Danel Agirre.
SASKI DA!

Ezkor izan nahi, eta asmatu ez

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Berriz ere, Obradovic. Seigarren Lauko Finala jokatuko badu, Euroligako txapelduna, Fenerbahce, mendean hartzea tokatzen zaio Baskoniari. Istanbulen gutxienez behin gailendu beharko da. Sasoiko bi aurrekariak galdu zituzten gasteiztarrek: 69-83 Buesa Arenan, eta 79-74 Turkian. Hori gutxi balitz bezala, pareko aulkian Zeljko Obradovic eseriko da, kanporaketa baterako konpainiarik kaskarrena. Final-laurdenetako lehiarik galdu gabekoa da Fenerbahcerekin: bederatzi irabazi ditu jarraian, hiru 3-0 oso argirekin. Hamasei Lauko Finaletan izan da, eta koska honekin behin bakarrik egin du estropezu. Atariko nobedadeak ere ez ditu adorea emateko modukoak Baskoniarentzat. Granger ez da osatu, eta, atzo Pedro Martinezek baieztatu zuenez, joko antolatzaile uruguaitarrak ezingo ditu Istanbuleko bi partidak jokatu. Odola usaindu, eta Muhammed, Sloukas eta Wanamaker hienak bailiran bidaliko ditu Obradovicek, Huertas eta Vildozaren lepoaren bila. Azken hilabeteetako Baskoniak, ordea, nahita ere ez luke asmatuko ezkor izaten. Euroligako defentsa onenari aurre egiteko, hirugarren eraso onenaren kriptonita du. Datomek, Mellik eta Veselyk osatu hirukotea desaktibatzeko, hauek lirateke esaldiak: hegaleko eta pibot sorta askotarikoa eta aproposa; jaurtiketekin egun horietako bat izanez gero...

Helduleku bila. Ezinezkoa zirudiena erdietsi zuen Bilbo Basketek domekan. Joventuten aurka galtzeaz gain —ordura arte azkena zen— lehen itzulian lortutako 25 punturen aldea harrika bota zuen. Geratzen diren sei jardunaldietan bi garaipen lortu, eta pentsatzekoa da beltzezkoak onik irtengo direla aurtengo sasoiko gurutze-bidetik. Andorra, Baskonia eta Murtzia hartuko dituzte Miribillan, eta Unicaja, Obradoiro eta Burgos bisitatuko dituzte. Etxekoak benetan dira erronka korapilatsuak. Aurkarietako bik garaipena behar dute kanporaketetara egiteko, eta Baskoniak ez dio egoera analogoetan euskal futbol taldeen artean tradizionala zen adeitasunik azalduko. Kanaria Handia mendean hartu zuen joan den asteazkenean Bilbo Basketek, baina emaitza hori anomaliatzat har daiteke ia. Redivok nekez errepikatuko duen emariak baldintzatu zuen emaitza. Bere jokalariek ACBn jokatzeko behar den mailarik ba ote duten ez dakiela onartu zuen Badalonako jipoiak eragindako beroaldian Veljko Mrsicsek. Erantzuna ezezkoa balitz ere, gutxienekoa da hori. Misioa azken txanpatik onik irtetea da. Burgos izan dezake aliatu Bilbo Basketek, Joventut eta Zaragoza hartu behar dituelako aurki etxean. Biei gailenduz gero, bilbotarrek bisita egiten dionerako —azken jardunaldianizango da—Burgoseko jokalariak oporretan eta sinatu beharreko kontratuetan pentsatzen egongo dira.

Lezkano, behingoz. Zoritxarrez —Gipuzkoa Basket jaitsi gabe geratu zenetan zoritxarrez berbera erabili zuen Saski Da!-k, ez joan hortik arren—, ACBn ez du maila galtzerik bermatzen sailkapeneko azkeneko bien artean bukatzeak. Joan den sasoitik, hala eta guztiz ere, gora egiteko baldintza drakoniarrak arintzera behartuta ikusi du bere burua ligak. GBC eta Burgos —aurretik kantxan lau bider eskuratua zuen eskubidea— bost urtean igotako lehenbiziko bikotea izan zen aurreko sasoian. Honetan errepika daitekeen zerbait da. Lugoko Breogan LEB ligako txapeldun da asteburuaz geroztik, eta bulegoetako betekizunak bideratuak ditu. Harrera beroa merezi du ACBn. Aurreko jabeak —Condor operazioan nahastutako Raul Lopez enpresariak— kluba salduta laga zuen, modu oportunistan, Obradoiren lehendakari bihurtzeko. ACBra egiteko askoz aukera errealistagoa zuen Obradoirok. Breoganek bizirik iraun badu, nagusiki, bere zaleak tematu direlako da. Ondo bidean, Natxo Lezkano entrenatzaileak elitean probatu ahalko du bere maila. LEB liga beste behin menderatu duen Ricardo Urizek 38 urte beteko ditu udan, baina akaso itzuliko daACBra. Igotzeko aukera gehien duen beste taldea Manresak da, eta hau ere ACBren betebeharren konplitzeko moduan legoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.