ANALISIA

Oharra Waterloora

Marta Pascal PDeCAT alderdiaren koordinatzaile orokor ohia. MARTA PEREZ / EFE.
martxelo otamendi
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Goizago edo beranduago, hauteskunde zikloaren aurretik edo ondoren, baina iritsi beharra zeukan, denok zain baikeunden, PDeCATen barruan Puigdemonten nagusitasunarekin gustura ez daudenen abisua. «Nagusikeria» deitzen diote kritikoek, Marta Pascal buru.

Herenegun iritsi zen abisua, Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile ohiak La Vanguardia egunkarian eman zuen elkarrizketan. Alderdiaren estrategia erabakitzeak Puigdemonten esku segitzen badu alderdi berri bat sortzeko aukera dagoela aurreratu zuen aurreneko aldiz jendaurrean. Asko hitz egin da azken hilabeteotan Katalunian posibilitate horretaz, baina sekula ez igandean bezain argi.

Datozen bi hauteskundeak pasatu eta emaitzak ikusi arte —Espainiako Kongresurakoak etaSenaturakoak A-28an, eta udal hauteskundeak M-26an—, ez zen espero mugimendu sendorik Puigdemontekin kritiko direnen aldetik.

PDeCAT-ERC lehian, inkestek oso emaitza onak ematen dizkiote ERCri, eta txarrak PDeCATi. Xehekiago eta kezkagarriago PDeCATentzat, inkestek ez dute aurreikusten bloke independentziazalearen gorakadarik; bai, ordea, boto mugimendu garrantzitsua bloke horren barruan,PDeCATetik ERCra. Alegia, Junquerasen estrategia pragmatikoak irabazi egingo diola Puigdemonten jokabide gogorragoari, inkestek diotena betez gero.

Egoera kezkagarri horren jakitun, jokaldia aurreratzea erabaki dute 2019ko PDeCATetik baino 2012ko CiUtik gertuago daudenek. Mezu garbia bidali diote Puigdemonti: hurrengo bi hauteskundeetan PDeCATek emaitza txarrak lortzen baditu, Puigdemontek alderdiaren estrategia erabakitzeari utzi beharko dio; bestela, berean segituz gero, kritikoek alderdi berri bat osatuko dute. Hori da marra gorria.

Itxura guztiaren arabera, lehen fasean ohar bat da, sendoa, baina urrutiagora pasatuko ez den oharra. Puigdemonten teilatuan jarri nahi dute pilota.

PDeCAT alderdi zatitua da, agerikoa denez. Alde batetik, Puigdemonten konfrontazio estrategiarekin bat egiten dutenak daude, oinarrizko militanteak, konfrontazio fase honetan kargu instituzionaletan ez egonda aginte esparru batzuk galtzeari beldurrik ez diotenak, ezinezkoa irizten diotenak Espainiarekin galdeketa adosteari. Bestetik, oraingo independentziazaletasuna CiUren betiko jokabide pragmatikoan txertatu nahi dutenak; independentzia bai, baina adostutako erreferendum baten bidez soilik.

Zale gehiago dauzka Puigdemonten estrategiak alderditik kanpo alderdi barruan baino. Horren jakitun, eta ERCren barruan militante batzuk alderdiaren pragmatismoarekin bat ez datozela ikusita, aspaldi ezer entzuten ez den eta negualdian dagoela ematen duen Crida Nacional per la Republica sortu zuen erbesteratutako lehendakariak.

Pascalen taldeak mehatxua bete eta alderdi berria osatzen badu, oso litekeena da Puigemontek Crida berpiztea, jarraitzaileak PDeCATetik eta ERCtik batuko zaizkiolakoan. Bi alderdi zeuden lekuan, hiru egongo lirateke: ERC, Crida eta Pascalena. Pascalek bultzatutakoak derrigorreean beharko du buru erreferentzial bat, denon ezaguna izango dena. Artur Mas lehendakari ohiaren izena dabil askoren ahotan, kontuan hartuta 2020ko otsailean bukatuko dela Kataluniako Auzitegi Nagusiak ezarri zion bi urteko inhabilitazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.