Danel Agirre.
SASKI DA!

Kitzikagarria izan gabe, eraginkorra

2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Plan pragmatiko bat. Inor gutxik espero zuen Berlingo Lauko Finalerako sailkatzeko bidean, aurreko udan ia inork nahi ez zituen hiru pieza maisuki konbinatu eta katedral bat eraiki zuen Velimir Perasovicek. Darius Adams eta Mike James antolatzaileak ordezkatu nahian eman zuen zuzendaritzak sasoi-aurrea, eta, alternatiba sendoen faltan, gogo txarrez baino ez zuen baieztatu kaskarinegia zirudien bikotea. Euroligako eskaintzarik gabe Txinara hegazkina hartzera zihoan Ioannis Burusis azken unean erreskatatu zuen, entrenatzailea asebete ez zuen O.D. Anosikeren —ez duzu sakelakoarekin bilatu beharrik, Frantzian ari da— falta betetzeko. Hirurak lantaldeko jokalari baliotsuenak zirela jabetu, bere kaskagogor ospea hankaz gora ipini, eta jokamoldea haien bertuteetara egokitu zuen. Horrela, inork ez zuen Euroliga hartan Baskoniak bezainbeste banakako jokaldirik egin —estatubatuarrek iso deitzen dioten hori—. Jamesek eta Adamsek puntu bat eskuratzen zuten batez besteko mota horretako saiakera bakoitzean; eliteko batezbestekoa da, are gehiago bi jokalari horien urte hartako jaurtiketen bolumenarekin. Dagoeneko pibotaren errepertorio klasikoa modaz pasatzen ari bazen ere, Burusisek ia 350 bider jaso zuen baloia saskipean, ACB eta Euroliga batuta. Zifra izugarria da—Ante Tomicen ia bikoitza, esaterako-, greziarra bere eskuetan ipinitako emariari etekin ezin hobea ateratzen ari zitzaiolako erakusgarri: puntu batetik gora, antolatzaileen kasuan bezala.

Beste plan pragmatiko bat. Joan den azaroko aurkezpeneko prentsaurrekoan, bere lehentasun funtsezkoa Baskoniaren blokeo zuzena jokatzeko modua hobetzea zela azaldu zuen Perasovicek. Defentsaz ari zen: ordura arte, aurkariaren pick & roll bakoitza odolustea zen gasteiztarrentzat —arazoa, estatistiken arabera, pibotenzaintza zen, antolatzaileena bainoago—. Atzean bezainbeste, erasoan ere landu du, ordea, baliabide hori Perasovicek. Darrun Hilliard eta Shavon Shields ez dira gai izan botetik abiatuta joko sortzaile moduan espero zen arnasbiderik eskaintzeko. Taktikoki, Rodrigue Beauboisen lekukoa hartuko duen hegalekorik gabe, Luca Vildozak edo Marcelinho Huertasek Vincent Poirierrekin prestatzen duten blokeo zuzena bilakatu da Baskoniaren helduleku nagusi. Horregatik erabili ohi ditu sarri bi antolatzaileak batera Perasek. Minutu horietan, jabetza asko Huertasen pick & roll batekin hasten dira. Zirrikiturik topatzen ez badu, baloia kantxa kontrako aldera mugitu eta Vildozak beste bat jokatzen du. Ez da munduko planik kitzikagarriena —puntu mordoa saskiratu arren, Baskoniaren lehia asko aspergarri samarrak dira—, baina estatistikaren arabera, bai Baskoniak erabil dezakeen eraginkorrena, tarte handiarekin.

Eskakizun bakarra. Huertasek jabetzako 0,9 puntu lortzen ditu blokeo zuzena eskatu eta jokaldia berak bukatzen duenean. Batezbesteko oso ona da antolatzaile batentzat. Vildoza ia 1,1ean dabil; bere posizioan Euroligan oso jokalari gutxik duten zenbatekoa da. Erasoko eta defentsako bere gainontzeko adierazleak ere bikainak dira. 2024 arte sinatu berri duen hitzarmena albiste bikaina da, baina hemendik bost urtera Gasteizen jarraituko duela pentsatzeak ez dirudi errealista. Saski Da!-k hauxe bakarrik eskatu nahi dio bizitzari, etsi-etsian: Real Madril edo Bartzelona izena ez duen beste edonork ordain dezala, arren, Josean Kerejetak argentinarragatik eskatuko duen dirutza.

Loraldian da. Poirierrek 1,3 puntu lortzen ditu Huertas eta Vildozari pick & rolla ipini ondorenbaloia jasotzen duenean, batez beste. Hori ere zenbateko aparta da. Aurkariaren hegal-pibotak laguntza bat egin eta bidea ixten dionean, zabalik dagoen Johannes Voigtmann bilatzea da antolatzaileen agindua, alemaniarrak jaurti, saskirantz egin edo hurrengo pasea eman dezan. Toko Xengeliak min hartu zuenetik, zoragarri ari da rol horretan Voigtmann. Guztiok ernegatzeko ahalmen paregabea duen jokalaria da, eta zaila da asmatzea udan amaituko den kontratua berritzea merezi ote duen ala ez. Saski Da!-k bere egungo boladaz ahal duen guztia gozatzeko asmoa du, badaezpada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.