Pastor
DARWIN ETA GU

Dibortzio berri on!

2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Dibortzio Eguna. Halaxe deitzen diote zenbait familia abokatuk urtarrileko lehenengo lanegunari. Izan ere, Eguberrien ondorengo dibortzio portzentajeak urteko beste garaietakoa bikoizten ei du. Urtarrila izaten omen da hilabeterik ilunena, bikotekide baten ahotik zorigaiztoko esaldia irteten dena: «Hitz egin behar dugu».

Urte hasierako lehendabiziko lanegunean ugaldu egiten dira bereizteko aholku eske abokatuen bulegoetara egiten diren deiak. Sally Powell abokatuak Huddersfield Daily Examiner hedabide britainiarrari duela urtebete azaldutako iritziak ez du baliorik galdu egun: krisian edo bereizteko arriskuan dauden bikote gehienek hiru arrazoirengatik segitzen dute elkarrekin Gabonetan: seme-alabengatik, euren buruari azken aukera emateagatik eta itxuraz zoriontasuna nagusi den sasoian euren egoera tristearen berri ez emateagatik lagunei eta senideei. Behin festak pasatuta, libre sentitzen dira banatzeko.

Eva Illouz soziologoak Eguberrien eta maitasunaren mitoa aztertu du bere lanetan. Maitasunaren merkantilizazioaren gaia ere jorratu du, ikuspegi marxista batetik. Utopia erromantikoaren kontsumoa liburuan kapitalismo emozionala kritikatu du Illouzek. Hark dioenez, XIX. mendean gizona emakumearen etxera joaten zen gortea egitera. Joan den mendeko 30eko hamarkadan aldatu zen joera. Erromantizismoaren merkatua sortu zen, produktuen salerosketen inguruan. Egunkarietan argitaratzen ziren iragarkiek maitasuna bezalako emozioekin lotu zuten produktu horiek erostea. Maitasuna kapitalismoaren kontsumo gaia bihurtu zen, eta beste ohitura batzuk sortu ziren. Etxez kanpoko erromantzea jaio zen.

Illouzek Der Spiegel astekari alemaniarrari esan dionez, Eguberriak itxaropen garaiak dira, exijentzia handikoak bikoteentzat. Haren iritziz, Eguberriak eta maitasuna «oso mito indartsuak» dira. Harmonia eta zoriona sentitzen ez baditugu, porrot egin izanaren sentsazioa nagusitzen zaigu. Hala ere, berak argi dauka: «Oso zaila da familia bizitza Eguberrietako arbola bezain perfektua izatea».

Eguberriak eta familia lotuta doaz, eta lehenaren irudi dirdiratsuak bigarrena itzal dezake. Eguberriek eta zoriontasun konpultsiboak bikote bizitzari eragiten diote. Haren egoera osasuntsua bada, egun hauetako estresa eta presioaren zama eramaten jakingo du. Erlazioa oker badago, areago belztuko zaio porrotaren itzala. Hala ere, kasu askotan bikotekide batek Eguberriak pasatu arte itxarongo du dibortziatu egin nahi duela esateko. Astebete lehenago esanez gero, familia osoaren giro alaia mingostuko luke. Batez ere, tartean umeak badira. Ez, topa egitea da onena eta elkarri urte zoriontsua opatzea. Familia zuzenbidean espezializatutako abokatuak krudela ez izateko eskatu dizu. Festak amaitu eta gero izango duzu aukera senar edo emaztearekin berba egiteko.

Wilson Nesbitt abokatu bulego britainiarreko kide Lenore Rice andereak dio Gabonak urte osoko estres handieneko garaiak direla. Bikote asko 2-3 astean egoten dira elkarrekin, eta hori test modukoa izaten da. Erlazioa kili-kolo badago, errazago joango da behera. Bai, udako oporrak ere antzekoak izan daitezke, baina Eguberriek plus bat dakarte: prestaketak, opariak, lagunekin elkartzea eta derrigorrezko maitasun giroaren diktadura. Eta familiako beste kideak, senideak. Zeren eta normalean ez baitzoaz aitaginarreba edo amaginarrebarekin Karibera, baina beraiekin afaldu eta bazkaltzen duzu Eguberrietako festetan. Estres psikologiko handiegia, bikotearen osasuna pattal samarra bada.

Dena den, zure egoera ona bada, ez sobera kezkatu, irakurle maite hori. Urtea ondo hasiko duzu. Kontua bestelakoa bada, ez izan oso ezkorra. Konpontzeko modua egon daiteke, nahiak eta aukerak bat egiten badute. Urtarrileko aldapa gainditzen baduzu, elkarrekin segi dezakezue datozen Eguberriak arte. Edo bestelako garai batera arte. Zure bikotekidearen ahotik, ustekabean, zorigaiztoko esaldia irtengo den arte: «Hitz egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.