Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Gintzaz eta desgintzaz

2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Joan den astean txoko honetan Juan Luis Zabalak Ramon Etxezarreta aipatuz esan zuenez, gurean gaur egun ez dago benetako eztabaidarik; eta, egia esan, itxura hori du, bai: ez dago benetako eztabaidarik, edo badago, baina norberaren adiskide-, ofiziokide- edo purrustadakide-taldetxoan, kafe-hartze mikaztuetan, poteoetan eta bazkaloste patxaranez poxtuetan, eta norbere buruaren barneko ahots perturbatuen artean (interesante totalak azken horiek, ezta?), baina, globalki, kolektiboki, eztabaida horiek guztiak, mamitsuak bezain sutsuak izanagatik, ez dira ikusten, eta ez direnez ikusten, ez direnez ez globalak eta ez kolektiboak, ez dute balio, edo ematen du ez dutela balio. Ez dago benetako eztabaidarik: berriketa dago, tertuliak, marmarra, hitzontzikeria, plurilogoz mozorrotutako monologoak, Twitterreko 240 karaktereak eta hari amaigabeak, eta prentsako zutabeak (hortxe aipamen zuhurra badaezpada, ejem-ejem, ez dezan inork esan ez dugunik autokritikarik egiten). Eta aitor dezagun: halakoetan, kuadrillakeria izaten da maiz nagusi, norena zaren eta norekin zaren, urte mordoxka batean kanpoan izan ondoren jaioterrira itzuli eta harategiko betiko emakumeak, ezagutu ez, eta galdetzen dizunean bezala: «Zu zeinena zara, ba?». Reala edo Athletic, kaslaranja edo kaslimon, nor beretarrekin goxo eta hor konpon.

Gauza asko daude herria egiten ez dutenak, eta beste hainbeste daude herria ez egiteaz gainera herria desegiten dutenak. Gaur ez dut asmorik halakorik aipatzeko, inori ideiarik ez ematearren batez ere, zeren desegite-kontuetan bestela ere Ebrorena bezain oparoa baitugu emaria eta etorria. Baina, herrigintzaren auzia literaturaren esparrura ekarrita (barkatuko didazue aldapeko sagarraren adarraren puntara joateko jaidura hau), makinatxo bat galdera eder-zatar erraz-gaitz piztu zaizkit beste behin ere, nire ezjakintasun lañoan. Ea, ba:

Zein ote da zehazki Euskal Herria egiten duen literatura hori? Zeinek egina, eta zeinek irakurtzeko? Alegia (herriko betiko harakinaren galdera berriro ere): zeinena? Eta zeinek leitua gero benetan? Zer idazmolde darabil herria dagien literatura horrek? Zer adizmolde? Aditz iragankorrak ala eternalak? Jokatuak ala estatikoak? Trinkoak, perifrastikoak ala sakabanatuak? Performatiboak ala teatreroak? Eta zer genero? Zer mota? Nobela arrosak ekarpen probetxuzkorik egin al diezaioke Euskal Herriari? (Ba al da nobela arrosarik euskaraz?). Zer gai jorratu behar dira zehazki eleberri, ipuin edo poema batean Euskal Herriaren gintzan aletxoa jartzeko, eta zer gai ez? Gazte prekario baten ekinez eta ezinez bakarrik mintzo den ipuin batek, adibidez, ez du herria egiten? Eta etxekoandre baten bizimodua eta burubideak topikokeriatik kanpo agertzen dituen kontakizun batek? Non girotuta behar dute istorioek, herri hau eraikitzeko balioko badute? Eta galdera guztietan galderena, benetako eztabaidarik balego oraindik ere eztabaidatuko genukeena baina era berean eta nire uste zoroan nahiko eztabaidaezina izan behar lukeena: zer hizkuntza darabil Euskal Herria dagien literaturak? Euskal Herria esplizituki eta asmo kritiko eraikitzailez aipatzen duen literatura frantsesezkoak edo espainolezkoak, esate baterako, gehiago balio al du Euskal Herria egiteko, Alfonsina Storniren eta Miguel Hernándezen poema euskaratuek baino, edo idazleren batek bere burua abonatzeko euskara ezin aberatsago eta adierazkorrago batean idatzitako kontakizun esnob batek baino? Kontuan harturik ezen euskal idazleek eta oro har euskal literaturak behar dutela euskara bat orotarikoa eta, harako hark zioen moduan, noranahikoa, ez ote dute euskarak eta euskararen herriak ere behar, berdin-berdin baina alderantziz (ezen ez aldrebes), euskal literatura bat orotarikoa eta noranahikoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.