Pastor
DARWIN ETA GU

Arriskuak Donostian

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Donostia erdiko etxe bateko aurrealdea konpontzen ari dira dozena bat gizon. Neska gazte bat pasatu da ondotik eta langile horietako baten ahotsa entzun da: «¡Qué peligro tienes!» —«Zuk bai arriskua!»—. Gizon aho handiak pertsona okerra aukeratu du —konnotazio sexualak dituen esaldia emakumezko ezezagun bati bota dio; bere neska-lagunari esan ziezaiokeen beste testuinguru batean, baina ez da hala izan—; modu eta leku okerrean mintzatu da —ez da berdina hori kale erdian ozenki esatea, edo hortz artean taberna baten barruan, kanpotik pasatu den neska ikusi eta gero—. Eta, azkenik, une ezin okerragoan mintzatu da: momentu horretan ertzainak zebiltzan kalean. Eta entzun egin dute. Poliziek langileengana jo dute, ea zeinek bota duen halakorik. Eta mehatxu egin diete: ezer esaten ez badute, guztiak aldamiotik jaitsarazi eta komisariara eramango dituzte.

Gertakariaren lekukoak ez daki nola amaitu den kontua, aurrera egin baitu. Eginikoa aitortu du erasotzaileak? Lankideek bost minutuko tartea eskatu al diete ertzainei, hura konbentzitzeko? Hark ezer esan nahi ez, eta beste gizonek salatu dute, komisariara eramango dituzten beldur? Langile guztiak atxilotu dituzte, isildu den lankidearen konplizetzat jota?

Gero eta handiagoa da emakumeen kontrako erasoei aurre egiteko sentsibilitatea. Horren seinale da ertzainen erreakzioa. Zorrotz jokatu beharra barneratua dute. Hemen ez du balio gertatua tradizio, ohitura eta abarren bidez justifikatzeak. Eskubide urraketa etxe, familia edo harreman baten barruan gertatu dela esateak. Kasu hauetan, ez. Beste batzuetan, bai. Orduan ez dute, ez dugu, hain zuzen jokatzen.

Pentsatzekoa da hurrengoan Donostiako langileak ondo pentsatuko duela ezer esan aurretik. Edo ez duela berriro egingo. Hala ere, inpultsuak kontrolatzeko arazoak baditu, joera makurra menderatu ezinean badabil, Danimarkara joan daiteke, horrela egiten segitzeko. Estiloa findu egin beharko du, baina.

Izan ere, YouGov-Cambridge Centre erakundeak 25.000 lagun elkarrizketatu ditu 23 herrialdetan, Globalism Project deritzon ikerketan. The Guardian egunkariak atzo zabaldutako emaitzak harrigarriak dira. Herrialde eskandinaviar horretako emakumeen laurdenek baizik ez dute haien burua feministatzat jotzen. Eta andrazkoen ia herenen iritziz, onargarria da emakumeei kalean txistu egitea. Hedabide britainiarrak konparazio deigarri hau egin du: «Emakume daniar gehiago daude pozik kalean gizon batek txistu egiten dienean feminista deitzen dietenean baino». Emakume horietako batek adierazi du berari txistu egiteak ez diola ardura, «modu atseginean» egiten badiote, «lore bat» delako. Eta bukatu du: «Danimarkako emakume askok esaten dute nahiago luketela hemengo gizonak Hego Europakoen antzekoagoak izango balira eta zeinen polita zauden esango balizute».

Adituek arazoak dituzte datuak interpretatzeko. Batzuek diote Danimarkan inon baino berdintasun maila handiagoa lortu dutela emakumeek. Hori dela eta, feminismoaren beharrik ez dagoen irudipen okerra dute, antza. Hala ere, azalpen hori ez da Suediako emaitzekin ezkontzen. Hango egoera berdin antzekoa da eta bertako emakumeen ia erdiek diote feministak direla.

Igandea, gaueko hamarrak pasatuta. Denda handi bateko kutxan neska bat dago, sartuko ez den bezeroari kobratzeko prest. 14 urte izango ditu, gehienez. Normalean aita edo amarekin egoten da; batzuetan, bakarrik. Ertzaintzaren komisaria ez dago urrun, kilometro erdirik ez dendatik. Poliziaren autoa bertatik pasatzen da etengabe, patruilatzen. Ertzaintzak ez du autoa gelditzen. Tradizioa da, familia barruko ohitura. Non dago Lan Ikuskaritzaren ordezkaria? Non gizarte hezitzaileak? Inon ez. Igandea da. Igandean ez da lanik egiten. Neskak, alabaina, kutxan segitzen du. Ez litzateke hobeto egongo etxean, lotarako prest, astelehenean fresko joateko eskolara? Nolakoak izango dira begi urratuak dituen euskal herritar gaztearen ametsak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.