Danel Agirre.
SASKI DA!

Urte bakarrean, bost Poirier behar

2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Rol fosilduak. CSKAren aurka gailentzeko Baskoniari falta izan zaion bakarra Nando de Coloren gisako norbait fitxatzeko ahalmen ekonomikoa izan da. Saskibaloi aparta jokatu dute gasteiztarrek, aurkariarena baino hobea sarri, baina apenas balio izan dien horrek, eta norgehiagoka bakarra irabazi dute. Zale gasteiztarrei bere buruarekin lan handia egitea tokatu zaie, porrota ia saihetsezina zela jakitun, Itudis fanfarroiaren irribarre jasanezinarekin ez ikusiarena egin eta ikuskizun apartaz gozatzean arreta ipintzeko. Sarri tokatu zaio azkenaldian ariketa horixe egitea. Eta sarri tokatuko zaio aurrerantzean ere, Euroligaren formatu berriaren ondorioetako bat partaideen rolen fosiltzea delako.

Bost zentimoko alderaketa. Baskoniak bere egin du egungo Euroligan azken lau hamarkadetako EAJren Madrilgo rola. Aginpidea mimatu, bileretara erantzun aproposak eraman, eta bere tamainagatik pentsaezinak behar luketen pribilegioak eskuratu ditu. Establishment-arekin sinatu tratuek, ordea, muga zehatzak dituzte, gainditu ezinezko marra gorriak. Handi-mandien ukiezin estatusa elikatzen du sistemak berak, eta periferiako gonbidatuak posizio erosoa du hor, baina bigarren mailakoa beti. Eta aldiro gogorarazten dio botereak berak, gupida izpirik gabe. Statu quo-a mantentzeko behar du, baina ez dadila harroxkoegi ipini. Militantea ere pragmatismoan jausi da aspaldi: bestelakoa zen behinola amestu zuen markoa akaso, baina garaipen maximalistak ahaztu eta lortutako prebendei heltzen die, galtzearen ikarak jota. Dagoena bidegabea eta ez oso solidarioa izango da, hausnartu ohi du, baina badira bazterretan ahaztuta geratu diren hainbat, aipatu arrangurak txoratzen hartuko lituzketenak.

Egingarria, oso nekeza. 2014-2015eko sasoitik, Lauko Final guztietara bidaiatu duten bakarrak CSKA (azken 17tik 16tan izan dira hauek) eta Fenerbahce dira. Biak ala biak ari dira hogei milioi eurotik gora galtzen urtero, Errusia eta Turkia jokaleku geopolitikoan ezinbesteko antzezle bilakatu diren urteetan. Tradizio oparoko bi klub horiek propaganda tresna huts bilakatu direnik idaztea gehiegikeria da. A lizentziek, baina, lehiaketa puruaz gain bestelako interesak dituztenak hauspotu dituzte beldurrik gabe dirua harrika botatzen jarraitzeko, aldizkako porroten eragina minimizatu delarik. Real Madrilek eta Bartzelonak, urrutira joan gabe, bere marka komertzial inperialistak hedatzeko erabiltzen dute saskibaloia, eragindako defizita futbolarekin berdinduz. Desparekotasuna eta bazterkeria babestu eta sustatzen dituen klub pribatua da Euroliga. Baina kontinenteko saskibaloi onenaz gozatzeko narraskeriaren konplize bilakatzea beste biderik ez dago, antza. Bigarren mailako partaideen kasuan, urtero De Coloren bat duen aurkariarekin final-laurdenetan erortzea dakar horrek. Baskoniak lehiaketa hau noizbait irabaziko du, Vincent Poirierren aurtengo loraldi zoragarriaren tamainakoa lauzpabost jokalari ezberdinekin urte berean emanez gero. Posible bai. Nekeza bezainbeste.

Argiak itzaltzen zaizkio. Klubaren zuzendaritzak —Euroliga lehenestearren— asteburuko ordu txoroak betetzeko denbora-pasa moduan ikusten baditu ere, ACBk antolatutako txapelketak dira Baskoniarentzat aspaldiko partez tituluren bat eskuratzeko aukera errealista bakarra. Sasoi honetako ligak abagune aproposa dirudi. Gasteiztarren jokoak trinkotasun aipagarria ageri du, eta bospasei jokalarik porru eginda behar badute ere, lesioetatik bueltan fresko diren piezak ere baditu eskura Velimir Perasovicek. Hala ere, Baskonia honek ez du erakutsi 35 eta 40 minutu arteko txanpa funtsezkoa behar den patxada eta argitasunarekin jokatzen dakienik. Gabezia hori zuzendu ezean, lehortea ez da ekainean amaituko.

Oharra. Ez da Baskoniarik behar euskal talde batek gizonezkoen saskibaloi Euroliga irabaz dezan: domekan gurpil aulki gaineko finalean Besiktas mendean hartu, eta txapeldun berria da Bilboko Bidaideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.