joxerra senar
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Astebete falta 'amesgaiztoa' ...hasteko?

2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Astebete geratzen zaie». Enrique Maia Navarra Sumako Iruñeko alkategaiak onartu du azkeneko lau urteak «amesgaiztoa» izan direla beretzat. Akaso, desioaz gain, zer gertatzera doan onartu du Maiak.

Legealdi osoan UPNrekin eskuz esku izan den PSNri zerua ireki zaio Pedro Sanchezekin. Normaltzat jo daiteke haren poza, hondoratuta zegoen alderdia gora begira jarri du eta. Alta, iragan asteko ekitaldian, PSNko agintari batzuen aurpegiei erreparatzean, begiek dir-dir egiten zieten. Politikan zorte ona ere behar da, eta sozialistek handia izan dute. Haien desioa da kanpaina lehenbailehen pasatu dadila, hankasartze handirik egin gabe.

Baina hankasartzea egin dute. Elkarrizketa batzuei ezezkoa eman daiteke, baina ezin dira galdera guztiak saihestu. Kanpainan, Maria Txibitek irmo esan du ez duela eskuina babestuko. Asteburuan, Radio Euskadiko eztabaidan, Aritz Agirrek galdetu zionean ea Navarra Sumako botoak jasotzeko prest ote den, erantzun zuen ez dagoela hori galarazten duen formularik. «Eta Voxenak?». (Isiltasuna). Eta berriro erantzun bera: «Ezin da galarazi beste baten botoak jasotzea».

Argi dago asmoa. Maiatzaren 27ra ahalik eta indartsuen heldu nahi dute, hordago partida hasteko: ni edo eskuina. Beldurra beti izan da amu ona salneurria jaitsi eta ahal den gehien lortzeko. Laukoaren kohesioa da PSNri dagokion baino indar handiagoa ez emateko tresna, baina ezin da baztertu kanpoko faktoreek kohesioa apurtzea. Kasu horretan, amesgaiztoa bukatu bainoago, hasi egingo litzateke. Hala ere,hipotesi dantza honetan, inoiz ez da ahaztu behar detaile nimiño bat: herritarrek dutela hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.