enekoitz esnaola
ANALISIA

Estatalizazioa

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Azkenengo urte eta erdi pasatxoan, Euskal Herrian 178 udalerritan egin dituzte galdeketak. 2014an, beste bitan. 780.000 lagun bizi dira 180 udalerri horietan —Euskal Herriaren biztanleriaren laurden bat—. Oso egitura urria duen herri dinamika batek sustatu ditu kontsultak: Gure Esku Dago-k. Antolatu, tokiko plataformek. %23,7koa da parte hartzearen batezbestekoa; bada zerbait. Erabakitzeko eskubidearen sozializazioak irismen handiagoa izan du, kale presentziaren, hedabideen eta bestelakoen bitartez. Ez dira izan galdeketa ofizialak, diru publikoz finantzatuak eta lotesleak, baina lortu dute taxuzko eragin bat.

Herriotako eta beste askotako taldeak berriro aktibatuko dira orain, ekaineko giza katerako. Galdeketetatik hona ia inor ez da egon aktibo edo dinamiko. Tresna zehatzik, indartsurik eta bizirik izan ezean —kontsulta—, ez zuten erraza. Gainera, Madrilekiko konfrontazio politiko-demokratikorik gabeko sasoiak dira hemen, haren ukazioa hor den arren, eta hala gaitza da kolektibo bat motibatzea eta aktibatzea.

Motibazio moduez hitz egin daiteke, ordea. 180 kontsulta horietako ia den-denetan galdetu da Euskal Herriaren independentziari, euskal estatuari edo euskal errepublikari buruz, aldeko emaitza %95,7koa izan da, baina mandatu horrek ez du segidarik izan tokian-tokian, ez da elikatu euskal estatuaren kontzeptua,ez da egin pedagogia bat. Ez zen hori galdeketen talde sustatzaileen egitekoa, baina 166.955 herritarrek bozkatu dute Bai...

Larrabetzun eman dute orain pauso koherente bat herritar batzuek, batzorde bat sortu eta udal taldeei eskatuta udalak herria independendista aldarrika dezala. Beti izaten da lehenengo bat; estatus politikoari buruzko galdeketen arloan Etxarri Aranatzek hartu zuen ekimena, 2014ko apirilean. Arrankudiagan egin zuten gero, azaroan. Urte eta erdi pasako etenaren ondotik etorri ziren beste 178. Dinamika herritarra, azpiko lana; proiekzio nazionala.

Gure Esku Dago-k ere ekin dio urrats berri bati «herri libre» baterako bidean: «zergatik eta zertarako erabaki arrazoiak» pilatzeko, Hegoaldeko lau hiriburuetan ongizateaz, kulturaz eta bestelako gai batzuez mahai inguruak egiten hasi da. 2019rako 2.019 arrazoi batu nahi ditu, beste zenbait osagai erkatu —EAEko «testuingurua» nabarmendu du; hala, kontuan hartzekoa da giza katea Donostia-Bilbo-Gasteiz izatea—,eta erabakitzekoeskubidearen aldeko «guztien» artean «aro berri bat» hasteko. Arrazoiak. Edukia.

Euskal estaturanzko bidean zenbait eragilek tartekako helmugatzat jotzen dute erabakitzeko eskubidea. Izan daiteke. Ordea, egun, subiranismoan proiektuaz indefinizioa, denbora irabazi nahia edota anbizio eta ausardiarik eza antzeman ahal dira.

Katalunian 1961ean sortu zuten Omnium Cultural, katalan hizkuntzaren eta kulturaren alde egiteko. Frankismoaren garaiak ziren. Duela sei urte pausoa luzatu zuen Omniumek: Gramaneteko Santa Colomako ekitaldi batean iragarri zuen aurrerantzean Kataluniako estatuaren alde lan egingo zuela, katalan hizkuntza eta kultura «bermatzeko biderik zuzenena» dela iritzita. Euskal Herrian ez da Omnium Culturalik. Euskal estatalizazioaren alde aritzeko, kasurako, arlokako Gaindegien falta sumatzen da.

Momentu politikoa, prestatu eta elikatu egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.