Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Botak eta eskularruak

2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Youtuben kontsultatu dut badaezpada, baina ez zegoen horren beharrik: buruz gogoratzen nuen duela 36 urte ikusitako marrazki bizidun haien hasierako offeko ahotsa. Gogoratuko duzue: Fútbol en acción, berariaz sortutakoa 1982ko Munduko Koparako.

Sarrerako irudietan, gizon bibotedun bat agertzen zen izerditan (ai, futbolariak bibotedunak zirenean!), penalti bat jaurtitzeko ardura bere gain hartuta: «Gizon honek 22 urte ditu. Futbolari profesionala da: lehiaketa honetan bere herrialdea defendatzen duen selekzioko aurrelaria. Urduri dago. Normala da. Bere botak erabakiko du txapelketako finala, eta berak badaki hori». Ondoren, gizonak abiada hartzen du, eta baloia jotzen duen une berean izozten da irudia. Ez dakigu zer gertatuko den: irabazi edo galdu, herrialde oso baten poz-eztanda edo etsipena. Dakidana da nik irudi horren bidez ikasi nuela zer den zoria, eta zeinen ondorio diferenteak izan ditzakeen ongi edo gaizki emandako urrats batek, ez soilik norberarentzat, baizik eta beste hainbatentzat ere. Eta ikasi nuen zeinen bidegabeak izan daitezkeen diskurtsoak errealitatearekin, han ez baitzen aipatzen aurrelari haren parean zegoen atezaina, haren ardura eta urduritasuna, haren eskularruen erabakimena.

Final-zortziren hauetan, hiru partida erabaki dira penaltietan, eta izen-abizenez seinalatzen diren zazpi futbolariren hutsegiteen erruz joan dira etxera hiru selekzio. Huts egindako penaltiez mintzo gara, jaurti duenaren ikuspuntutik beti, marrazki bizidun haietan bezala. Baina, akaso, hiru atezainen abileziari esker egin dute aurrera beste hainbeste selekziok. Igor Akinfeev, Danijel Subasic eta Jordan Pickford, horratx euren izenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.