Danel Agirre.
SASKI DA!

Hondoratuz gero lortuko dugu

2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Informazioa urrea da. Abenduaren 26an, ezkerreko izterrean uzkurdura izan, eta 48 orduko epean osatuta lehiarik ez galtzea ez zuen inola ere baztertu LeBron Jamesek. Los Angeles Lakersek haren egoera day to day ebaluatuko zela iragarri zuen: formalitatea da, aditzera emateko taldearekin aritu ala ez partidak baino lehenago egin ohi den lan saio arinean erabakiko dutela sendagileek eta jokalariak. Hilabete igaro da, eta James ez da oraindik itzuli. Hegalekoarekin, 20-14ko balantzea zuen Lakersek; hura gabe, 6-10ekoa. Joan den astean jakin denez, lesioa izan eta ordu gutxira erresonantzia magnetiko bat egin zioten, eta berehala jakin zuen hiru eta sei aste arteko geldialdia tokatuko zitzaiola. Ez dago argi frankizia bera jakinaren gainean egon ote den: NBAko izarrek botere ia ahalguztiduna pilatu dute, eta batzuetan ez dituzte lesioen tratamenduak taldeko medikuekin koordinatu ohi (ikus Kawhi Leonard eta Markelle Fultzen kasuak). Adam Silver ordezkariari ez dio grazia apurrik egin zehaztasun faltak. Jamesen izterraren inguruko informazioak dirutza balio du: Las Vegaseko kasinoetan, urrea da datozenpartidetan itzultzeko moduan izango den ala ez jakitea. Litekeena da NBAk erradiografia eta erresonantzia magnetiko guztiei buruzko datuak berehala jakinarazteko obligazioa ezartzea berandu baino lehen frankiziei.

Epaile ustel hura. Orain arteko eremu grisetik atera, eta kirol apustuak legeztatzeko lasterketa abiatu dute AEBtako estatu gehienek. Nevadatik herrialde osora zabalduko da jokoa urte gutxian, formatu guztietan. NBAk hamarkada bat darama une honetarako prestatzen. 2008an, Tim Donaghy epaileak 15 hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen, bere jardunarekin partiden emaitza manipulatu eta dirutza irabazi zuelako. Metodo burutsua asmatu zuen horretarako. Talde baten alde egin ez, normala baino falta gehixeago adierazten zuen. Saskiratutako puntuen inguruan apustu egin, eta markagailuak Las Vegaseko kasinoek ezarritako marraren gainetik geratzea lortzen zuen horrela. Aldageletan taldeei buruz entzundako informazioa ere saldu zuen Donaghyk. Hori gutxi ez, eta 2002ko kanporaketetako norgehiagoka batean NBAk berak aginduta Los Angeles Lakersen alde egin zuela aitortu zuen epaitegian, ligari Sacramento Kingsen aurkako kanporaketa zazpigarren lehia arte luzatzea komeni omen zitzaiolako. Eskandalu hartatik oin puntetan egin zuen ihes NBAk, baina kirol apustuen inplikazioei buruzko gogoeta abiatzeko baliatu zuen. Mafien informazio trafikoa desaktibatzea da Silverren obsesioa. Inork baino bitarteko gehiago du, baina irabazi ezinezko gudua da.

Batzuetan sartzen omen da. Gipuzkoa Basketek bizi duen agonia ulertzeko, askoz argigarriagoak dira German Cea kudeatzailearen azalpenak —pisuzko azalpenak emateko bere ezintasuna eta gogo falta, alegia—, presidentearenak edo entrenatzailearenak baino. Joan den astean Marca irratiari eskaini elkarrizketan, entrenatzaile aldaketarik ez dela izango berretsi zuen: klubaren denboraldi-aurreko plangintzari inongo zuzenketarik egiteko ahalmen ekonomikorik ez da geratzen. Udako fitxaketaren batean gutxixeago gastatuta milaka euro batzuk zergatik gorde ez zituzten ez zion kazetariak galdetu —neguan maukak topatzea ohikoa da, Alemaniako Jenak Reggie Williams Baskoniako eta NBAko hegaleko ohia modu onean kontratatu ahal izan du egunotan, esaterako—. Betiko aitzakien katalogoa errepasatu zuen ondoren Ceak, eta «baloia batzuetan sartzen da, besteetan ez» botatzera ere ausartu zen, erdi totelka. Illunberen itxura tetrikoaz, «ticketing-ean hobetzeko tartea» dagoela onartu zuen, azalpen esanguratsuagorik gabe. Errekor berria ezarri zuen Ceak, hori bai: 15 minutuan «aurrekontu txikiena daukagu» esaldia horrenbeste aldiz errepikatzeak benetako meritua du. Erremediorik ez duenak ez du erremediorik: GBCk salbamendua lortzeko errezeta xehatzen saiatu, eta «estando todos unidos» [gu guztiok bat eginda] erantzun nahi zuenean «estando todos hundidos» [gu guztiok hondoratuta] irten zitzaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.