Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Kanonari argazkia

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Aspaldi irakurritako Buñuelen memorietan (Mi último suspiro) aurkitu nuen harrigarri egin zitzaidan baieztapena, hau da, idazleen handitasuna beren nazioen araberakoa dela. Garai hartan idazle izan nahi zuen euskaldun batendako esaldi bihotz altxagarria zen alde batetik,eta kontsolagarria, bestetik, idazlea ona izatera ailegatzen ez bazen beti egozten ahal baitzitzaion hobena naziotasun ezari. Kanon unibertsala, beraz, ez zen estetikak zioen bezala gauza neutro eta berezko bat, baizik eta nazioaren indarra eta hedapenarekin zerikusi handia zuen zerrenda.

Gerora, Pascale Casanovaren La república mundial de las letras irakurri nuen (erreparatu mundial izenondoari mendebaldez kanpoko idazle bakarra ere aipatzen ez duen saioaren izenburuan; Naipaul kolonizatua da ez-mendebaldeko bakarra, eta asko esatea litzateke Naipaul mendebaldekoa ez dela esatea;kuanto Txina edo Japonia ez daudela!). Casanovak idazle kanoniko bihurtzearen dinamikak azaltzen ditu eta aurkibideari erreparaturik ondoriozta daiteke unibertsala izateko frantsesez, ingelesez, alemanez eta portugesez idatzi beharra dagoela, hizkuntza horietaz aparte ez baita besterik aztertzen. Eta Buñueli jarraitu ulerturik nuen, unibertsal izateko, ez bakarrik nazio bat, inperiorena izandako hizkuntza batean idatzi behar dela ere: britaniarra, austro-hungariarra, espainiarra, portugesa.

Liburu horrek, jakina, gauza interesgarri anitz ditu, baina, esan bezala, kanonaren eite eta erro mendebaldarrei buruzko zalantza bakarra ere ez azaltzeak harritu egin ninduen; areago, Christopher Dominguez Michael bezalako kritikari esegesista batek Letras Libres-eko artikulu batean dioena irakurririk: «Casanovak kanona birpolitizatu zuen(...); familia komunista batekoa zenez, ezin nahi izan zuen aldendu ezkerretik zeinaren baitan hezi baitzen».

Eta egia da Casanovak kanonaren sorrera eta osaketan ideologiak eta, batez ere, politikak, unibertsala eta partikularraren arteko jokoa, alegia, azaleratu zituela; baina «ahaztu» egin zitzaion unibertsalaren eite erabat politikoa azaltzea; oso bekatu frantsesa, bestalde, halaxe baitzen Casanova, non euskara bezalako hizkuntza patoisa baino ez den.

Horrelaxe jarraitzen du Dominguezek: «Bertako hizkuntza gutxituan idazteko errebeldiak harantzago egiten du 'inbertitzen' denean, alegia, frantsesera edo ingelesera itzultzen denean. Irakurlerik gabeko hizkuntza gutxituan idazten tenkortzen dena ez irakurria izatera kondenaturik dago eta antropologo atzerritar batzuen eldarnioak elikatzera».

Garai bertsuan argitaratu zen Harold Bloomen El Canon Occidental. Bloomek mendebaldera mugatzeko kortesia izan zuen, gutxienez. Hala ere, aurkibideari erreparaturik, kanona nagusiki angloa dela ondorioztatuko dugu,ingelesez idatzi zutenetatik aparte, autore hauek baino ez dira aztertzen: Cervantes, Montaigne, Moliere, Goethe, Tolstoi, Ibsen, Proust eta Borges, Neruda eta Pessoa, denen artean Whitman bat osatuko balute bezala. Pentsa, errusieratik Tolstoi! Eta Pessoa, Whitmanen herena!

Bloomek eta Casanovak, gainera, garai hartan martxan jartzen ari ziren cultural studies delakoen kontra egin zuten; Harold Bloomentzat, estetika Platonen Haitzulotik atera berritako edertasuna da, inguru, garai, klase, genero, arrazarik gabekoa; Casanova, bestalde, kanonaren hondo politikoa argitu nahiak mendebaldearen enpresa kulturalaren erro kolonizatzaile eta suntsigarriak ez ikustera eraman zuen.

Adibide bi: Zekale artean harrapaka (Salinger), kultuzko nobela, formazio nobela kaxkarra da, eta ez balitz inperioaren nerabe batzuen gaiztakeria eta transgresio nahiak asetu zituelako, ez luke pase bat ere izango; baina, aldiz, ospe mundialeko, berriz ere, liburua da, gurtu beharreko liburu horietako bat. Badakit datorrenak arazo gehiago eransten dizkiola esatera noanari, baina niretako Ulises lar balioetsitako nobela da; bitan irakurri dut, gazteleraz, eta Casanovak azpimarratzen duen zerarekin, alegia, ingeles berri bat sortuz eta Irlandako itxiturari ihes eginez lortzen duela Joycek unibertsaltasunaren konkista, konforme egotea beste erremediorik ez badut ere, prezioa, asperra, gehiegizkoa iruditzen zait. Eta, berriz ere, diot txineraz edo japonieraz idatzi izan balitz ez zuen ospe nazionaletik harantzago egingo.

Guk ere, gure txikitasunean, badugu gure kanon nazionala. Eta gure kanonaren sorreran asko ikusteko izan du EAE Erkidegoaren sorrerak eta izate politikoak; gatazkak eta gatazkaren (ezin) zilegiztatze etikoak; genero ikuspegiak; hizkuntzaren egoera diglosikoak, horrek dakarren irakurtzeko zailtasun eta hizkuntzaren kutsatzeak, Frankismoaren desertu kulturaletik etortzeak, abertzaletasunak eta abar; eta beste sistema literarioetan ez dagoen ezaugarri batek ere bai, hau da, gure idazleak kanpora, beste hizkuntzetara itzuliak izan eta kanpoan ospe moduko bat izateak. Horrek ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.