Itziar Olasagasti.
Arrauna. 'TXIKI'-TIK

Matematikak

2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Matematikak zehatzak omen dira. Bat eta bat beti da bi. Euskotren Liga bat irabazteko hamar denboraldi behar izan ditugu. Besteren batzuek gutxiago behar izan dute, eta batzuek gehiago beharko dituzte. Zerbaitek berezia egingo badu matematikoki liga hau irabaztea hamar urtetako lana izan da. Hazia erein, lana egin, eta uzta jasotzea.

Badakigu zer den azkenak izatea, telebistan ez agertzea, irabazlearengandik berrogei, hogei edo segundo bakar batera ibiltzea, urte guztia ate joka ibili eta bigarren postuarekin etxera itzultzea estropada guztietan, ziaboga istriborretik ematea, karela puskatu eta toletarik gabe arraun egitea. Eta, azkenean, jakin dugu zer den irabaztea. Prozesuak berak ematen dio garrantzia lortu dugun emaitzari. Oraindik ez gara hotzean pentsatzen jarri aurtengoan egindakoaz. Denboraldi hasieran esan nuen iazkoa baino gehiago nahi genuela eta horretara gentozela. Bi jardunaldi falta direla, Euskotren liga lehenengoz irabazi dugu, eta, gaur-gaurkoz, iaz garai honetan lider zenak baino puntu bat gehiago daukagu.

Ezin dut utzi asteburu hau elkartearen lana aipatu gabe, asteburuan 115 pertsona, lau erremolke, autobus eta furgonetak martxan izan baititu. Udaleko balkoian zazpi bandera batera astintzea (traineruek irabazitako laurak eta bateletan Pontejosen irabazitako hiruak), Panamerikar Jokoetako urrea —Leandro Salvagno taldeko arraunlari uruguiatarrak irabazitakoa— eta matematikoki irabazitako liga. Sekulakoa! Baten batek esango du edo pentsatuko du:earra emateyek oriyotar hauek!

Amaitzeko, gonbidapen bat telebistako esatariei, mutilen kasuan beste urteetako errekorrak, denborak, zenbakiak eta zifrak aipatzen dituzten bezala, emakumezkoenak ere aipa ditzatela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.