urtzi urkizu
Donostiako 66. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Euskal Herri berri bat

2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Irakurri diot Gorka Erostarbe lankideari Koldo Almandozek «Euskal Herri likido bat» marraztu duela Oreina filmean. Likidoa ez ezik, Euskal Herri berri bat nabaritu dut pelikulan. Saharako gazte euskaldundua paduran, eta bere alboan gizon heldu marmarti bat. Laulad Ahmed Saleh ari da lehen pertsonaia jokatzen, eta Patxi Bisquertek bete du bigarrenaren rola. Hiriak, landak, poligonoek eta arrantza giroak bat egiten duten testuinguruan, pertsonaia gazteek ederki islatzen dute gaur egungo Euskal Herri berri batean gaudela.

Almandozen lanetan, formak eta esperimentazioak izan dute askotan indarra. Kasu honetan, zuzendariak aitortu du zinta «konbentzionala(goa)» dela. Eta behin konbentzionalismoan sartuta, faltan sumatu ditut pertsonaien arteko elkarrizketa mamitsu gehiago. Hitz askorik gabe gauza asko ederki kontatu daitezkeela badakigun arren, gogoz gelditu naiz Bisquert, Ahmed Saleh eta Ramon Agirre hizketan gehiago entzuteko, pertsonaiak ederki baitaude marraztuak. Ez da Oreina filmaren hutsune bat, baizik eta barne sentimendu bat; gogo biziz bainaiz euskarazko film bat ikusteko non elkarrizketa bizi eta ugariek guztiz asebetetuta utziko nauten. Gidoiko elkarrizketek maiteminduko nauten. Ziur nago iritsiko direla horrelakoak ere, euskarazko zinemagintza gero eta aberatsagoa baita. Halaber, irudika dezaket etorkizunean Almandozek proposamen iradokitzaile berriekin kateatuko nauela.

Gainontzekoari dagokionez, badu indarra Oreina-k: irudiek primeran transmititzen dute gizakien bakardade giroa. Zinemaldian eta beste edozein jaialditan harro aurkezteko moduko pelikula bat da, zalantzarik gabe. Eta aurrean dugun Euskal Herri berriaren aurkezpen oso interesgarria da, gizarte gai guztien ikuspegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.