hor galdu zen historiaren haizeek eramana. Gatazka joan zen, baina Babcock & Wilcox enpresaren lurzoruan orain Amazon enpresaren planta bat jarri nahi dute. Ahoztar Zelaietak bere txio batean argitu bezala, lurren jabe Vusa enpresa espekulazio eta euskal politikari askori lotutako ustezko ustelkeria kasuetara lotuta dago. Horiek dira orain Amazoni ateak ireki nahi omen dizkiotenak.

Amazon marka ezaguna izateaz gain, prekarizazio, esplotazio eta langileen aurkako jarrera erasokorrak izateagatik da ezaguna. Langileek, lan eta kontsumo greba deitu izan dute, adibidez, Madrilgo zentro batean, baina egunerokoak dira hauen kexuak.

Amazonen lan egitea estresarekin lotua dago. Langile batek ematen duen pauso oro neurtua dago, eta pertsonen arteko lehia sustatzen duen lan moduak erabat estutzen du bertan lan egiten duena. Enpresa horiei loturik beste hainbat fenomeno ere gertatu ohi da. Lurzoruaren beraren prezio handitzea eta etxebizitza arazoak ere sortzen ditu ezartzen diren tokitan.

Trapagaranen Babcocken lekua Amazonek okupa dezake, eta errezeta bera probatzeko prest daude Tubos Reunidosekin ere. Tubos Reunidos txikitu, gatazka zapaldu, eta gero saltzeko.

Gure agintarien diskurtsoa eta errealitatean sustatzen ari direna ez datoz bat. Gure hiriak eta herriak kapitalarentzako erakargarri egitea bilatzen ari direla dirudi, hori bai, baina horrek ez du industria berritzaile batekin inongo loturarik. Gutxiago oraindik langileen bizi eta lan baldintzak hobetzearekin.

Ez dirudi plan onena denik desindustrializazioa sustatzea, langileen gatazkak eta borrokak isilarazi eta ondoren kanpoko kapitalean oinarritutako enpresa teknologikoen ezarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.