Danel Agirre.
SASKI DA!

Entrenatzaileen benetako adina

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Itsumustuan, agure. Luzaroan NBAko saskibaloi fotogenikoena jokatu izan duen San Antonio Spursen partidak gainontzeko talde gehienenak bezain txepel bilakatu dira azkenaldian. 1987az geroztik lehenbizikoz, 30 puntu baino gehiagoko bi astindu jaso ditu segidan San Antoniok. Eta bat-batean, Gregg Popovich 69 urteko agure bat da. Ligari buruzko bere ohiko gogoeta zorrotzek aitzakia sorta nekoso dirudite orain. Aspaldi ez dela estratega abangoardistatzat zeukaten analista berberak liburuxka taktikoa egungo modetara ez egokitzea aurpegiratu, eta erretiroan hobe ez al legokeen eztabaidatzen hasi dira. Entrenatzaile baten adina ez dute zehazten jaio zenetik igaro urteek. Entrenatzaile baten benetako adina azken bolada arrakastatsutik pasatako denbora da.

Duncan anakronikoa. Bere frustrazio metafisikoak azaleratu berri ditu Popovichek, etsi-etsian. Hiruko jaurtiketak eta egungo jokamoldea gorroto dituela azaldu du, eta gaurko NBA «zeharo aspergarria» dela gaineratu. 2014an Miami Heati finala irabazi zion San Antoniorena izan da, ezbairik gabe, Saski Da!-k sekula ikusi duen erasoko errepertorio aberatsena. Talde hartako izarrak, Tim Duncanek, taulaz lagunduta milaka aldiz saskiratutako bost metroko jaurtiketa zuen akuilu. Egun, talde gehienetan galarazia luke baliabide hori, eta hiruko marraren atzetik altxatzera behartuko lukete Duncan, Popovichek berak deitoratu zuenez. Ligan jarraitzekotan, bere printzipioak eraginkortasunaren aldarean sakrifikatu beharko ditu San Antonioko tenikariak. Pibota saskipean elikatzearen ohitura edo jabetza landuak anatema direnaz ohartzearekin, NBA hau bere tokia ote den zalantzan ipintzen ari da ziur aski Popovich.

Alanbrezko ilea. Euroliga irabaztearekin itsututa, Velimir Perasovic arritmia bat pairatu berritan kaleratu zuen Josean Kerejetak, 2006an. Eta ordezko moduan, Europako palmares onenetakoaren jabea fitxatu: Bozidar Maljkovic. Marmarrak baino ez zituen entzun serbiarrak Gasteizen eman zituen hiru hilabete eskasetan. Bi urte lehenago, Alberto Herrerosen hiruko batekin Buesa Arenan txiripaz ostutako Ligako final hartan, Real Madrilen aulkian eserita zegoen Maljkovic. Baina bere iragan zuriak bezainbeste, amortizatutako entrenatzailea zelako susmoak ipini zuen Buesa Arena haren aurka. Haren lau Europako Kopetatik azkena 1996an eskuratutakoa zen, hamarkada bat zeraman Lauko Finalik zapaldu gabe. Bitxiena da, pertzepzioak pertzepzio, Maljkovicek 54 urte baino ez zituela Baskoniarekin kontratua sinatu zuenean. Perasovicek otsailean izango duen adin berbera. Pedro Martinezek, urrutira joan gabe, 56 zituen Baskonian bigarren aroari ekin zionean. Inork ez zuen zaharregitzat jo, Valentziarekin ACBko txapeldun izan berritan zelako. Bere alanbrezko ile harrigarriarekin, beti izango da gazte Pedro Martinez, gainera.

Ez joan zahar etxera, arren. Azken urte eta erdian Europako saskibaloi ederrena egiten ari den taldearen entrenatzaileak, Aito Garcia Renesesek, 71 urte ditu. Duke-ko Mike Krzyzewski baino bi hilabete zaharragoa da. Aitoren Alba Berlinen erasoko emaria zoragarria da, kontsignarik gabeko joko libre moderno eta aparta. Saski Da! Albaren entrenamenduak ikustera hurbildu ohi da ahal duen bakoitzean: bi ordu eskasean jokalari bat hobetzeko gai da Aito. Duela hamarkada bat, Unicajan zela, «zoaz zahar etxera, Aito!» egiten zioten oihu Malagan bertan, hiriko taldeak norbait askoz eguneratuagoa merezi zuelakoan.

Mugaraino, eta harago. Euroligak dokumentala eskaini berri dio Larry Browni, Turinek aurten fitxatu NBAko 78 urteko mitoari (Herb Brown Baskoniako entrenatzailea izandakoaren anaia gaztea da). Merezi du piezak, adin horretako norbait eguneroko lansaioak gobernatzen ikusteagatik bakarrik. Baina sasoia ez da irteten ari Turinek irudikatu moduan: filma grabatu eta gutxira gaixotu egin zen Brown, eta taldea ezinean dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.