Danel Agirre.
SASKI DA!

Baratxuria mozten ari zarenerako

2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Goraintziak Hokkaidotik. Japoniako gizonezkoen liga eskola zaharreko piboten erreserba indiar bat da. Bulldozer batek mugitu ezin duen haragi-puska saskipean paratzea gustatzen zaie han oraindik, lurreko futoian lo egitea maite duten bezala. Jokalari tipologia horri dioten estimua aintzat hartuta, ez da harritzekoa David Doblas hara iritsi izana: Hokkaidon dabil abuztutik. Batezbesteko txukun askorekin hasi du abentura, eta dagoeneko —honekin ere ustekabe handirik ez— laga du Youtubeko lehenbiziko ateraldi birala. Tokioren aurka azken segundoan saskiratze erabakigarria erdietsi, kantxa osoa trantzean gurutzatu, eta itzulipurdi maitagarri batekin biribildu zuen ospakizuna. Azken hilabeteetan, Kevin Jonesekin, Milko Bjelicarekin, Will McDonaldekin eta Lamont Hamiltonekin neurtu ditu indarrak Doblasek. Badakigu, beraz, Vincent Poirier eta Ilimane Diop non bilatu beharko ditugun 2028an.

Badute nori deitu. 37 urterekin, ofizioa ondratzen jarraitzen du David Doblasek, eta hasiberriaren lilura antzematen zaio Japoniari buruz hizketan. Javier Gancedo eta Quino Colomen—egun, Turkian— podcast-ean ordubetez jardun zen joan den astean. Gipuzkoa Basketeko kapitain ohiaren testigantzaren gisakoak dira BasketCast saioaren indargunea. Euroligako behargina da Gancedo, Bilbo Basketeko antolatzaile ohia Colom —egun Turkian ari da—; agenda pertsonalari tiraka, elkarrizketatu zerrenda itzaltsua osatzen ari dira. Bi aurkezleak erdipurdikoak izanagatik ere, badu interesik saioak. Emanaldiak gaztelaniaz dira.

Hartzaile jantziak.Podcast-ek bigarren loraldia bizi dute, hein batean, ahotsarekin kontrolatutako gailuei esker. Sukaldean baratxuria txiki-txiki mozten ari denak nahikoa du «Alexa [edo Siri], The Lowe Post» ozen esatea, bi segundoren buruan sakelakotik edo bozgorailutik NBAko aditu ezagunenetakoaren azken solasaldia entzuten hasteko. Joan-etorrietarako ere ezin aproposagoak dira podcast-ak, eta streaming zerbitzuen aldean abantaila agerikoa dute. Wifia dagoenean deskargatu ahal dira, daturik ez xahutzeko. Edukiari dagokionez, egilearen espezializazioak baino gehiago, hartzailearen jakinduriak ahalbidetzen du gaia askoz modu xeheagoan mamitzea, komunikabide jeneralisten kortse zurrunak apurtuta. Saskibaloiaren kasuan, entzuleak irakurriak ditu albisteak, errepasatuak Youtubeko klipak. Podcast baten bila badoa, bere kirola nahiko serio hartu eta ikuspuntu berriak espero dituelako da.

Zerrenda osatugabea. Bizitza autobidean ematen dutelako izango da, akaso, baina estatubatuarrek inork baino podcast gehiago kontsumitzen dituzte, eta NBAren inguruko ingelesezko eskaintza ia mugagabea da. Zuhurrena, 10-12 podcast ezberdin probatu, eta gustukoenetara harpidetzea da: Zach Lowen aipatu ESPNeko The Lowe Post, The Ringer NBA Show —Bill Simmons kazetaria dago atzean— eta The Woj Pod —Adrian Wojnarowskirena— dira ezagunenetakoak. Izarrak berak egindakoak ere badira, Vince Carter, J.J. Redick eta C.J. McCollumenak, kasurako. Joe Arlauckasi eman dio aurten Euroligak bere podcast berriaren mikrofonoa: hamabostean behin, berriketaldi instituzional samarrak izan ohi ditu Europako jokalari eta entrenatzaileekin.

Neguko fitxaketa. Euskal hiztunak Olentzerok gaizki ohitutako haurraren antza du. Gero eta neketsuagoa da harentzat erregalu originalak topatzea, denetik duelako; etsigarriena da oparitutako guztiak segituan ahazten dituela, eta ganbarako zokoren batean bukatzen dutela, hautsa pilatzen. Euskarazko podcast-ena nahiko lurralde birjina da, ordea, eta ekarpen bakoitza tronpetekin iragartzeko egokieran gaude. Beste bost paragrafo aspergarriren hondarrean, goazen behingoz harira: Joseba Sanchezek Baskonia zainetan estreinatu berri du, konpainia noblean. Sukaldean baratxuria txiki-txiki mozten ari zarenerako, autoko joan-etorrietarako. Guztietarako balioko dizu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.