Pastor
DARWIN ETA GU

Ama-alabak

2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Bulegoko kafe gelan izan zen, duela hiru hilabete. Maria —ez da benetako izena— zutik zegoen, ateari bizkarra emanda. Jaka eta praka beltz dotoreak, takoi luzeak, new age tatuaje txikia lepoaren atzeko aldean. Halako batean, esku baten igurtzia sentitu zuen ipurdian. Ez zuen denborarik izan defendatzeko, bi eskuak katiluari eusten zituelako. «Zer egiten ari zara?», bota zion erasotzaileari, gorri-gorri eginda. «Zuri ipurdia ukitzen», erantzun zion hark, lasai asko. Bere nagusia zuen. Gizonezkoa.

Maria ez zen bere postura itzuli. Pertsonal sailera joan zen zuzenean. «Denok dakigu nagusiak nola jokatzen duen», esan zion hango emakumeak. «Hobe zenuke ezer salatuko ez bazenu. Haren hitza eta zurea izango lirateke. Ez dago lekukorik». Lana utzi zuen egun horretan bertan. Erasoa Madrilen izan zen, baina Bilbon, Baionan edo Iruñean gerta zitekeen. Edozein emakume izan daiteke Maria.

Mariak feministatzat du bere burua, baina uste du Me Too mugimendua, zenbait kasutan, pasatu egiten dela. Kritikoa da Me Too-rekin, bera Me Too kasu bat izan arren. Batzuetan, gai horri buruz eztabaidatzen du alabarekin. Alicia —hori ere ez da benetako izena— oldartu egiten zaio feminazi hitza esaten duen bakoitzean —askotan, probokatzeko egiten du Mariak—. 28 urte zituela izan zen ama. Ez zaizkio umeak gustatzen. Alicia bizitzaren gidoian bete beharreko eszena izan zen, antza.

Otsailean, hamasei urte bete zituen neskak. «Zergatik ez zoaz hotel batera, eta etxea niretzat utzi gau horretan?», galdetu zion amari. Besterik ez genuen behar, pentsatu zuen Mariak. Alicia hoteletik itzuli zenean kontuz ibili ote zen galdetu zion amak. Bezperan kondoi paketea sartu zion poltsan. Eta betikoa errepikatu: inori ez uzteko hori gabe egiten, kasu sexu-transmisiozko gaixotasunei. Gau bateko arinkeria, bizi osorako eria. Horixe arriskua.

Mariaren eta Aliciaren arteko erlazioak gorabeherak ditu, konplizitate handia badute ere. Izan ere, ez dago zorion perfekturik, eta ama-alaben arteko harremanak ez daude lege horretatik kanpo. Hain zuzen, gai hori aztertu dute hamabost idazlek What My Mother and I Don't Talk AboutZertaz ez dugun hitz egiten amak eta biok— liburuan. Asteartean argitaratu zuten AEBetan, Amaren Egunari begira edo. Amarekin dituzten tabuei buruz hitz egiten dute egileek lanean. Batez ere, alabek. Zergatik amarekin eta ez aitarekin? «Amak gure lehen etxeak dira. Horrexegatik saiatzen gara beti haiengana itzultzen», argudiatu du Michele Filgate-k bere testuan.

Kritikarien arabera, lau ataletan sailka daitezke amen eta alaben arteko tabuak: amek pairatu dituzten gauza ikaragarriak; alabek pairatu dituztenak; amak nolakoak ziren amak izan baino lehen, eta, azkenik, amek nola egin duten porrot ama onak izateko lanean.

Porrotaren sentsazioa amen gaineko presioak areagotzen du. Etengabeko zalantza dute, aitek aitatasunari buruz hain modu gordinean bizi ez dutena. Horrek ez dio kezka askorik sortzen Mariari. Zoriontasuna ez da perfektua. Amak ere ez. Aliciak oraindik gogoratzen du txikitan amak zer esaten zion udan, izozki bat jaten zuenean. «Zuk miazkatu, miazkatu, neuk abisatuko dizut». «Nola ausartzen zinen halakoak esatera», galdetzen dio orain, barrezka.

Ama zer eta nolakoa zen ama izan baino lehen galdetzea ez da samurragoa. «Noiz eta nola izan zen zure lehen aldia? Zenbat mutil izan zenuen aitarekin hasi baino lehen? Zergatik bukatu ziren harremanak? Neskaren batekin egon zara inoiz? Nola ezagutu zenuen aita? Orain dakizuna jakin bazenu, bera aukeratuko zenuen?». Hobe ez galdetu. Zertarako? Amek ez dute iraganik.

Mariak ez du arazo handirik izan gerontologia arloko zerbitzu enpresa batean lana aurkitzeko. Publizitatea ikasi zuen Unibertsitate Konplutentsean. Medikuntzari ekin zion gero. Pozik dago oraingo lanpostuan. Ez du lehenagoko nagusiaren itzala sentitzen. Bihar alabak zer oparituko dion galdetu nion herenegun. Ideiarik ez zuela esan zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.