Danel Agirre.
SASKI DA!

Haiek ez dute Buesa Arena

2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Utzi epaileak zaleen esku. Joan den osteguneko garaipen apartaz gozatu edo aste honetako hitzordu zirraragarrirako prestatzen egon beharrean, konspirazio teoriei tiraka energia xahutzen eman dute asteburua Baskonia zale ezkorrenek. Euroligak nola edo hala ACBko hiru talde Lauko Finalerako sailka daitezen eragotzi behar duena sinetsita daude batzuk. Beste hainbestek ezin dute ahantzi CSKAk final-laurdenetako hamabost kanporaketa jarraian gainditu izana, eta epaileek handi-mandiaren estatusa errespetatzeko modua topatuko dutena sinetsita daude. Guztientzat abisua: Kurbanov, Hunter eta Hinesen takateko andana adierazi gabe geratuko dira, bai bihar eta bai ostiralean ere. Ezer bainoago, biak ala biak arbitratzeko lehia amorratu zailak izango direlako. Hasterako abantaila objektibo bakarra duena Baskonia da, ordea: Buesa Arena irakiten egoteak hamar puntu estra emango dizkio bere taldeari, Megasport Arena ezin txepelagoak CSKAri ez bezala. Etxekoek bertigoa sentitu dezaketen moduan, porrot egundokoa litzatekeenaren zama nabarituko dute noizbait aurkariek. Motibazio osoa eta aztoramendu erabatekoa bizipen sabelkideak dira. Lehenengo egoeratik bigarrenera ez igarotzeko, jokalariek ezinbestekoa dute epaileen akatsei ez ikusiarena egin eta protestak harmailaren esku uztea.

A plana zein ote du Itudisek. CSKA talde arras nahasgarria da sasoi honetan. Clyburn eta Higginsen emariarekin are kontrolaezinago bilakatu da, eta tarteka ukiezina dirudi. Erasoa trabatu diotenean, larrialdietarako heldulekua zein duen ez jakitearen traza igorri du, ordea. D, E, F eta ia Zra arteko planak ditu Dimitris Itudisek, baina A hizkiduna —azken laurdenetan erabili beharrekoa— zein den ez du hain argi, Rodriguez eta De Colo elkarrekin erabiltzeaz gehiegi ez delako fio akaso. Vildoza eta Huertas faltekin zamatu nahiko ditu bihar berriz, serieko lehenbizikoan bezala, CSKAk saskipeko sestra irabaztea zail duela jakitun.

Utzi Beqari hitz egiten. Gipuzkoa Basketek jaisteko azken igurtzia jaso gabe jarraitzen badu, Sergio Valdeolmillosen jardun txukunagatik ere bada, hein batean gutxienez. Harmailaren estimurik ez du inoiz eskuratu GBCko entrenatzaileak, baina jokalariek amore eman gabe lanean jarrai zezaten lortu du beti, tarte handiarekin ligako multzo kaskarrena zirenean ere bai. Valdeolmillosen gabezia nabariena partidetako azken jokaldien kudeaketa da. Hutsarteetan kantxara egin behar duen bostekoaren iritzia entzutea gustatzen zaio, eta nahasmena baino ez du eragiten sarri. Jokalariek estutu batean itxaron ohi diote zirt edo zart egin erabakitzen duen uneari. Eskerrak beste entrenatzaile ofizioso bat ere baduen GBCk. Garrasika, Beqa Burjanadzek argibide zehatz askoak bota ohi ditu hutsarteetan, Valdeolmillosenak berarenak baino zentzu handiagoz sarri. Urrea balio duen taldekide horietakoa da.

Loraldia baliatzeko modua. Bigarren urtez jarraian, ez da euskal talderik emakumezkoen ligako finalerdietan. Hala eta guztiz ere, aspaldiko sasoirik onena da aurtengoa gurean andrazkoen saskibaloiarentzat, ezbairik gabe. Emaitzengatik bainoago, harmailek azaldu izan duten itxuragatik, eta euskal ordezkariek beren komunitateetan eragiteko azaldutako ahalmenagatik. Hainbatentzat, gizonezkoen eliteko lehiaketen ustelkeria arbuiatzeko erresistentzia bilakatu da emakumezkoen txapelketak jarraitzea, kirolaren benetako erro eta balioetara itzultzeko modu bat. Jarduera profesionalez ari gara ordea, atletek jasandako eskakizunei dagokienez behintzat. Datozen sasoietarako erronka nagusia, inflexio puntu honen bultzada baliatu eta harrobietatik irtendakoei lansari aproposak ordaintzen hastea da. Diru-sarreren susperraldi apal oro etxeko jokalarien gizarte-segurantzako kotizazioak txukuntzera bideratu behar lukete klubek, eta ez bizpahiru lehia gehiago irabazteko ahalegin itsuan amerikar garestixeago bat fitxatzera. Bestelako kirol profesional bat, egiazkoagoa eta auzokoagoa, posible dena frogatu nahi bada behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.