Danel Agirre.
SASKI DA!

Guztioi ari zaigu zerbait pasatzen

2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Tabua zirudiena. Kevin Love Cleveland Cavalierseko hegal-pibotak artikulu bat argitaratu berri du, Guztioi ari zaigu zerbait pasatzen izenekoa. Testua, aitorpenaz gain, gonbita ere bada. Love terapian dabil partida batenerdian antsietate krisiak jo zuenetik. Eta zuzenean partekatu nahi izan ditu bere kasuaren xehetasun guztiak, atleta profesionalen artean tabua dirudien ongizate mentalaren mintzagaia jendarteratu eta ekarpen berriak plazaratzea zirikatu asmoz. Lovek idatzian aitortu du asko baretu zuela DeMar Derozan Toronto Raptorseko hegalekoaren testigantzak. DeRozanek duela gutxi azaldu zuen gaztetatik depresioari aurre egiten ikasi behar izan ziola: hoteletako gau luzeetan, bere baitako deabruen bisita izaten omen du sarri. Alemaniako eta Arsenaleko atzelariak, Per Mertesackerrek, kontatu berri du berebiziko arindua sentitu zuela etxean jokatutako 2006ko Munduko Kopako final-erdia galdutakoan. Finalaren zain eman beharreko orduetan sinkoperen bat izateko beldur zen. Presioak aztoratuta, partida egunak botaka eta beherakoarekin igaro izan ditu ibilbide osoan. Kirolarien osasunaz arduratutakoan, akzioa sofatik jarraitzen duen zaleak lotailuak eta giharrak baino ez ditu aintzakotzat hartzen. Errendimendua ezin hobetik beherakoa bada, protagonistei grina —testosterona— falta zaiela izan ohi da diagnostiko errepikakorra. Errealitatea konplexuagoa da, ordea. Guztiok ari gara zerbait igarotzen, eta atletak ez dira salbuespena.

Material aparta. Loven lekukotasunaz gain, esanguratsua da transmititzeko baliatu duen espazioaren aukeraketa: The Players Tribune Derek Jeter New York Yankeeseko shortstop ohiak sortutako webgunea da. Tituluan darama egitasmoaren funtsa: jokalarien tribuna da, bitartekorik—kazetaririk— gabe haien kontuak publikoari zabaltzeko plataforma. Helburua ez da solasaldietako interferentzia eta gaizki ulertuak saihestea, noski. Beraiek kudeatutako komunikabideekin, atletak diru-sarrera berriak eskuratzeko bidea esploratzen ari dira. Sortu eta hiru urte eskasera, The Players Tribune ehunka milioi dolar balio dituen enpresa da, eta babesle entzutetsuak ditu. Iragarpen oso garrantzitsuak egiteko erabili da —esaterako, Kevin Durantek bertan eman zuen aditzera Golden State Warriorsekin sinatu behar zuela—. Eta denbora gutxian zabaldu herrialde eta kirol guztietara: pasa den Eguberrian, webgunearentzat grabatutako pieza baliatu zuten Gerard Piquek eta Neymarrek, brasildarrak Parisera eginda ere bien arteko adiskidantza zapuztu ez dela aldarrikatzeko. Hala ere,esklusibek baino, erreportaje eta elkarrizketa sakon eta mamitsuengatik bihurtu da baliotsu The Players Tribune.Betiko kirol kazetaritza txepelera ohituta, hasi eta buka irakurtzen dira webguneko bost mila hitzetik gorako testu asko. Pasa den asteko adibide bat ipintzearren:Steve Francis Houston Rocketseko antolatzaile ohiak bere haurtzaroari buruz egindako kontakizuna. 10 urte zituenerako, droga salerosketarako artekari zebilen Washingtongo karriketan. Aita kartzelan zuen, ama hilik, eta crack-a izurritea zen bere auzoan. All Star izatera iritsi bai, baina ibilbide etsigarria izan zuen. Alkoholikoa zen erretiroa hartzerako, eta bizkor egin zuen porrot ekonomikoki. Berak kontatuta, Francisen istorioa txundigarria da.

Idazketa fantasma.The Players Tribune-k eragozpen bakarra du: Steve Francisen istorioa txundigarria da, baina ez da berak izkiriatua. Eta Steve Francis ageri da sinadura bakar moduan, benetako autorea inon ageri ez den arren. Plataformako pieza guztiekin gertatu ohi da. Ghostwriting-a, benetako egilea ezkutatzearen amarrua, idazketa bezain zaharra da, autobiografietan eta gisako formatuetan barra-barra gertatu izan dena. Gurean, tranpa hori kirolari eta entrenatzaileen zutabeetan topatzen da sarrien. Protagonistari telefonoz deitu, eta kazetariak hiruzpalau iruzkin puztuta idazten ditu artikuluak —Pedro Horrillo da Saski Da!-k ezagutzen duen salbuespen bakanetakoa—. Tamalez, berripaper hau ere ez da libratzen idazketa fantasma erabili izanaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.