Danel Agirre.
SASKI DA!

Zutik geratzen zen azken taldea

2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Greenetik Inglesera. Los Angeles Lakers edo Boston Celtics, gutxienez bietatik bat, 80. hamarkadako NBAko final guztietara iritsi zen, eta hiru bider elkarren aurka aritzea tokatu zitzaien, norgehiagoka gogoangarrietan. Hamar urte haietako kanporaketetan, apenas izan zen lesio aipagarririk. 1980an, Kareem Abdul-Jabbarrek kaleko arropak jantzita ikusi behar izan zuen lehia erabakigarria (Magic Johnson hasiberria zen, eta minutu asko pibot moduan eman ondoren 42 puntu eta hamabost erreboterekin amaitu zuen gau historikoaz ari gara). 1988an, Isiah Thomasek orkatila bihurritu zuen seigarrenean, Detroit Pistonsek lehenbizikoz eraztuna irabaz zezakeela zirudienean. Ez zuen kantxa utzi, eta, herrenka izan bazen ere, zazpigarrenean ere ez zuen hutsik egin, Lakers ozta-ozta gailendu bazen ere. Urtebete beranduago, Los Angelesek Byron Scott eta Johnson bera galdu zituen, zaintiratuekin, errebantxa bila zetorren Detroiten aurkakoa hasterako. Ustekabean, lesioen eraginez zeharo baldintzatuta geratu zen lehenbiziko finala izan zen; anomalia bat. 30 geroago, ohikoa bilakatu da min hartutakoen zerrenda begiratu behar izatea emaitzak hobeto ulertzeko. Saskibaloiaren eboluzioaren adierazgarri da: egun —prestakuntza eta sendagile hobeekin ere—, atleten gorputzek jasaten duten estresa askoz muturrekoagoa da. 1986 eta 2001 artean, A.C. Greenek 1.192 partida jokatu zituen jarraian, hutsik egin gabe. Gaurko erreskada luzeena Joe Inglesena da: 303 baino ez. John Stocktonek bere hemeretzi sasoi erregularretatik hamasei osorik burutu zituen, 82 lehietatik bat bera galdu gabe. Oraingo NBAn, Andre Iguodalak du markarik onena erresistentzia neurtzen duen sailkapen horretan: bost bider baino ez du osatu denboraldia bere sakramentu guztiekin. Utah Jazzeko antolatzaile mitikoak baino hamaika gutxiago.

Bizkorrago, hauskorrago. Garaiotako izarren lazerien zergatia ulertzeko, nahikoa da Youtubera egin eta asteotako finala atarian aipatu Lakers eta Celtics arteko edozeinekin alderatzea: azken horretan irudiak kamera geldoarekin grabatu dituztela dirudi. Haren aldean, egundoko abailan jokatzen da egungo NBA. Potentzia osoarekin doazen ehun kilotik gorako gorputzek norabide aldaketa etengabeak egin behar izaten dituzte, gero tupustean geratu eta segituan ziztu batean martxan ipini. Behin eta berriro, ia hiru orduz. Triki-traka hori pozoia da artikulazioentzat eta giharrentzat, eta denbora kontua baino ez da izaten atletek norberari egindako abusuen faktura ordaindu behar izatea. Patuak hala agintzen duen aldiro, kanporaketok bizirik irauteko ariketa bihurtzen dira, eta aurtengo NBA tente geratzen ziren azkenek irabazi dute. Kevin Durant, Klay Thompson, DeMarcus Cousins eta Andre Iguodala mugatik harago estutu eta lehenbiziko biak, garrantzitsuenak, galtzen amaitu du Golden State Warriorsek (nahiz eta Thompsonen azken lesioak aurrekoarekin zerikusi zuzenik izan ez). Kontratua berritzeke zuten biek, eta kostako zaie orain arteko mailara berriz iristea. Toronto Raptorsek ere aiene batean eman du finala; Kawhi Leonard apartari makina da bat keinu arraro antzeman zaizkio, baina onik bukatu du. Ez da amaren semerik zuzen interpretatuko dituenik finaleko MVP hieratikoaren imintzioak.

Estrategia bainoago, sena. Ezbeharrak ezbehar, Toronto eta Golden Staten kanporaketa goi mailakoa suertatu da, eta saskibaloi garaikidean funtsezkoak diren hainbat xehetasun aztertzeko lagin aparta da. Aurreko paragrafoan aipatu abiadurak eragin du, ezinbestean, entrenatzaileek lehia batean txerta dezaketen zama taktikoa arintzea. Bizkor jokatzea lehenesten denez, defentsaren erreakzioak zuzen irakurtzea eskatzen zaie jokalariei egun, arbelean marraztutako mila maniobra errepikatzea bainoago. Ongi exekutatzen denean, joko azkar horioso zaila da gelditzen. Buruargitasunik gabe, NBAko talde kaskarrenen kondena den nahasmen aspergarria eragiten du. Toronton laguntzaile ari den Sergio Scariolok azalpen oso didaktikoak eman zituen ligan gertatu den iraultzari buruz, El Pais-i eman elkarrizketa batean. Intuiziozko saskibaloi supersoniko hau ulertzeko modurik onena Golden Staten blokeoak ipintzeko modua gertutik begiratzea da, Durant falta denean batez ere (ia geldiezina da hegalekoa, baina erasoak zertxobait trabatu ohi ditu). Sarri, inprobisatuak izaten dira blokeo horiek, zaintza arreta zeri ipintzen ari zaion detektatu, eta pareko bostekoak puntu ahula non duen identifikatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.