Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Berdinkeriaren alde

2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Berdintasuna. Orain urte erdi, joan den abenduan, manifestazio bat egin zuten Iruñean, Kontseiluak deituta, lelo honekin: Bide eman euskarari. Berdintasunaren alde. Hezkuntzako zerrenda bakarra zen eztabaidagai garai hartan Nafarroako Parlamentuan: irakasle elebidunak, bi hizkuntzetan irakasteko gai direnak, bi hizkuntzetako zerrendetan egon daitezkeen edo ez. Zerrenda bakarra ezartzea galarazi egin zuen legebiltzarrak, Ezkerrak bat egin zuelako oposizioko indarrekin. Berdintasuna. Bihar beste manifestazio bat egingo dute Iruñean, oposizioaren inguruko talde eta norbanako batzuek deituta, honako goiburu honekin: Berdintasunezko etorkizun baten alde. Erdaldunak «diskriminatu» egiten dituztela salatuko dute. Oinarria berbera da betiere: zer leku eduki behar duten elebidunek, Nafarroako bi hizkuntzak dakizkitenek, eta elebakarrek, bakarra dakitenek. Zer den berdintasuna. Eta zer berdinkeria.

Gobernua aldatu zenetik, euskararena izan da liskar iturri nagusietako bat, nagusia ez bada. Urteetan egindako hizkuntza politika atzerakoiak iraultzea zen gobernu berriaren eginkizuna, eta eman duen pauso bakoitzeko, txikiena izanda ere, oldean altxatu dira oposizioko indarrak alderdiak, sindikatuak, komunikabideak eta bestelako taldeak. Urtebete falta da hauteskundeetarako, eta euskararena izango da guda eremuetako bat. Bide horretarako lehen geldialdia izango da larunbateko manifestazioamanifestazioarekin bat egin dute oposizioko indar guztiek, baina etorriko dira gehiago bidean herriz herri mezu hori zabaltzeko autobus bat jarri du PPk.

Bide juridikotik egin dituzte eginahalak oposizioko indarrek, baina emaitzarik apenas jaso duten. Etengabe jo dute auzibidera, baina azken boladako epai guztiak aurkakoak izan dituzte: ez dute lortu, adibidez, administrazioko erabilera dekretua baliorik gabe uztea. Adierazgarria da aste honetan bertan iritsitako beste ebazpen bat. UPNk eta PSNk eskatuta, Nafarroako Kontu Auzitegiak ikertu egin ditu lau udalek ikastolei emandako laguntzak. Kukuak oker jo die: kontu auzitegiak legezko jo ditu laguntzak.

Parlamentuko talde horien irmotasunaren aldean, diskurtsoan erakutsi dute eboluzioa larunbateko manifestazioaren deitzaileek. Manifestu bat dute oinarri. Gozoa da: «Ez daukagu inolako fobiarik euskararekin. Zinez uste dugu gure kulturaren zati dela. Ez genuke onartuko euskaldunek lege diskriminaziorik, lanekorik edo sozialik jasaterik». Eta, areago, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna hartu dute argudio gisa. Berdintasuna, hizkuntza eskubideak, diskriminaziorik eza. Nolabait, argudioak lapurtu dizkiote euskalgintzari.

Oposizioaren orain arteko diskurtsoa da, baina hobeto makillatua: Nafarroako Gobernua hartzen ari den neurriekin baztertu egiten direla erdaldun elebakarrak, eta «harmoniaren, errespetuaren, aukera berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde» egingo dutela manifestazioa larunbatean. Zera dute diskriminazioa salatzeko oinarri nagusia: lanpostu publiko batzuetan sartzeko garaian kontuan hartuko dutela euskara. Datuak argiak dira, hala ere. Hezkuntzan daude euskara betekizun gisa duten postu gehienak, eta hamarretik bat dira (%10,8); gainerako administrazio arloak hartuta, ez dira ehundik batera ere iristen (%0,9). Eta euskaldunak %13 dira Nafarroan 16 urtetik gorakoak; datozen urteetan areagotu egingo da portzentajea. Aldea bistan geratzen da datu soziolinguistikoak eta lanpostuak alderatzean. Euskara gaitasunik eskatzen ez duten 23.008 postu ditu Nafarroako Gobernuak: postu bat 20,4 erdalduneko euskara ulertzen dutenak ere multzo horretan sartuta. Euskara 2.953 lanpostutan eskatzen dute: lanpostu bat 23,4 euskalduneko. Eta ñabardura batekin: euskaldunak elebidunak dira, eta bi hizkuntzetan lan egiteko gai nahiz eta eragotzi egiten dieten arlo batzuetan. Hor berdintasunik eza.

«Harmoniaren, errespetuaren, aukera berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko» martxa aurkezteko agerraldia egin zuten asteartean deitzaileek. Makillajeak kendu zituzten: «Erriberan D eredua jartzea diskriminazioa da: kentzen dituzu adimen urrikoak, immigranteak... eta guay-ak geratzen dira, Eta, gainera, ederki ordainduta». Deigarri dira horrelako adierazpenak, ikusita zer dioten manifestuan: «Nahi dugu euskara askatasun osoz hitz egin eta ikasi dadin, errespetu eta adiskidetasun giroan». Hau ere esan zuten agerraldian: «Bultza dezakezu txistua jotzea, baina ezin duzu administrazioko oposizioetan exijitu». Horra desberdinkeria.

Biharko manifestazioak ezinegona eragin du gobernuan eta euskalgintzan. Hauteskundeetarako urtebete falta da, eta gudu zelaia are gehiago gogortzeko pausoa izango da, urratsak egiteko traba. Eta badago horretarako arriskua: geldialdian jausteko, beldurrak hartzeko, pausoak mantsotzeko. Adierazgarria da joan den astean Ahal Dugu-k ateratako ohar bat: «Herritarren kezken artean ez dago euskara». Arartekoaren txostena du argudiotzat: herritarren kexuetan gutxi direla euskararekin lotutakoak. Euskaldunen hizkuntza eskubideak nola urratzen diren maiz ohartarazi du Nafarroako Arartekoak berak, eta neurriak hartzeko eskatu ere bai: azkena, unibertsitate publikoan Erizaintza euskaraz ere eskaintzeko. Horra desberdinkeria, diskriminazioa, aukera berdintasunik eza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.