Maider Galardi F. Agirre.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Duintasuna eta duinkeria

2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Oier Guillan aktore eta idazleak Zauri bolodia liburuan gogoeta egiten du obra bat «duina» dela esaten denean ea nahikoa ona dela iradokitzen ote den, ala, aitzitik, txarra izan dela esateko eufemismo bat ote den, baliabide gutxirekin ahal bezain ongi eginda ere. Egin liteke gogoeta politikarien kanpainekin ere: abesten hastea, esnatu berri hautagaiak grabatzea eta autoparodiak egitea, estrategia komunikatiboaren parte izanda, onuragarria den, ala duintasunaren mugan dantzan ez ote dabiltzan. Asmatu beharko litzateke hitz bat, gainera, batzuetan etekin politiko hutserako periferietako kolektiboen lorpenez baliatzen direla adierazteko: duinkeria.

Ez baita gauza bera duinkeriaz aritzea eta duintasuna aldarrikatzea. Gauza bat baita Realeko emakumeek Espainiako Kopa irabaztea eta merezitako omenaldia jasotzea, eta beste bat Irunera joatea Realeko bufandarekin kanpaina egitera. Nora, eta alardearen auzia puri-purian dagoen herrira. Aukera bikaina zatekeen kanpaina Irun eta Hondarribiko alardeen auzia askatzeko neurriak eskatzeko, baina bateko eta bestekoek ekainean eta irailean duintasuna aldarrikatu arren, apenas entzun den halakorik bi asteotan.

Adinekoen duintasunaz ere ari dira alderdiak: zaharren egoitzetako itxaron zerrendak luzeak direla, bestelako bizi ereduak behar direla... Gutxi hitz egiten da, ordea, egoitza horietan lanean ari direnen eta adinekoen zaintzaz arduratzen direnen lan baldintzei buruz. Akaso, horregatik hartu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusia. Gunea hutsarazi zuen Ertzaintzak, baina, zorte apur batekin, ordurako datorren legegintzaldirako duinkeriaz garbitu eta duintasunez beteko zuten tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.