Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Sostengua, babesa, konfiantza

gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Unai Rementeriaren Andoni arrain saltzaileak eta Iñaki Anasagastiren Charlie Otegiren aingeruek ostendu egin dute, ordu batzuez bada ere, hauteskunde kanpainan hasi zenetik sare sozialetan puri-purian egon den beste eztabaida: Carles Puigdemont buru duen JxC Junts Per Catalunya zerrendak nolako emaitzak izan ditzakeen Hego Euskal Herrian Europako Parlamenturako hauteskundeetan.

Kanpaina hasi bezain pronto, mezu ugari barreiatu dira sarean, euskal herritarrei Puigdemont presidentea buru duen zerrendaren aldeko botoa eskatzeko. Bi multzori zuzendu dizkiete mezuak: alde batetik, Kataluniako prozesua begi onez ikusten duten euskal subiranistei elkartasunerako deia egiten zaie, nabarmenduz Puigdemont Espainiako Estatuaren jazarpena pairatzen ari dela eta hari emandakoa dela «Espainiari min handien egiten dion botoa».

Beste aldetik, EAJren ohiko boto emaileak ere begiz jo dituzte: JxCrekin koalizioa egin ez izanak garesti jarriko dio Izaskun Bilbaori Europarako bidea, eta gerta liteke hari bideratutako boto guztiak alferrik galtzea. Jeltzaleek Europakoetan Puigdemont aukeratzea, elkartasun keinua ez ezik, boto horiei balioa emateko modua ere litzateke, aukera horren aldekoen iritziz.

Haserrealdiren bat ere ekarri du eztabaidak. Baina hauteskundeak igaroko dira, Kataluniaren eta Euskal Herriaren nazio aldarrikapenek hor jarraituko dute, eta bi herriek inoiz baino beharrezkoago izango dituzte elkarren sostengua, babesa eta konfiantza. Hori lehenetsi beharko luke estrategia subiranista bat abian jarri nahi duen edonork, Katalunian zein Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.