Euskaraldia. IRITZIA

Iturri txikiak, urte osoko euria behar

Juanjo Allur Dorronsoro
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Elkar Fundazioak enkargatuta, Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohiturak aztertzeko ikerketa bat egin genuen iaz Siadeco Ikerketa Elkartean, eta hautsak harrotu zituen, euskaldunon unibertsoan bakarrik bada ere. Euskaldun gehienek ez dute euskal kultura kontsumitzen. Noski, kultura ezin dugu mugatu liburu eta musikara bakarrik, merkatuko kontsumo batera bakarrik. Kultura hori baino askoz ere zabalagoa da.

Euskal Herriko kultur merkatuaren kontsumo datuak ez dira txarrak, inguruko herrialdeetan adina edo gehiago ere irakurtzen da hemen, eta elebidunen artean irakurzaletasuna handiagoa da, gainera; baina kontsumo hori ez da euskaraz egiten, ez behintzat espero zitekeen adina, edo herritar elebidunen kopurua hazten ari den adina. Euskaraz zein erdaraz, liburuak ohituraz irakurtzen dituzten 15 urtez gorako herritarrak 1.500.000 inguru izanik, euskaraz argitaratutako liburuen merkatua ez da 160.000 laguneko langatik igarotzen. 16 urtetik gorako Euskal Herriko herritar elebidunak 750.000 inguru badira, euskarazko prentsa, irakurzaletasuna eta musika kontsumoa, hiru baldintza horiek ezarrita, euskarazko produktuen erosle eta kontsumitzaile fidelak diren herritarren nukleoa 40.000 lagun ingurukoa baino ez da.

Zergatik dago halako aldea euskarazko kultur produktuen kontsumoaren eta merkatu potentzialaren artean? Lehen erantzuna: euskarazko kultur produktuen merkatu potentziala herritar elebidun guztiek osatzen dutena baino txikiagoa delako. Euskaraz gehiago zergatik ez duten irakurtzen galdetuta, ohiturarik edo erraztasunik ez izatea aipatzen da gehien. Euskara jakitea ez da aski euskarazko kultur edukietara jotzeko. Euskal kultura transmititzeko, kultur zaletasuna pizteko eta kulturarekin gozatzeko, testuinguru soziolinguistiko jakin bat eta beste gauza asko behar dira.

Aztertzen badugu zer hizkuntza ezaugarri diren funtsezko euskara erabiltzeko eta euskarazko kultur produktuak kontsumitzeko, alde handia dago euskaldun zaharren eta euskaldun berrien ohituretan. Azken hamarkadetan asko hazi da euskaraz ulertu, hitz egin, irakurri eta idazteko gai diren biztanleen kopurua, baina hazkunde hori euskara eskolan bigarren hizkuntza gisa ikasi duten belaunaldi gazteei esker gertatu da batik bat. Euskara gaitasuna oso ezberdina da bide naturaletik edo bide kulturaletik jaso. Ibilbide naturalak etxeko erabilera du abiapuntu; ibilbide kulturalak, hizkuntza ikasteko motibazioa. Baina bide kulturaletik euskara eskolaren bitartez bakarrik jasotzen ari diren euskaldun berriak motibatuta al daude euskara ikasteko? Izatekotan, haien gurasoek dute seme-alabak euskaraz eskolatzeko motibazioa. Hori horrela, euskaldun berri horien euskara gaitasuna ere erabilerari lotua dago, eta erabilera hori eskolakoa bakarrik bada eta beraz oso mugatua, nola lortu, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-ek definitutako hizkuntzaren garapen osorako behar den hiztunen komunitate hori? Alegia, erabilera osoa, ezagutza osoa eta motibazio osoa batera dituena? Gizartearen eremu guztietan, erabiliz hizkuntza ikasten duen hiztun komunitatea, eta horrez gain, hizkuntzan oinarritutako nortasuna ere garatzen duena?

Kultura guztietan, eta Euskal Herrian ere bai, kultura etxean, eskolan, gertuko komunitatean transmititu izan da. Oraintsu arte, ahoz egiten zen transmisio hori; orain, ordea, eguneko 24 orduetan pantailetara konektatuak gaude: smarthphone, smarth tv, smart shopping... Herritarren eta bereziki gazteen erreferentzia sozialak, influencerrak, beste batzuk dira orain; kultur transmisioaren kanalak, bitartekariak eta edukiak abiada bizian ari dira aldatzen. Erdal kulturak etxe barruraino sartu zaizkigu, euskal kulturaren transmisiorako babesguneak arriskuan jartzeraino. Hizkuntzak ez dira komunikazio tresna hutsak bakarrik: mundua ikusi eta ulertzeko moduan eragiten dute. Kultura batzuek irabazten dutena besteek galtzen dute. Hala ere, mundu zabaleko txoko guztietatik datozkigun aldaketen aurrean, moldatzen jakitea beste aukerarik ez dugu, bizimodua aldatu arren katea eten ez dadin.

Egoera soziolinguistikoarekin eta globalizazio prozesuarekin lotutako faktoreez gain, elementu asko aztertu beharko lirateke jakiteko euskaldun gehienek zergatik ez dituzten lehenesten euskarazko kultur produktuak; hala nola hizkuntza ezberdinetako produktu eskaintza, produktuen eskuragarritasuna, ikusgarritasuna eta beste hainbat faktore.

Gogoetatxo bat ikusgarritasunari buruz. Inoizko sormen artistikorik ugari eta aberatsena dugu Euskal Herrian, euskaraz eta euskaratik sortua. Hedabideek lehen handia dena hauspotzen dute, eta txikiak ez du ikusgarritasunik. Zentzu horretan, euskarazko hedabideek eta euskaratik sortutako kultur industriek berebiziko garrantzia dute, horretan ez dago zalantzarik. Baina, gutxi izanda ere, euskal kulturak asko ematen duela deskubritu dugun kontsumitzaileok behar adina transmititzen al diegu gure ingurukoei? Gutxi garela, eta oraindik ere, ez al ditugu geure buruak txikiago egiten? Abertzaletasun sentimenduarekin edo gabe, euskal kultura modu diferentean biziko da, baina bizitzea da kontua. Euskarazkoak transmititu egin behar du, emozionatu, hizkuntzarekin gozatzen lagundu, euskarazkoa delako, eta beste gauza on asko ere transmititzen dituelako.

Euskal kulturaren iturria iturri txikia da, eta ura emango badu, urtearen 12 hilabeteetako euria behar du. Abenduko euri jasarekin ez da nahikoa; kolpeko eurite horrekin, nahiz eta asko dela iruditu, urak lurrazaleko bidea egiten du, axalekoa, eta etengabeko jarioa behar duen iturritxoa denbora gutxirako hornitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.