Antoni Segura i Mas.
Kataluniako prozesu subiranista. Manifestazioa. IRITZIA

Politikaren porrotaren epaiketa

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Asteartean hasi zen, Auzitegi Gorenean, politikari katalanen, Biltzar Nazional Katalaneko buruaren eta Omnium Culturaleko buruaren kontrako epaiketa. Gertakari hauetan izan zuten jokabidea epaitzen ari dira: 2017ko irailaren 20ko elkarretaratzea, Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egina, Poliziak eginiko miaketaz eta Generalitateko zenbait kargudunen atxiloketaz protestatzeko; urriaren 1eko erreferenduma; eta independentziaren deklarazio unilaterala, urriaren 27an egina. Matxinada leporatzen dietenez, 25 urteko kartzela zigorra ere ezar diezaiekete. Zentzugabekeria eta lotsagabekeria da, zeren eta, milaka lekukotzak eta Belgikako, Alemaniako eta Eskoziako legelari eta auzitegi ospetsu batzuek azpimarratu dutenez, ez baitzen izan batere indarkeriarik, ezta indarkeriara bultzatzeko saiorik ere, eta, beraz, ezinezkoa baita matxinada bat gertatu izana. Horregatik erretiratu behar izan zituen Pablo Llarena instrukzio epaile asmamentsuak, barregarri ez geratzeko, politikari katalan erbesteratuak atxilotzeko euroaginduak.

Defentsako abokatuek zalantzan jarri dute Auzitegi Gorenak aztertzea auzia, eta salatu dute kasua instantzia batean baino gehiagotan zatikatu izana, horrek defentsa gabezia eragiten baitu. Hala, delitu bera egotzita, Madrilen epaitzen ari dira Parlamentuko presidente Carme Forcadell, eta Bartzelonan, berriz, Mahaiko gainerako kideak. Era berean, salatu dute oinarrizko eskubideak urratzen eta Konstituzioko ia eskubide guztiak murrizten ari zaizkiela, ezinezkoa dutela epaiketako dokumentazio guztia eskuratzea, eta auzitegiko magistratuek ez dutela ematen «inpartzialtasun irudirik». Eta adierazi dute «independentismo katalanaren kontrako auzi orokor eta prospektibo bat» sortu dela, eta, azken batean, epaiketa politiko bat dela. Alegatu horiekin batera, gogora ekarri behar da: Auzitegi Gorenak ez duela baimenik eman aldibereko itzulpena erabiltzeko; eskuin espainiarra eta komunikabideen leizezulokoak epaiketa paralelo bat egiten ari direla (iraindu, kolpista eta delitugile deitu... alde batera utzirik errugabe presuntzioa); behin-behineko kartzela bidegabea oztopo bat dela defentsa prestatzeko; modu umiliagarrian tratatzen dituztela lekuz aldatzen dituztenean; debekatu dutela nazioarteko behatzaileak egotea auzian; frankismoaren nostalgikoa den eskuin muturreko alderdi bat dela akusazio partikularra —eta uzten diotela akusazio partikularra izaten—... Eta fiskaltzak ez du arrazoi sendorik eman defentsaren alegatua gezurtatzeko, gatazka horren konponbideak politikoa behar duelako izan, eta ez judiziala. Azken batean, politikaren porrot bat da epaiketa, Espainiako gizartearen porrot kolektibo bat, eta jokaleku horrek egokiagoa dirudi Espainiaren batasuna auzitan jarri izanaren ausardiaz mendeku hartzeko, sinesgarritasun demokratikoa lantzeko baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.