MARIJAIAREN ESAMESAK

Glovo, ekarri txosnetatik trago bat

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Dirudienez, Arriaga plazan lurrean eserita eta lagunekin edanean zeuden batzuek egindako eskaera izan zen. Jateko zerbait nahi, eta sakelako telefonoko aplikazioa zabalduko zuten —Glovo edo Uber Eats, berdin du—; jatetxea eta janaria aukeratu, eta egindako hautua haraino eraman ziezaieten eskatuko zuten. Arriaga plazara, Aste Nagusiko jaigunearen erdira. Langileak —edo, hobeto esanda, autonomo faltsuak— eskaera hori jasoko zuen, eta gazte horiek zeuden lekuraino joango zen bere bizikletarekin, jatekoa eramatera. Zerbitzari bat balitz bezala. Eragin gazte prekarioen plataformak Twitter bidez asteburuan zabaldu zuen argazkian hori ikus zitekeen, bederen: bi banatzaile Arriaga plazan, edanean eta eserita zeuden gazteei euren eskaera eramaten. Zeresan handia eman du irudiak sare sozial horretan.

Glovo eta Uber Eatsen gisako aplikazioen bidez nahi denean nahi dena lortu ahal dela pentsatzera iritsi baitira bertako erabiltzaile asko. Baina badago benetan eskaera horiek egiteko beharra? Alegia, txosna bakoitzak janari eskaintza zabala duenean, beharrik ba al dago banatzaile batek eskaera bat eramateko jaigune erdira? Asko eskatzea al da Arriaga plazatik altxatu, eta txosna batera joatea jatekoa eskatzera? Are gehiago, banatzaile horien lan baldintza kaskarrak zein diren kontuan hartuta, merezi al du era horretako eskaerarik egitea? Lurrean edanean dauden pertsona horiek egingo duten hurrengo eskaera zein izango da, txosnetatik edatekoa dauden lekuraino eramatea? Morroiak nahi dituzte parranda egiten ari direnean? Irudi horrek zeresana ematen jarraituko du, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.