inaki petxarroman
ANALISIA

Txatarra

2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

Ez da izango Pasaia inguruko herritarrek eta eragileek abisatu ez dutelako. Portuan pilatzen diren gaien kudeaketaren inguruko kezka duela hamarkada batzuk hasi ziren azaltzen bizilagunak. Zama batzuen kudeaketa ezin litekeela egin orduan egiten zuten moduan: itsasontzitik hustu, portuko estali gabeko zoruan utzi, eta kamioiak etorri arte bertan edukita, besterik gabe.

Autoen hondarrak erre ziren atzo, erakundeetatik jakinarazi zutenez. Inor gutxik aipatu zuen zer arrisku zuten herritarrentzat urrutitik ikus zitezkeen ke zutabe erraldoiek. Berez, autoen txatarra ez dute hondakin arriskutsutzat hartzen, desegiteko tokietan bereizi egin beharko liratekeelako gai arriskutsuak eta ez-arriskutsuak. Baina atzo erre ziren materialen artean erregairik, pneumatikorik eta plastiko arrastorik ez bazen, ezinezkoa izango zen halako sute handi bat gertatzea. Nork kontrolatu zuen, beraz, ontzitik deskargatu zituzten auto txikituak arauak agintzen duen moduan zeudela? Kontuak kontu, ke zutabe horiek «arriskutsuak» zirela ohartarazi zuten erakundeek, hori bai, sutea piztu eta bi ordura. Orduan eskatu zieten eskualdeko herritarrei leihoak ixteko eta banatu zizkieten kearen aurkako maskarak.

Normala denez, Pasaia aldeko herritarren kezka larritu egin da atzoko sutearekin, baina behin ere ez da guztiz arindu. Izan ere, berez, duela hamarkada batzuk egiten zen antzeko kudeaketa egiten dute oraindik ere portuan hainbat enpresak. Zama gutxitu da, hori bai. Eta nabari da arrisku txikiagoa dagoela, baita ikatzezko zentral termikoa itxi zutela ere. Baina berriki onartu den Pasaiako Portuko Plan Bereziak ez du mugarik jarri hara sartu eta handik irten litezkeen salgaien inguruan. Eta kontua da zama batzuek kudeaketa neurri bereziak eskatzen dituztela, arriskutsuak direlako. Hala dira txatarrak, baina baita portura iristen diren beste zenbait gai ere, esate baterako, magnesitak, fosfatoak eta beste batzuk.

Herritarrek eta udalek eskatu diete portuari eta enpresei bitarteko egokiak jar ditzatela material horiek kudeatzeko, baina horrek inbertsioak eta gastuak eskatuko lituzke eta, jakina, mozkinak gutxitu. Portuak ere ez ditu behartu inbertsio horiek egitera, badakielako hala egingo balu enpresek alde egiteko arriskua legokeela. Baina Pasaiako portuak ageriko berezitasun bat du: hirigunean sartuta dago, eta, beraz, herritarren bizitzan eta osasunean eragin dezakeen kaltea galarazteko neurri bereziak hartu beharko lituzkete kudeatzaileek.

Izan ere, zantzu nabarmenak daude portuak eragin diola herritarren osasunari. Osakidetzak egindako atlas epidemiologikoaren arabera, Pasaialdeko herritarrek batez beste bost urte gutxiagoko bizi itxaropena dute gainerakoek baino. Baina, gainera, Osakidetzak berak eginiko beste lan batek erakusten du zenbait gaitzen eragina —minbiziarena, kasurako— handiagoa dela Pasaia aldean beste eskualde batzuetan baino; are gehiago, hango auzo batzuetan —Kaputxinoetan eta San Pedroko goialdean—, nabarmen handiagoa. Bi auzo horietara jotzen du eskualdean nagusi den mendebaldeko haizeak.

Funtsean, atzoko istripuak agerian utzi ditu Pasaiako portuak aspalditik dituen gabeziak eta hutsuneak. Eta erakundeek eta portu agintaritzak ezin dute esan ez dutela izan aukerarik lehenago haiei behar bezala heltzeko. Ea ekiten dioten, atzokoaren moduko beste bat gertatu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.