Libe Mimenza Castillo.
Euskaraldia. IRITZIA

Klika ezank euskarazko prentsa

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Iratzargailuak, ohi bezala, goizeko albistegiaren laztana dakar, sintonia ezaguna, etxekoa den kazetariaren ahotsa, Egun on diotsu, gaur ere, euskaraz. Nazioarteko uretan gertatutako azken gerra imintzioa, eguraldi iragarpenari estu lotutako errepideen diagnostikoa. Ogi apurrak harraskan astindu eta etxepeko tabernako kafea hartu duzu esku artean. Telebistan eskumenak hizpide. Hizkuntza transferentziarik gabeko solasa, euskaraz ari dira ozen. Autobuseko zortzigarren eserlekuan daukazu hutsune bat zain. Bidaide gazteak zure egunkariko azalean ageri den gai bera dauka pantailan —bideoan—, beste mintzaira batean, baina hizkuntza berean. Itxoin apur bat! Ezin da egia izan, detaile batek huts egin du amets honetan: astelehenetan ez daukagu euskarazko egunkaririk.

Arrotzegia litzaiguke euskaraz betetako menu mediatikoa; ez gaitu, badaezpada, antonimoak asaldatzen. Euskara gure jendartearen ardatz bihurtuko bada, hain zuzen, eskolako hizkuntza izateaz gain, lanekoa, etxekoa, kalekoa eta baita komunikabideetakoa ere izango da. Sinonimoak behar ditu gure herriak.

Egunotan, zorionez, hedabideetan ere nabaritu da Euskaraldia. Hala elebakarretan, nola ez elebakar zenbaitetan. Batzuek ekimenaren inguruan informatzea erabaki dute, xehe-xehe, erdaretan izanda ere. Beste batzuek, konplexuei harramazka eginda, aldatu dute ohiko zaien elebitasunaren oreka ekilibrista. Beste zenbaitek, gainera, euskaratik eta euskaraz eduki bereziak lantzeko ahalegina egin du, egiten dihardu, eta hala ekingo dio biharamun honi ere.

Eskaintza eta eskaria ez dira merkatuaren neurgailu bakarrak, baina komunikazioaren sektorean ere bada fiskal edo abokatu bihur daitekeen epaile gupidagabe bat, hau da, audientzia. Lege guztiak berridazten ari da erabiltzailea izendatu den irakurle/entzule/ikus-entzule garaikidea. Hala ere, oraindik ez dakigu zenbat garen. Hori bai, inoiz baino datu gehiago ditugu, eta ariketa eraldatzaile honetan berria dena honako hau da: badakigu gutxienez 220.000 lagun ditugula prest euskarazko edukiak jasotzeko. Ulermenaz harago, konplexuak alboratu eta ekiteko urratsa emateko konpromisoa hartuta aritu diren be-rre-hun-e-ta-ho-gei-mi-la lagun. Historiko izenondoa atsegin ez duenarentzat ere ukaezina da, behintzat, audimetria lagin baterako talde mardul bat badela abiapuntuan. Horien guztien euskaraz bizitzeko eta euskararen alde egiteko lanabes izan bedi euskarazko komunikabideen sare indartsua.

Are, edozein hizkuntza ikasten ari denak badaki zer beharrezkoak diren hedabideak ikasketa prozesuan. Erabilera zabaltzeko, pentsaera euskaraz sustraitzeko, mundu ikuskera propio eta beregain bat eraikitzeko —glokal aroaren erronketara lokala ondo ardaztuta egokitzeko—.

Beraz, ez dezagun ahaztu, erabilera hipotesi gabeko baieztapena da. Euskarazko komunikabideak ez dira kontsumi ditzakegun guztiak, baizik eta kontsumitzen ditugun horiek baino ez. Horra Euskaraldia igaro ondorengo hamabigarren egunerako erronka: ba al zara euskarazko hamar komunikazio-produktu kutun aipatzeko gai? Eta zuen ingurukoek asmatuko al lukete bizpahiru nabarmentzen?

Hasteko, maite duguna zaintzeko erakutsi zigutenez, harpidetzak oparitzen has gaitezke, edo gure pantaila aurreko ordu luzetan euskaraz klika eta klika. Urrutiko agintea eskuan dugula badakigu, ezta? Hartu kontrola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.