Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Luxua

2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aste honetan, irailaren 30ean hasi eta urriaren 5ean amaitu, Passion for Knowledge ekitaldia izan dugu. Donostia hartuta ardatz gisa, baina Bilbo eta Iruñera ere hedatuz, punta-puntako zientzialariak ezagutzeko aukera ematen digu ekitaldi honek. Donostia International Physics Centerren (DIPC) eskutik, ekitaldi honek jada tradizio luzea du gure artean. Oker ez banago, 2005ean antolatu zen lehenbizikoz, orduan Albert Einstein Annus Mirabilis izenpean. Hamalau urte pasatu badira ere, ederki gogoratzen naiz egun haietaz, niretzat ere lehenengo aldia baitzen halako zientzialariekin gozatzeko aukera izan nuela. Donostiako Kursaalean guztiz liluratuta entzun nituen hitzaldi guztiak. Orduz geroztik, izen ezberdinen atzean, izpiritu bertsua jarraitzen zuten hainbat ekitaldi izan ditugu gurean, betiere DIPCren antolaketari esker.

Passion for Knowledge nahiko ez eta irailaren 19tik 20ra Naukas Bilbao ere izan genuen. Beste ekitaldi zientifiko erraldoi bat. Izaera nahiko ezberdinarekin, baina antzeko helburuarekin: zientzia jendearengana gerturatuz ongi pasatzea. Naukasen atzean bestelako pertsona batzuk dabiltza, zientziazaleak guztiak. Nik, ordea, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedra aipatu nahiko nuke, beraien lanik gabe ez baitzen Naukas Bilbao posible izango. Ekitaldi honek ere baditu jada zortzi bat urte. Amazings Bilbao 2011 izenpean hasi ziren eta orduan ere, ni han izan nintzen ikusle bezala. Beren arrakastaren neurri gisa, pentsa aurten Euskalduna Jauregian egin dutela ekitaldia, eta hainbat pertsona kanpoan geratu zirela tamalez, lekurik ez baitzegoen. Euskalduna bete zuten alajaina! Orain dela urte batzuk norbaitek esango balit horrelako agertoki bat beteko zela zientzia hitzaldiak entzuteko, ez nuke sinetsiko!

Passion for Knowledge eta Naukas Bilbao gurean egiten diren zientzia ekitaldirik handienak eta nabarmenenak dira. Luxu hutsa. Baina kontua da ez direla bakarrak inondik ere. Euskadiko hiri eta herrietan ekitaldi pilo bat izaten ditugu urtean zehar. Izugarrizko eskaintza dugu gure inguruan, eta hori, nire uste apalean, luxu aparta da. Kultura zientifikoa ez dugu inoiz hain eskura izan. Ez da inoiz hain dibertigarria eta gertukoa izan. Hein handi batean, dugun eskaintza kantitatea eta baita kalitatea ere, bi eragile nagusiri zor diegu: DIPCri eta Kultura Zientifikoko Katedrari. Zalantzarik gabe, bi erakundeok talde-lanean oinarritzen dute beren arrakasta. Langile finak daude bi erakundeetan, kultura zientifikoa hedatzeko lan asko eta ona egiten.Baina ezin ahaztuko ditugu bi lantaldeen buruak: Pedro Miguel Etxenike (DIPC) eta Juan Ignacio Perez (Kultura Zientifikoko Katedra).

Bata zein bestea, maila itzeleko pertsonak dira. Niretzako, zientziatik haratago, jakintsuak dira. Marrazki bizidunetan agertzen diren bizar zuriko gizon jakintsu horien isla. Askotan izan dut beren hitzaldiak entzuteko eta artikuluak irakurtzeko aukera, ia beti antzeko sentipen batekin: ez dutela hitz bat bera ere alferrik esaten. Hausnarketa sakonak plazaratzen dituzte, ez zientziaren inguruan bakarrik, baita gizartea, politika eta bestelako gai esanguratsuen inguruan ere. Gainera biek dute oso presente kultura zientifikoa hedatzea zeinen garrantzitsua den. Hori aldarrikatzeaz konforme ez eta beraiek hasi ziren gaur egun hain arrakastatsuak diren ekitaldiak antolatzen. Bi jakintsu hauek gure artean izatea bai dela luxua! Urte luzez iraun dezatela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.