Jokin Labaien.
EKOGRAFIAK

Kopa eta presidentea

2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Arsenalen lehen taldeak eta bigarrenak 1937an Londresen jokatutako lagunartekoa izan omen zen telebistan emandako lehenengo futbol partida. Egun hartako argazki bat ere aurkitu dut. Jokalariak irribarretsu ageri dira, zelaian, kamerari begira.

«Une honetan gola sartzen badute, nire kapela jango dut». BBC kateko Thomas Woodrooffe esatariarena da esaldia. 1938an Preston North End eta Huddersfield futbol taldeen arteko Kopako partida telebistaz ematen ari zirela esan omen zuen; hain zuzen ere, George Mutch eskoziarrak 119. minutuan gola sartu baino lehentxeago. Bigarren futbol emanaldia izan zen telebistan. Orduko hartako irudi ederrak ere badaude sarean.

Munduko Kopari dagokionez, Suitzan 1954an jokatua izan zen eman zuten lehena. Jugoslavia eta Frantzia izan ziren parez pare, eta bederatzi herrialdek erosi zuten nazioarteko seinalea. Geroztik, gauza asko gertatu da munduan, futbolean eta telebistan. Nik hiruetatik duen bat hautatzekotan, esatari hegoamerikarren pasioa aukeratuko nuke. Haiek kapela eta gauza gehiago jango lituzkete maite dituzten taldeek aurrera egin dezaten. Inoiz, futbolariak gabe, gola haien energiak sartu duela ere iruditu zait. Beste batzuei kazetariaren eta atezainaren muxua gelditu zaie begi ninietan iltzatuta. Bakoitza gure eroak bizi gaitu.

Futbol zelaian kamerari so zeuden Londresko taldeko jokalari horiek denak are txundituago egongo lirateke, ziur asko, inork VAR sistema aipatuko balie. Eta, agian, sistemak adina harrituko lituzke kazetariaren tituluak, Frantziak VAR sistemari esker irabazi duela irakurtzean. Penaltia kamerek sartu balute bezala; kamerak zalantza argitu ez balu penaltirik izan ez zela adierazten baitu lerroburuak.

Talde bakoitzak baitauzka bere ultrak. Askotan, gordinenak, esatariak. Hala imajinatzen dut Brasilen alde, kartzelatik, Luiz Inacio da Silva Lula. Kartzelatik egingo ditu komentarista lanak, telebista eta irrati kate banarako. Atzo izan zen haren estreinaldia. Berak idatziz jaso, bidali, eta pantailan azaldu zituzten. Hurrengo hauteskundeetarako alderdiko hautagaia izaten jarraitzen duela jakinda, ez zait kanpaina hobea aurreikusi litekeenik iruditzen. Brasilek kopa altxatzen badu, ez izan zalantzarik, Lula presidente izango da, berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.