Danel Agirre.
SASKI DA!

Segi driblatzen, eta ez isildu arren

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
FIBAko beteranoak. Txinako 2019ko gizonezko selekzioen Munduko Txapelketarako sailkatzeko bi jardunaldi jokatzen ari dira egunotan, klandestinitate mediatikoan. Ezin esan izen ezagunak falta direnik: saskiratzaile oparoenen zerrendaren goialdean Ioannis Burusis (34 urte), Sergi Vidal (36) eta Janis Blums (35) ageri dira, esaterako. Zango bat erretiroan duten jokalariak onenen artean egoteak egiaztatzen du jokatzen ari diren norgehiagoken maila. Eta maila erdipurdikoa bada, leiho horiek piztu duten interesa are apalagoa da.

Doako biolentzia. Georgiako selekzioa egiteko askoz garrantzitsuagoak zituzten Toko Xengelia (Baskonia, Euroliga) eta Zaza Patxulia (Golden State, NBA) gabe ari da sailkapen fase horretan, besteak beste. Warriorseko pibotaren kasuan, nabaria da ideiak argitzeko opor batzuen faltan dabilela. Asteburuan aspaldiko jokaldi itsusienetakoa egin zuen: Oklahomako Russell Westbrook erreboterako sestran lurrean trabatu eta altxatzear zela, bere 120 kiloekin belaunaren gainera erori zitzaion Patxulia. Nahita, aitzakia moduan erabil zezakeen bultzada edo labainkadarik gabe. Dohain fisiko harrigarrien jabe da Westbrook; urtebeteko lesio batek bere ibilbidea zapuztuko ez lukeela iragartzeko baikorra behar da izan (begira profil bereko Derrick Rose). Patxulia temati eta konstanteegia da indarkeriaren erabileran. Joan den sasoiko kanporaketetan, jauzi egindako Kawhi Leonarden azpian ezkutatu zen, eta San Antonio hegalekoak oraindik osatu gabeko aberiarekin bukatu zuen lur-hartzea. Westbrook oraingoan onik irten izanak ez luke gehiegi aldatu behar NBAk Patxuliari ezarri beharreko zigorra. Gogortasuna eta asmo txarreko indarkeria saskibaloian bi bider aritutako edozeinek bereiz ditzake, zer esanik ez profesional batek. Bere bulkada kriminalak kontrolatu ezin baditu, Patxulia hobe legoke NBAtik kanpo.

Ali berriak behar dira. Laura Ingraham Fox Newseko aurkezleak «isil zaitez eta driblatu» batekin kritikatu zuen LeBron James joan den astean, Clevelandeko izarrak Donald Trumpi zuzendutako adierazpen batzuen harira. NFLko jokalari beltzen protesta zela eta, AEBko presidenteak berak plazaratutako iritziaren errepikapena da: atletek ez lukete politikan muturra sartu behar. Zorionez, Jamesek ez du Ingraham eta Trumpi kasurik egiteko inongo asmorik: presidenteak bera bezalakoek ordezkatzen duten komunitateaz ezer ez dakiela salatu du, eta ikasteko gogorik ere ez duela erakutsi Etxe Zurira iritsi zenetik. NBAko estamentu guztien babesa jaso du hegalekoak, komisionatutik hasita: Adam Silverrek ligako jokalari gehienak auzune txiroenetatik irteten direla gogoratu du, eta bazter horietan itxaropena zabaltzeko Jamesenak bezalako ahots zentzuzkoak behar direla defendatu. Elkartasun keinurik baliotsuena, akaso, Gregg Popovich San Antonioko entrenatzailearena izan da. AEBetan aukera gutxien dituzten haurrentzat James «superheroia» dela aldarrikatu du, eta ligaren debuta egin zuenetik kantxatik at egindako bere ekarpenak eredugarriak izan direla gaineratu (Popovich eta Jamesen arteko miresmena aspaldikoa eta bi noranzkokoa da). Ostegun goizaldean, Washingtonen jokatuko du Golden State Warriorsek. Txapeldunek Etxe Zurira egin ohi dute ohiko bisitari uko egin zioten jokalari gehienek eraztuna eskuratu bezain pronto. Trumpek, pipertuta, gonbidapena berak erretiratzen ziela iragarri zuen Twitterren. Curry, Durant eta beste guztiek hiriburuko ikasleekin juntadizoa egingo dute trukean.

#MeToo. Joan den astean, Dallas Mavericks frankiziaren baitan izandako jazarpen sexual orokortua dela eta, hiru behargin salatu dituztela jakin da, presidente ohia tartean (kargu exekutiboa da hori, Mark Cuban jabearen azpitik). Bi hamarkada luzez, klubeko emakumezko beharginei inpunitate osoz eraso ei zieten akusatuek. NFL, MLB eta NHLren gainetik, AEBetako liga aurrerakoiaren ospea ondo irabazia du NBAk. Fama hori berresteko obligazioa ere badu orain, sinesgarritasun guztia pikutara bidali nahi ez badu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.