ARRANPLATIK

Konfiantzak

Niko Iurramendi.
2019ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Publiko egin den lehenengo mugimenduetarikoa izan da Urdaibaiko entrenatzaile Joseba Fernandezena —ez du jarraituko taldean hurrengo urtean—. Hark esandako hitzak hartuz, konfiantzaren garrantzia azpimarratu beharra dago. Erraz gal daitekeen zera da, eta berreskuratzea ez da ia inoiz kolpetik etortzen. Ziur, dezentetan errepikatzen dutela edozein jardunetan: «Egiten dena konfiantzaz eginez gero, askoz ere hobeto egiten da». Olatuen aurka zein alde aritzeko ere, arraunketa sendo eta konfiantzazko batek aurrera eramango du ontzia, inork ez baitu zalantza izpirik egin behar duen horretan. Eta olaturen batek trainerua geldiarazten badu ere, berriro martxan jarriko du taldeak.

Denboraldi amaierak intentsitate handikoak izan ohi direnez, konfiantza edukitzeko garrantzia izugarria izaten da. Eusko Label liga amaitzear dela, garailea Orio izango dela ia ziur esan dezakegu. Baina behe aldean jaitsierarako zuzeneko postua Astillero eta San Pedro taldeen artean puri-purian dago; aste bukaera bakarra falta da lehia amaitzeko, eta berdindurik daude biak. San Pedrok azken lau estropadetan Astilleroren aurretik egin du, eta eginiko lanean konfiantza izango dute arraunlariek estropadei aurre egiteko. Astillerokoak, aldiz, ekaitz baten erdian daudela dirudi. Hango arraunlarien egonezina eta lehendakariaren dimisioa aditzera eman dira jada. Hasiera onen garrantzia aipatu izan badugu ere, zer nahiago du batek, ondo hasi ala ondo bukatu? Biak, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.