Edurne Begiristain.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Hamabost egun ez omen dira nahikoa

2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina hasi berritan eta elkarrizketa hasi aurretik, kazetari honek Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko alkategaiari galdetu zion ez ote zitzaion luzeegia egiten kanpaina, ea bost egunekin ez ote zen nahikoa esan beharrekoa esateko. Ezetz erantzun zion Larrionek, irmo; beharrezkoak zirela hamabost egun horiek euren proposamen guztiak herritarrei ongi azaltzeko, jendeari pultsoa hartzeko, zalantzatiak erakartzeko, herritarrak botoa ematera bultzatzeko. Sentsazio kontu bat zela. Kanpainak aurrera egiten zuen neurrian egiten zuela gorantz mezua helarazteko griñak, boto emaileekiko feeling horrek, eta horregatik uste zuela batzutan motz geratzen zirela bi aste horiek. Eta egun gehiago luzatzea ez lukeela gaizki ikusiko.

Ziur naiz Larrionen hausnarketarekin bat etorriko direla alderdi politiko gehienetako hautagaiak. Baina, nago, herritar askoren —eta kazetari batzuen— iritzia oso bestelakoa dela. Luzeegiak egiten zaizkigulako kanpainak. Saturazio puntu bat dugulako. Nahi ala ez, propaganda bonbardaketa izugarria sufritzen dugulako. Eskatu gabe jasotzen dugulako. Etenik gabe.

Hainbat ikerlanek erakutsi dute boto emaileen erabakietan oso eragin txikia dutela kanpainek, eta, batez ere, egindako hautua berresteko balio izaten dutela. Hori lortzeko, proposamenek baino garrantzi handiagoa izaten dutela hautagaiek trasmititzen dituzten jarrerek eta sentsazioek. Horretarako bada ere, hauteskunde kanpainak egiten jarraituko dute. Benetako kanpaina, hala ere, aspaldi hasi zuten alderdiek, eta igandeko emaitzek argituko dute ereindako haziak fruitua eman dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.