Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Asteasun, astea sutan

2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bilatzailean ez da emaitza bera jasotzen Lopetegi edo Lopetegui idatzita. Ez da gauza bera As, Marca, La Vanguardia edo BERRIA irakurtzea. Asteasun galdezka aritu eta jaso diren erantzunen hautaketak ere ez du zerikusirik komunikabide batean eta bestean.

Asteasun bizi naiz, bai, Asteasun. Mundu mailan hitzetik hortzera dabilen entrenatzailearen jaioterrian. Eta ni ere atera naiz plazara, eta gertatu dena erlatibizatzeko eta ulertzeko nahia irakurri dut Julenen gertukoen begietan. Iritziak iritzi, ezin adostasunera iritsi. Gertukoek errespetua eskatzen dute Espainiako selekzioko entrenatzaile kargutik bota dutenarentzat. Zenbait futbol talderen atzea zaindu duen atezaina atzea bistan geratu dela diote beste batzuek.

Asteasuko kiroldegiaren horman Gane o pierda EspaƱa es una mierda idatzia agertzen dela irakurri dut egunkari batean. Julenek Ocho apellidos vascos dituela baina Espainia ordezkatzen ari dela nabarmendu du beste egunkari batek. Asteasu eta Julen euskaldunak izan arren, oinarrian dagoena zer den jakinarazi nahi al digute? Herriko neska-mutilek esku artean Espainiako selekzioko albumak osatzea helburu dutela ohartarazi, beharbada? Gure kontraesanak bistaratzea edo euren egia inposatzea. Zein da helburua? Eta intentzioa?

Familiako jatetxeko parrilapeko sua zaintzen txikitatik ikasi zuenak sua piztu du Real Madrilekin hitzarmena izenpetu duela jakitean. Tratuak eta gauzak egiteko moduan ez omen du asmatu. Ni hor ez naiz sartuko.

Muskerraren bidean oinez noala izan ditudan pentsamenduak dira hauek denak. Talde gorria utzi eta zurirako bidean arrastaka irudikatu dut Julen. Narrasti askok larrialdi egoeretan ihes egin dezakete isatsa bertan utzirik, gerora berriz ere hazteko esperantzan. Aurrez aurre abiadura handian datorkion suzko esferak ez bekio eraiki eta babesten duen sarea zula, eta atzea orain arte bezain ondo zain dezala baino ez diot opa, aurreiritziak aurreiritzi eta kontraesanak kontraesan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.