Danel Agirre.
SASKI DA!

Guztientzat bada, ez da zorte txarra

2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Eta irailetik, 34 jardunaldi. Euroliga eraberrituak hirugarren sasoia du aribideko hau. Hiru dira, halaber, bitarte horretan Saski Da!-k gaur egungo formatuari buruz bildutako ondorio nagusiak ere. Lehenik eta behin, askoz txapelketa gozagarriagoa da, garrantzirik gabeko partiden kopurua murriztea lortu delako. Lehiakortasun horrek, ordea, ez du espero zen susperraldirik eragin oraindik partaide diru-sarrerengan. Klubek dirua esku beteka galtzen jarraitzen dute, bat baino gehiago kinka ekonomiko larrian dago, eta jokalarien kontratuak ez dira behar moduan errespetatzen. Azkenik, dagoeneko eztabaidaezina da denboraldia gutxienez hamalau pieza erabilgarrirekin hasi beharra dagoela. Egutegi berriak porru egiten ditu jokalariak, eta lesioak dagoeneko ez dira ezbehar, bidelagun saihetsezin baizik. Baskoniaren zaleak pentsa lezake bere taldea zorigaiztoko sasoia nozitzen ari dela. Arerioetan arreta ipini baino ez du behar, ordea, jabetzeko bere susmoa okerra dela: guztiei falta izaten zaizkie ale garrantzitsuak, gasteiztarrena baino aulki jendetsuagoarekin ere. Ausarkeria izan zen Jayson Granger, Patricio Garino eta Toko Xengeliaren hauskortasuna gutxietsi eta errotazio motzarekin sasoiari aurre egitea. Lesio luzerik gabeko denboraldi bat aukeren artean zegoen, baina ez zen inola ere probableena. Hemezortzi partaiderekin, urritik aitzineko Euroligak 34 jardunaldi izango ditu. Baskoniak jokalari gehiago erabili ahal izateko modua topatu behar du. Espainiako Zilarrezko LEBligako bigarren taldea litzateke bitartekorik aproposena,ACBrako kupoak trebatzea ere ahalbidetuko lukeelako, baina azken urteetan eratutako egitura horri azken bultzada falta zaio behar den moduan funtzionatzeko.

Batek min, besteak mozkin. Lesioek zeharkako seismo txikiak eragin ohi dituzte, ez guztiak kalterako. Xengeliaren hutsune luzerik gabe, esaterako, nekez gozatu ahal izango genuke azkenaldiko Johannes Voigtmann zoragarriaz. Xengeliak min hartu baino lehenago, ACB eta Euroligan jokatutako 29 partidatan, Turingiako pibotak zortzi bider baino ez zuen pilatu hamar puntuko baloraziorik. Ordutik, behin baino ez da geratu langa hori gainditu gabe. Emari estatistikoaren erabateko iraulketaz harago, aurpegiera ere argitu zaio. Duela hiru hilabeteko jokalari zalantzati eta etsigarri hura ez da berriro agertu Buesa Arenara, eta egungo Voigtmann Euroligako ikuskizunik gozagarrienetakoa da. Noiz arte, batek daki. Litekeenaren barruan dago, tamalez, bere emaria berriz apalduz joatea apirilean Xengelia itzultzearekin bat. Taldeen kimikak keria bitxiak ditu. Nolanahi ere, eskaintza eskuzabalik ez zaio faltako Voigtmanni udan, bere ahalaren erakusle.

Ez zen batere ideia ona. Lesioak ezein denboraldiko gidoian kontuan izatea komeni bada, Gipuzkoa Basketen sasoi honetako plangintza suizidatzat jo daiteke. Bostekoko lau postu lesio larriak igarotako jokalarientzat gorde zituen. Pibotak —Vitor Faverani— ez du debutik egin. Antolatzailea—Jorge Gutierrez— ez dago jada Donostian, fitxatzerako jakinarazi zuen belauneko ebakuntza batetik osatu ondoren maila kaskarra azaldu eta gero. Onenak emandako hegalekoa—Alberto Corbacho— elitean beharrezkoa den mailatik oso urrun denaz jabetu, eta GBCk ordezkoa fitxatu behar izan dio. Hegal-pibota —Beqa Burjanadze— da aurreikusitako rola betetzera ailegatu den bakarra; urte eta erdi geldirik ematetik zetorren, ordea, eta denboraldiaren bi heren pasatu dira bere dohainak erakustera iritsi denerako. Matic Rebec eta Nick Zeisloft ez dira inor txunditzeko fitxaketak, baina, sasoi osoan lehenbizikoz, GBCk lantalde zentzuzko eta guztiz funtzionala du asteotan. Pilatutako desabantailak oso zail bilakatzen du salbazioa, eta errezeloa automatikoa da: kirol zuzendaritzak sasoi-aurretik jokatzeko moduan zeuden hamabi laguneko taldea osatu izan balu, GBC lauzpabost postu gorago legoke akaso, eskuragai zeuden jokalariek azaldu prestutasuna kontuan izanda. Henk Norelena —partida bakarra ez du jokatu Breoganekin— errepikatzen saiatzea ez zen batere ideia zentzuzkoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.