Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Hasiera gogorra

2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
EHUko Informatika Fakultateko Ikerlari eta Irakaslea

Unibertsitate eta ikerkuntzaren mundutik at daudenekin hitz egitean konturatzen naiz gure mundua kanpotik oso modu ezberdinean ikusten dela. Ziurrenik ogibide guztietan izaten den fenomenoa da hori. Badakizue, urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Mundu akademikoaren osotasuna zutabe bakarrean jasotzea ez zait lan erraza iruditzen, eta, beraz, ez naiz saiatu ere egingo. Baina nahiko nuke gai konkretu bati eustea: doktoretza ikasleena. Zergatik? Ibilbide akademikoaren hasiera hori baita, hain zuzen ere, eta tamalez askorentzat oso hasiera gogorra izaten delako.

Doktoretza bat egiteko ohiko bidea beka batekin hasten da. Diru laguntza batera aurkezten diren hautagaiek elkarrekin lehiatu behar dute, arlo bakoitzean laguntza kopuru mugatu bat egoten baita. Laguntza arruntenak erakunde publikoek ematen dituzte, hala nola Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak. Krisiaren eraginez, doktoretza laguntzen kopurua nabarmen jaitsi zen; beraz, oso lehiakorrak bilakatu dira. Nota onenak dituzten ikasleek bakarrik lor ditzakete (gradua 8tik gorako batez bestekoarekin amaitzen dutenek, gutxi gorabehera).

Baldintzak, ordea, ez dira lerrokatzen horrelako exijentzia mailarekin. Doktoretza hautagaiei asko eskatzen zaie, oso gutxi emateko. Soldata baxuak, burokrazia itogarria eta ziurgabetasun handia eskaintzen zaizkie bikaintasunaren bilaketan murgildu nahi ditugun gazteei. Ez dirudi oso negozio erakargarria, ezta?

Gauzak horrela, ez da harritzekoa aspaldian argitaratu diren ikerkuntza batzuen emaitzak ikustea. Esaterako, Belgikako bi doktoregaitik batek arazo psikologikoak pairatzen ditu. Ez ditut gure herrialdeko datuak ezagutzen, baina jada entzun dut zerbitzu psikologikoaren laguntza eskatzea ez dela hain arraroa.Kontu izan doktore tesi bat ateratzeko doktoregaiek beraien lanak nazioarteko aldizkari eta kongresuetan argitaratu behar dituztela, besteak beste. Punta-puntakoetan argitaratzea oso zaila da, lehia itzela baita. Badaude zeharbideak, baina, eskuarki, epe motzerako apustuak izaten dira mundu akademikoan ibili nahi duenarentzat behintzat. Beraz, askorentzat estresa eguneroko bilakatzen da, zoritxarrez.

Ikusten duzuenez, honek ezin du arrakastaren errezeta ona izan. Ezin diogu jendeari bikaintasuna eskatu trukean baldintza eskasak eskainiz. Ezin dugu ikerkuntza apustu estrategikoa dela esan eta ondoren ikerkuntza horren oinarri diren doktoregaiak hain gaizki tratatu. Doktoregaiek egiten duten eguneroko lana da benetako ekoizpen zientifikoa bermatzen duena. Ezagutza berria sortzen duena. Ez ezazue pentsa bekadun direla eta egiten dutena ez dela garrantzitsua. Ikerlari handienek ezingo lituzkete beraien ideiak frogatu eta martxan jarri ez balitz beraien doktoregaien lanengatik. Ikerketa talde bat ez da ezer doktoregai talde indartsu bat gabe.

Oinarriak ongi finkatu behar dira eraikuntza sendo bat izateko. Ikerkuntza sistema indartsu bat beharrezkoa da berrikuntzarentzako. Bestela esanda, Silicon Valley ezin da ulertu Stanford Unibertsitatea gabe. Beraz, benetan nahi badugu berrikuntzaren alde apustu egitea, has gaitezen oinarriak zaintzetik. Zain ditzagun behar bezala gure doktoregaiak. Egon ziur emaitzak iritsiko direla eta gizarte guztiarentzat izango direla onuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.