Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Mamu-ehizan

2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Askoz lasaiago geratu nintzen, baina askoz, joan den astean irakurri nuenean Espainiako Segurtasun zuzendari berria Pedro BaƱos dela, militar bat, Iker Jimenez showman-aren telebista saioan mamuak bilatzen aritutakoa. Lasaiago geratu nintzen, baina ez Espainiako segurtasunagatik, ezpada egunkari honengatik: Pedro Sanchezek fitxaketa hori egin badu, hain larria ere ez da izango BERRIAk futbolaz tutik ere ez dakien zutabegile bat fitxatzea Munduko Futbol Kopari buruz idazteko.

Jakina, egunkari honetako arduradunek ez zuten nire ezaugarri horren berri: futbolaz ez jakiteaz gain, gustatu ere, ez zaidala fitsik gustatzen. Eta esan nezakeen ezetz, karguari duintasunez uko egin; baina une batez Lee Chun Soo korearrarekin gogoratu nintzen, berak ere lotsa handirik gabe eman baitzion baiezkoa Realari, gutxi gorabehera nik BERRIAri emandako eran. Beraz, lasaitu nintzen batekin, lasaitu nintzen bestearekin, eta, azkenik, hona hemen ni, erabateko iruzurraren ordezkari, oraindik egin ez dudan pupuan trapua jarrita, zer gerta ere.

Baina, futbola ez gustatuta ere, Munduko Kopekin beti gozatu izan dut, ziurrenik munduko tentsio politikoen eskala txikiko gerra-simulakroak iruditzen zaizkidalako partida hauek. Gaurko Errusia-Saudi Arabia partidak, adibidez, petrolioaren etorkizuneko prezioa erabakiko du. Berdindu egingo dute, hori ere argi esaten dizuet (porraren bat egin nahi baduzue ere), petrolio-esportatzaileen kaobazko mahaietan sinatutako aliantzak ez direlako jolastxo ziztrin baten erruz hondatu behar. Baina berdintzen ez badute ere, etzi hemen izango nauzue berriro, duintasun gutxirekin baina are lotsa gutxiagorekin, mamuak ikusten segitzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.