urtzi urkizu
Donostiako 66. Zinemaldia. Zinemira. BASQUEWOOD

Harritu gaitzaten

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ezerk harritzen ez duen gizakia hutsik dago, itzalita du bihotza». Hala esaten die ikasle batzuei Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarrak. Film zoragarria da Raul de la Fuenteren eta Damian Nenowren Another day of life—Cannesen ostean, Perlak sailean ikus daiteke egunotan—. Animazioa eta dokumentala uztartzen dute, modu iradokitzailean, ikuslea Angolako gerra zibilean murgilduz. Gerra Hotzaren azken gudu zelaietako bat izan zen Afrikako herrialdea, eta erabakigarriak izan ziren Fidel Castrok Kubatik bidali zituen soldaduak; Carlota operazioa deitu zuten. Bestetik, Carlota izeneko beste pertsonaia bat bada istorioan —Angolako gerrillaria, ez kubatarra—. Armekin borrokatu zen, bere herriaren etorkizun hobearen desioan. Haur guztiek hezkuntza jaso zezaten desiratzen zuen. Berebiziko eragina izan zuen Kapuscinskiren bidaian, eta, historiako liburu gehienetan bezala, ahaztutako beste emakume bat da. Carlota. Dokumental berri bat osorik mereziko lukeen andrea.

Harridura sortzen duen istorioa da Mudar la piel dokumentalarena ere (Zinemira). ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekari lanetan aritu zen gizon bati, Juan Gutierrezi, Espainiako zerbitzu sekretuetako espioi bat sartu zitzaion etxean, familian eta Gernika Gogoratuz fundazioan. Urte luzez, gainera. Ana Schultzek eta Cristobal Fernandezek bitartekari bakezalearen eta CNIko agentearen arteko adiskidetasuna kontatzen dute, eta tartean egongo da ezusteko bat baino gehiago. Baten eta bestearen kontraesanak, bakoitzak bestearengan izandako eragina, gai batzuen inguruan hitz egiteko beharra eta aldi berean ezina. Emaitza paregabea da.

Ederki hasi da Zinemaldia, istorio erakargarriekin. Formatuen erabilpen txundigarriekin. Ea halako gehiago datozen. Harritu gaitzaten prest gaude, eta ez dugu bihotza itzalita izan nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.