inaki petxarroman
Udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina. BOZ GORA

«Ereduen» arteko talka Gipuzkoan

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJren foru bozetarako hautagaiak garbi adierazi du zein den, haren ustez, maiatzaren 26ko lehiaren ardatza: «Bi ereduren arteko talka izango da; batetik, ezker abertzalearena, krisi ekonomikoak eta proiektuen trabatzeak ezaugarritutakoa; eta, bestetik, EAJrena, herritarrekiko gertutasuna eta elkarrizketa, suspertze ekonomikoa eta proiektuak martxan jartzea ardatz duena».

Zuri-beltzeko argazki horren oinarrian egingo du EAJk kanpaina, horrek emaitza onak emango dizkiolakoan. Hala hasi da ahaldun nagusia hura, eta bide beretik jarraitu diote herri handi batzuetako hautagai batzuek ere. Bi ereduak bateraezinak dira, nonbait, Euskal Herriaren aldeko herri estrategia bat martxan jarri ahal izateko. Irrati bati eskainitako elkarrizketan, Olanok adierazi du hainbat gairen inguruan sortutako zauriek arrasto sakona utzi dutela, eta denbora beharko dela sendatzeko. Bidegi auzia eta hondakinen inguruko gatazka aipatu ditu, esate baterako. EH Bildu muturreko eskaintza «iraultzaileekin» loturik ikusten du Olanok, eta horrek urruntzen du bi familia abertzale nagusien gerturatze posible bat.

EH Bildu ezker abertzaletik haragoko errealitate bat da, eta EAJk nahita mugatzen du alderdi bakar batera, badakielako horrek iraganeko pasarte deseroso batzuekin konektatzen dituela zenbait boto emaile. Beldurraren estrategia horrek onura handia egin die jeltzaleei. Pixkanaka-pixkanaka, PP eta PSE-EEren boto-gotorlekuak urtzen ari dira itsaso jeltzalean, eta joera horretatik edaten jarraitzeko asmoa dauka. Horretarako, baina, amu bat behar du: moderazioa eta patxada erakutsi nahi ditu ezker abertzalearen «proiektu erradikalaren» aurrean. Horretarako, noski, sine die atzeratu beharra dago herri estrategia deitzen duten hori, hau da, bi mundu abertzaleek bat eginda Maltzagaraino elkarrekin egin dezaketen bidearen aukera. Eta, zalantzak uxatze aldera, esplizituki aipatu du PSE-EE dela bere lehentasunezko bazkidea gerorako ere. 155.aren blokeko alderdietako batekin gobernua osatzeko asmoa adieraztea botika bat da EAJra hurbiltzen ari diren sektore espainolistak lasaitzeko, eta erakusten du, besteak beste, joan den agintaldian Kataluniako prozesuaren harira Markel Olanoren eta Denis Itxasoren artean plazaratutako tentsioak ez zirela horren eramangaitzak.

EH Bilduk emaitza onak izan ditu apirilaren 28ko Espainiako hauteskundeetan. Gipuzkoan 96.000 boto lortuta, erraz hobetu ditu 2016ko emaitzak (27.000 boto gehiago), nahiz eta urrun geratu Amaiurrek 2011n lortutako sabai historikotik (130.000 boto). Alabaina, Espainiako bozak ez dira izaten ezkerreko koalizio subiranistaren jokalekurik gustukoena. Historikoki askoz erosoago eta hobeto aritu izan da udal eta foru hauteskundeetan. Eta EAJk badaki. Horregatik, EAJren kanpainaren ardatza hauxe izango da: duela lau urte horren emaitza ona eman zion Bilduren aurkako beldurraren botoa astintzea. Badaki parte hartze handia egoteak onura egingo diola, bereziki boto gehien pilatzen diren hirigune handietan (Donostia, Irun, Eibar...). Aldiz, haren boto emaile potentzialak lasaitzen badira, eta abstentzioa handitzen bada, baliteke lehia estutzea. Oso zaila da Batzar Nagusietako gehiengoa EAJtik eta PSE-EEtik aldentzea, baina EH Bilduk lortuko balu EAJ gainditu eta gehien bozkaturiko alderdia izatea, lehen kolpea joko luke Gipuzkoaren taula politikoan. Etajeltzaleak behartuko lituzke nabarmenago geratzera, noiz eta gipuzkoarrek ezkerreko koalizio subiranistari emango lioketen konfiantza gobernua osatzen saiatzeko. Agertokihori eragoztea da jeltzaleen helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.