Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Egipton, 2018ko otsailaren 11n

2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ateoa naiz; hau da, ez dut jainkoaren existentzian sinesten. Ez dut beragan sinesten», esan zuen Mohammad Hashem egiptoarrak bertako telebista kate bateko mahai inguruan. Parean zuen gizon zahar erlijiozaleak zertaz ari zen galdetu zion, harriduratik edo nazkatik gehiago zuen asmatzea zaila zaidan aurpegiko keinuaz. «Ateoa naiz. Horrek esan nahi du ez dudala jainkoa existitzen denik sinesten. Ez dut beragan sinesten. Hori da ateoa izatea. Ez dut erlijioaren beharrik balio moralak eduki edo gizartearentzat kide baliotsua izateko», tonu lasaiz. Grabazioan mozketa bat dago. Segidan, aurkezleak, oihuz eta eskuak bortitz mugituz, kargu hartu zion: «Nola da posible zu existitze hutsa?». «Ados, utzidazue azaltzen», lasai berak. «Gure existentzia azaltzen saiatzen diren teoriak daude. Horietako bat da jainkoak sortu gintuela. Ados? Baina badaude froga gehiago aurkezten dituzten beste teoria batzuk. Big Bangarena da horietako bat...». Aurkezleak, lehenago bezala, moztu: «Hitz egizu arabieraz, Egipton zaude eta jende arruntari hitz egiten. Beraz, ez erabili hitz potoloak arrazoirik gabe». «Zientzia ingelesez garatzen da eta horregatik ari naiz terminologia hori erabiltzen», erantzuna. «Zein zientziari buruz ari zara?», aurkezleak berriz. Beste mozketa baten ondoren, kargu hartzea, berriz: «Nahasita zaude eta ez zara fidagarria. Ukatu egiten dituzu jainkoaren existentzia eta gure erlijioa eta printzipioak». «Hain txarra al da hori?», Mohammadek. «Noski. Ustez fidagarria den ideia bati buruz hitz egitera etorri zara eta ez diguzu ezer eskaintzen. Ateismoa eskaintzen duzu! Heresia eskaintzen duzu! Barkamena eskatzen diet gure ikusleei zu bezalako egiptoar bat gure emanaldian izateagatik. Sentitzen dut Mohammad, baina ezin duzu gurekin jarraitu. Zure ideiak ez baitira egokiak. Tristatu egiten nau esateak. Ezin ditugu halako ideia suntsitzaileak sustatu. Ez duzu hitz sinesgarri bakarra eskaini». Gizon zaharrak, bertako diputatu ere badenak: «Begira, Moha- mmad maitea, tratamendu psikiatrikoa behar duzu. Gazte askok pairatzen ditu egun buruko gaitzak, arrazoi materialak edo mentalak medio». «Sheikh Mahmoudek dioen bezala da. Joan al zara psikiatrara? Estudioa utzi eta ospitale psikiatrikora joateko gomendatzen dizut. Ez zenuke hemen egon behar...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.