Danel Agirre.
SASKI DA!

Maiatzero, konpontxo

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Piura txarreko derbia. Apirilean —sei garaipen— ordura artekouzta eskasa zuzendu —lau—, eta laukote baten kontua zirudien jaitsierarako sestratik ia libratu da dagoeneko Joventut. Kinka larrian geratu diren hiruren artean, ez da Bilbo Basket egutegi maltzurrena duena: geratzen zaizkion lau aurkariei (Obradoiro eta Burgos kanpoan, Baskonia eta Murtzia etxean) itxaropentsu egin ahalko lieke aurre, igortzen dituen zantzuak hain kezkagarriak ez balira. Azken zazpietatik bakarra irabazi, eta Veljko Mrsic kaleratu zuen atzo zuzendaritzak, bere aukia Jaka Lkovici emateko lehen entrenatzaile moduan inongo eskarmenturik ez duen teknikaria. Itsu-itsuan hartutako erabakia da, itsasontzian geratuz gero, naufragioa ziurra denaz jabetu, eta kareletik flotagailurik eta igeri egiten jakin gabe olatu artera jauzi egiten duenaren antzekoa. Testuinguru honetan, datorren asteko Baskoniaren aurkako derbia inoizko ezatseginenetakoa suertatzearen traza guztia hartzen ari da. Urte sasoi honetan ohikoa da konpontxo egitea, dirua, interesak edo eskualdeko adiskidantza direla medio, bi taldeen artean jokoan gehiago duenari disimulu gehiago edo gutxiagorekin irabazten lagata. Gasteizen ez dago, baina, gisako opari baten aldeko arimarik. Ia ezerk ez lituzke Baskoniako zaleak, zuzendaritza eta jokalariak gehiago poztuko, erretiroa hartu behar duten urtean Alex Mumbru eta Alex Hervellen jaitsieraren borrero izateak baino.

Traola nazioartekotzen. CSKA Mosku itzelezko nahaspilaren erdian gailendu zitzaion ostiralean Khimkiri, kanporaketako laugarrenean Final Fourrerako txartela erdiesteko. Bost segundoren faltan, 88-89koa saskiratu zuen Cory Higginsek CSKArentzat. Khimkik sake bizkorra egin, eta erabakigarria ziruditen bi punturekin erantzun zuen Charles Jenkinsek. Epaileek, ordea, jokaldia baliogabetu zuten, mahaiak Khimkik bi jabetza lehenago eskatutako eta bertan behera utzi gabeko aldaketa bat orduan egin nahi omen zuelako. Atzera sakea egin, eta hain tarte laburrean ez zuten bigarrenez asmatu Georgios Bartzokasenek. Amaiera zalapartatsuaren beroaldian, Alexei Xved Khimkiko izarraren emazteakpartidak erostea egotzi zion CSKAri sare sozialetan. Hustualdirako #euroleaguemafia traola erabili zuen. Dimitrios Giannakopulos Panathinaikoseko jabea da haren sustatzaile nagusia, eta txoratzen hartu zuen traola Errusiara hedatzea. Baskoniako zaleren batek ere erabili zuen#euroleaguemafia Fenerbahceren aurkakoaren baitan, bi koska goragoko maila azaldu duen kontrarioaren nagusitasuna digeritu ezinik. Haien purrustadak ere birtxiotu zituen Giannakopulosek. Euroligaren aurkako oldarraldian konplize bila ari da etsi-etsian, bere gatazka pertsonala nazioartekotu nahian. Eta ez luke inor harritu behar Giannakopulosek bidelagun berriak topatzeak, biktimismoa baino indar bateratzaileagorik ez baitago.

Emaitza bitxi bi. Jokoan ezertxo ere ez zuen Araberriren aurka Gasteizen huts egin, Urrezko LEB ligan azken-aurren bukatu, eta maila galdu zuen ostiralean Iraurgik. Mendizorrotzako partida etsigarria suertatu zen azpeitiarrentzat. Presiorik gabe, jaurtiketetan ezohiko zehaztasuna azaldu du zuen Araberrik, eta Iraurgi uzkurtuz joan zen, beste kantxa batzuetatik iristen ari ziren albiste ezkorrengatik ere bai. Aurkari zuzen guztiek garaipena erdietsi zuten. Azpeitiarren jaitsiera baieztatu zuen,azken jardunaldiaren aurretik saihesteko modukoa zirudiena. Egon da Katalunian emandako bi emaitza susmagarritzat jo dituenik. Sailkapeneko bigarrenak, Pratek, Bartzelona B arriskuan zegoenaren aurka galdu zuen. Hirugarrenak, berriz, Manresak, Nou Congost gotorlekuan galdu zuen Lleidaren aurka,maila galtzeko hautagai ia izurra zirudiena. Kataluniarrek konpontxo bikoitza adostu zutenik imajinatzea zaila da, ordea. Praten porrotarekin, bigarren izateko aukera aparta harrika bota zuelako Manresak —ACBra igotzeko txartel erdia balio dezake horrek—.Horrenbeste sutu zuen hanka-sartzeak Manresarren zuzendaritza, gainera, entrenatzailea biharamunean kaleratu baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.