Danel Agirre.
SASKI DA!

Kopara ez joaten hasteko garaia da

2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Arindu ala ez, zuk aukeratu. Badago Bartzelonak Espainiako Kopa irabazte izanak kontsolatutako Baskonia zalerik. Svetislav Pesicek taldeari galtzerdia balitz bezala buelta ematea Sito Alonsoren curriculumarentzat kriminala delako. Eta badago isilik hobe legokeela pentsatuko duen Baskonia zalerik. Duela bi asteko Buesa Arenako «Sito gera zaitez!» haiek eman ziotelako Bartzelonako zuzendaritzari behar zuen azken bultzada, katarsi supersonikoa eragin duen entrenatzaile aldaketa burutzeko.

Heurtelek behar zuen. Final-laurdenetako porrotean, sasoi osoan igarri zaion traza baieztatu zuen Baskoniak: oso talde atsegina da ikusteko, baina finaletara iristea zailtzen dioten gabezia nabarmenak ere baditu. Erasoko emari bikaina antzu suertatu ohi zaio sarri, zaintzan aurkariak trabatzeko azaldu ohi duen ezintasunagatik. Zerikusi handia du hor denboraldia antolatzaile hirukote erdipurdikoarekin abiatu izanak. Jayson Granger exekutatzailea da, irregularra oso, kide ordenatuago batekin minutuak partekatzeko egokia. Urgazle horrek Marcelinho Huertas behar luke, baina brasildarra kontrako entrenatzaileek behin eta berriz zigortu nahi izaten duten defendatzaile oso kaskarra da. Hirugarren piezak, Luca Vildozak, nahikoa du Europako eliteak eskatzen duen erritmora egokitzen saiatzearekin. Bartzelonaren aurka hirurak txandakatu zituen Pedro Martinezek, eta hirurek azaldu zuten ezintasun berbera Thomas Heurtelen pick & roll-ean blokeoa aurretik pasatzeko. Pentsatzekoa da pozarren egingo lukeela Baskoniak aldaketaren bat —edo bi, edo hiru— hain posizio garrantzitsuan. Granger, Huertas —horren jarduna da sostengaezinena— eta Vildozak kontratua dute datorren urterako ere.

Geldoegi, edo burutsuegi.Rinalds Malmanis bi minutuz kantxaratu zuen Pedro Martinez Bartzelonaren aurkakoan. Praktikan, Toko Xengelia ordezko naturalik gabe ari da azken asteetan. Hutsik ez egiten arreta osoa ipintzen badu ere, Malmanis ez dago parean egokitzen zaizkion atleta zailduei aurre egiteko. Bitxiena da, Baskoniaren hutsune estruktural nabarmena dela sasoi hasieratik ordezko hegal-pibotarena, eta fitxaketak ordu gutxitan ixtearen gaitasunagatik ezaguna zen zuzendaritzak irtenbinde aproposik ez diola topatu. Kevin Jonesen bi hilabeteko hitzarmena ez berritzea erabaki zuenean, norbait hobeagoa iristear zegoenaren ustea zabaldu zen, baina ez da halakorik gertatu. Kontabilitatearen xehetasunik ezagutu gabe, plangintza bipolar samarra dirudi Baskoniarenak. Europako soldata eskuzabalenetakoen jabe behar duten jokalariak ditu, batetik —Xengelia eta Jannis Timma—. Milaka euro batzuk aurrezteagatik lantaldea luzatu eta biribiltzeari uko egiten dio, bestetik. Patuari eskerrak eman beharrean dago gainera: Xengelia eta Rodrigue Beaubois taldearen bi euskarriak minutu andana jokatzen ipini behar izan ditu Martinezek, eta biek ala biek hain sarri pairatu izan dituzten lesioei izkin egin diote orain arte. Inor baino bizkor eta burutsuago mugitzen zen klubaren erabakiak nahasgarriak dira azkenaldian. Bizkortasuna galdu duelako, edo burutsuegia izatearekin itsutu delako.

Hobe beste edozer. Joan den sasoian, aspaldiko ohitura eten eta Espainiako Koparako urteroko txangoa aurreztea erabaki zuten Saski Da!-k eta bere adiskideek. Giro oso atsegineko asteburua izan ohi da, baina gero eta grazia gutxiago du beti final gozakaitz berbera ikusi beharrak. Bartzelona eta Real Madril bi munstro aseezin dira, eta azken bederatzi garaikurrak bien artean banatzeaz gain, seitan final etsigarria errepikatu dute. Baskonia bertatik bertara babestearen behar fisikorik gabe, saskibaloiaz gozatu besterik nahi ez duten batzuk—atariko lagun taldea, alegia—aspertzen hasiak dira. Frantziako, Italiako edo Alemaniako Kopak, Euroligako gaztetxoen Next Generation txapelketak... Guztiak daude eskura urtearen sasoi honetan, eta guztiak probatzen bukatuko dugu. Bartzelonaren eta Real Madrilen festa ordain dezatela bere zaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.