1 - Hunki jin züer oroer
Pastoralzale hain fideler
Arrastiri hon adiskideer
Herritarrer eta arrotzer
2 - Aspaldian etzen ikusi
Pastoralarik gure herrian
Fiertatez eta ahalkez
Hartürik gira batetan
3 - Ramuntxo gure süjeta
Eüskaldün archetipoa
Pierre Loti-ren libürüa
Gure gain gük antzestüa
4 - Obra bat ezagütüa
Izana gatik arrunta
Gizonaren jinbeharra
Axaltzen beiteikü ontsa
5 - Ramuntxoren haurzaroa
Paradüsü zohardia
Urteekin beita asmatzen
Biziaren kinber hotza
6 - Amak berak eraikirik
Arrotza züalakoz aita
Jente honen begietan
Ramuntxo hütsaren haurra
7 - Ramuntxoren ustekeria
Bizia zükeala aisa
Maitatüz bere Herria
Pelota ta kontrabanda
8 - Aita danik Gipuztarra
Frantzestü gure gizona
Maiteari kausitzeko
Italian egin gerla
9 - Han eskarniatürik ontsa
Bardin galdü züan promisa
Mauleko karmelitetan
Familiak sartürik serora
10 - Ilüsioneak galdürik
Herraldatü zen herritik
Ameriketarat ihesi
Zorteari ez d'ezkapürik
11 - So'gile adixkidea
Hasiko dügü pastorala
Izan bedi hunkigarri
Ramuntxoren hixtoria
Sar (Battitta Aguer)
12 - Hy hortxe hiza süskandera
Etxekitzen dük hitz ordüa
Agertzen üd'oroz Züberoala
Et'ez hüts egiten pastorala
Elki (Alain Arthapignet)
13 - Of course adixkidea
Irakiaren gainti ebilirik
Hebentxe nük eta tenorez
Because Satanik ez pastoralik ez
Sar
14 - Horixe bera dela egia handia
Satanik gabe zer lizate pastorala
Gatz gabeko salda hütsa
Piperrik gabeko piperada
Elki
15 - Arren goatzan orai lanealat
Hortxeko jente horien kitzikatzera
Sarri has ditean ele txarkan
Ez dükek ez lan bat hain gaitza
Sar
16 - Egia aisa dela jenteen nahastea
Bena leküa hüstü beno lehen
Eman ditzagün bizpa hiru frisat
Ikus eta ikas dezen Züberotarrek
Jelkaldi 1
Ramuntxo etxean amarekin
Ama (Danièle Bouillon)
17 - Ramuntxo habil orai otoi
Ülünt'aintzin behietarat
Errekan edanaz eta
Sar ditzagün barrüküalat
18 - Nihaurk jeitsiko diat beltxa
Badik orano franko ezne
Eskentüko diat auzoer
Perexa dezen haiek ere
Ramuntxo (Juhane Dascon)
19 - Arrunt banoazü amatto
Ta gero ixtant bat ohealat
Battita ta bestekilan
Behar beitügü "bortüalat"
20 - Uste dit zeta datila
Gaurko gure pasajea
Etxeki balez'ateiak
Ez dizü goxo ebiari para
Ama
21 - Kasü egizüe otoi
Sobera bürü bero zidee
Lanjera beti agertzen
Gütienik delarik uste
Ramuntxo
22 - Hau düzü gure bizia
"Aferakan" gaüaz bortüan
Goizan goxoki deskantsüan
Xardinak Luisen tabernan
Haiku
Karruaren plegüa zelüaren jabe
Jiten zaügü negüa gü ohartü gabe
Hegatz ülünak xuri goizetan izotza
Ixiltze bat üdüri jeikitzen da bihotza
Jelkaldi 2
Kontrabandistak mendian
Ütsüa (Patrick Prat)
23 - Hea goatzan senda hontarik
Argizagia apal deno
Harlüzeko iraztorran
Kasü bederazka ebil oro
Joakim (Cédric Samalbide)
24 - Badük bide "güneala" arte
Antonioren ostatüala
Heltüko gütük argiko
Tranxet'arrautzen jatera
Terexa (Maritxu Behety)
25 - Kasü haatik ardoari
Behar beitate arrajin
Bakoitxak zeta biesa bat
Peti gora bizkarrean
Battita (Sylvain Lafitte)
26 - Antonioren "bigarrena"
Nahi balitz enekin jin
Zetarekilan batean
Ekar nezakek bizkarrean
Juana (Jeanine Urruty)
27 - Mihiarekin bai fanfaru
Gizonen ilusioneak
Bihar goizean patar ozkean
Sartüko zeitzak espantoak
Jelkaldi 3
Hede xuriak bideetan
Dupont (Jean-Marie Pochelu)
28 - Mekauren gero trankil dela
Duanierraren ofizioa
Orai bezala gaüez gaü
Galdürik gure lo hona
Grospierre (Laurent Etchebarne)
29 - Ez diagü sekülan nihure
Bardin feitian tinkatzen
Et' egün oroz haboroxeago
Kontrabandistak habiltzen
Gomez (Pascal Arthapignet)
30 - Ez gütük ontsa ekipatürik
Beti oinez bideen gainti
Futitzen dük kapitaina
Kasernan bere doziereki
Turbo (Jean-Michel Armagnague)
31 - Behar ginikek behin pürü
Sarako ekipa tinkatü
Iragan astean abantxüñi
Pekunpet gütük agitü
Grandgosier (Txema Bereciartua)
32 - Goatzan Berroueten bentala
Izerdiaren pausaztera
Hau düdala egarria
Edan ezakek ühaitza
Duanierak elki
Mane (Jean Larragnéguy)
33 - Aldi huntan ederretarik
Salbatürik gure aferak
Goatzan Luisen ostatüala
Merexitü dütügü askariak
Luis ostalera (Jean-Michel Ondarçühü)
34 - Sar zitaie adixkideak
Lo beitira mügazainak
Barda züen mozkorrarekin
Ez dü axolik fronterak
Rita ostalera (Sabine Samalbide)
35 - Debrüak eraman gizona
Hon hiz bai haiekin paretzeko
Eta goiz huntan arrunt prest
Burrat baten edateko
Mendiko adixkideak
Sei Euskaldün adixkide
Bortüetan ebilzale
Hantik pasatzen gaüaz bizkarka
Balusa eta zilarra (2)
Apaltzen delarik egüna
Itzaltzen gira gordaxka
Mügazainer nahiz ihesi
Kasü kasü kartuxari (2)
Heltü baiko artiria
Gü deskantsüan tabernan
Lau xardina gorri mahainean
Sagardoa barriketan (2)
Jelkaldi 4
Bohameak herrialat heltzen
Vladimir (Pierrot Agorrody)
36 - Ni Vladimir jitanoa
Hongriatik hunat jina
Mündüan gizon gogorrena
Ez beitakit zer den lotsa
Raxel (Delphine Urrutiaguer)
37 - Ta ni Raxel dantzaria
Parisen Music Halletan
Handi mandien aitzinean
Zonbatetan izarretan
Elias (Henri Dascon)
38 - Ni Elias müsikaria
Arrabita edo trunpeta
Orkestra handienetan
Nah'izan banü solista
Annabella (Nicole Etchegoyhen)
39 - Hire musika maitena
Züntzürrean ardu hürrüpa
Nik bai kantatü diat Parisen
"Carmen" Bizeten opera
Mozanbike (Pierre Etchebarne)
40 - Aski gezür et'espanto
Hortxe beitügü Herria
Hea bederen jatekoa
Bil dezagün sakolara
Jelkaldi 5
Herriko eliza bestak
Herriko mera (Philippe Etchegoyhen)
41 - Oro liberti gitean
Ützirik biharko arrenkürak
Hortako zeizkü emanak
Herriko Eliza bestak
Gazte bat (Beñat Claverie)
42 - Heben dügünaz geroztik
Musde Elizanburu plazan
Kanta dezagün harekin
Ikusten duzu goizean
J.-Bte Elizanburu (Michel Dascon)
43 - Mil esker adixkideak
Züen batzarri ederraz
Afrikan lüzaz egonik
Etsitzen nintzan Herriaz
Ikusten duzu goizean
Ikusten duzu goizean
Argia hasten denean
Menditto baten gainean
Etxe ttipitto aintzin xuri bat
Lau haritzen ondoren erdian
Txakur xuri bat atean
Iturriño bat aldean
Han bizi naiz ni bakean
Nahiz ez den gaztelua
Maite dut nik sor lekua
Aiten aitek haitatua
Etxetik kanpo zait iduritzen
Nonbait naizela galdua
Nola han beniz sortua
Han utziren dut mundua
Galtzen ez badut sentsua
Lehena (Tesa Bereciartua)
44 - Ikusi dütüzüeia barda
Pottikokan neskatilak
Ama Birjina non gira
Ejerrak ditützügü gazteak
Bigerrena (Margaita Arthapignet)
45 - Ai norat ari giren ez dakit
Galdü ziküzü gazteria
Dantza kanta eta txosta
Segür gurea ez beitzen hola
Hirugerrena (Michel Agorrody)
46 - Eta Ramuntxo baxtarta
Beti Gaxusaren üzkütik
Uste badü Doloresek
Kitorik ütziko deiola
Laugerrena (Lucie Pochelu)
47 - Algar ikusten diñe hor
Kukuskatü tiñat barda
Gaüko zazpien altexean
Bena ez beita gure afera
Bostgerrena (M.-Aimée Armagnague)
48 - Ea goatzan orai tenorez
Bezperak hasiko beitira
Igant'arte adixkideak
Berri zonbaiten "xuritzera"
Seigerrena (Marina Lafitte)
49 - Apeza düzü orano siestan
Bazkariten züzün aüzoan
Maiana den kozinesa
Niagozü zer züan azietanSatanak
Ama
50 - Osaba Iñaki-k igorririk
Hortxe badiagü egün letera
Erraiten deik balükeala
Han hire lan bat segürra
51 - Gaixo Iñaki perestüa
Ene anai ixila
Ez dik lan baizik ikusi
T'orai hantxe dük soil bera
52 - Balio dik gogozkatzera
Amerika dük aberatsa
Heben ez dük egitekorik
Kontrabanda ez dük lana
Ramuntxo
53 - Badakizü nola nizan
Gaxusari etxekia
Aipatüko deiot afera
Nola ikusten düan gaüza
Ama
54 - Haurra dük orano Gaxusa
Iratzar hadi ametsetarik
Ezhizate ez haren aski
Amak errana eginen dik
Jelkaldi 8
Ramuntxo eta Gaxusa
Ramuntxo
55 - Gaxusa nitaz ahalke
Zirela zitazüt üdüritzen
Ixtant bat zure ikusteko
Ebaska nüzü ebilten
Gaxusa (Audrey Carrique)
56 - Ez hola mintza Ramuntxo
Badakik amaren katera
Balaki hirekin nizala
Enikek fini entzütea
Ramuntxo
57 - Osabak nahi likezü
Joan nadin Ameriketarat
Goatzan biak algarrekin
Hobe lükezü guretzat
Gaxusa
58 - Zer diok Ramuntxo ments hiza
Hori dük ametsen libürütik
Amak nola süporta lio
Ihes gitean Herritik
59 - Herraldatzen bagina orai
Desertür bat hintzateke
Sekülalo desterrüa
Uste dük hori dela hobe
Ramuntxo
60 - Zer afera zü eta ni
Biak gütützü Eüskaldünak
Zurekilan ezkontzeko
Eginen ditit paperak
Gaxusa
61 - Kontent nündükek Ramuntxo
Egin baheza soldadoka
Aisa egonen nük haidürü
Zer da hir'urteen afera
Maitea nun zira
Maitea nun zira, nik etzütüt ikusten
Ez berririk jakiten, norat galdü zira
Ala kanbiatü da zure deseina
Hitz eman zenereitan ez behin bai berritan
Enea zinela
Ohikoa nüzü ez nüzü kanbiatü
Bihotzean benüan hartü eta zü maitatü
Ama jeloskor batek dizü kausatü
Zure ikustetik gehiago mintzatzetik
Harek nizü pribatü
Nor da ausartatüko guri kontra elkiko
Gezürrez mintzatüko gure berexteko
Amodio kartsüak ez dizü axolik
Lürrak ez dü estaltzen aizeak eramaiten
Beti dü iraiten
Maitea zerra ezatzü orai zure begiak
Egin dezagün berriz azken bidajea
So egizü etxea teillatü gorria
Seaska bat kanberan
Han gure sosegia eternitatean
Jelkaldi 9
Dolores, Gaxusa bere egüzamareki
Dolores (Maïté Biscayçacu)
63 - Gaxusa handitürik zira
Behar zütügü ezkontü
Tant'oküpatü ziküzü
Norbait atzaman diküzü
Egüzama (Maddi Etchegoyhen)
64 - Gizon perestüa segürki
Berriki alargüntüa
Ez gazte gazte horietarik
Jadanik haur baten aita
Gaxusa
65 - Ama sekülan sekülan
Ez naüzüe bortxatüko
Arrotz batekin ezkontzera
Nihor ez bada Ramuntxo
Dolores
66 - Ez nizün besterik pentsatzen
Beti hor düzü ezdeüs hura
Ez eta Santa sekülan
Baxtart hari ene alaba
Gaxusa
67 - Hola denaz gainen ordüan
Nahiago nüzü seroratü
Ama Birjina zer herra
Parka Ramuntxo otoi parka
Gaitz (Julie Ahaspe)
68 - Hau dügüla bai beroa
Ifernüko süa üdürikoa
Banoa fite itsas bazterreala
Neskatila baten ondoala
Oker (Jacques Etchebarne)
69 - Arrazu dük et'egünko aski
Nahaskeria eta aharra
Orai aski pastoral
Dagün asteal'arte bakantza
Gaitz
70 - Aie egia dük beste bat badügüla
Kanta eta dantza besta den ber
Züberotarra agüdo eta arrunt prest
Gü bezala beti lanari ezkapa
Oker
71 - Hartako diagü algar konprenitzen
Bena gü hurak beno dantzari hobe
Hartako gütüe bai kümitatzen
Hea so oroek zer den Satana dantzan
Jelkaldi 10
Ramuntxo Solferinoko gerlan.
Kurt Strokein (Pierre Etchebarne)
72 - Debrü Frantses ekinteak
Beti gure zanko petan
Tipina orotako xali
Beti nausi güzietan
Rodolphe de Habsbourg (Georges Etchebarne)
73 - Suntsitü günüan lehena
Waterloo-ko zelaietan
Bigerrena Solferinon
Eten diagü ixtantean
Ramuntxo
74 - Ez nakizün Italia
Egün arte bazenez ere
Ikusten dit alderdi hau
Odoletan sü ete ke
75 - Hebentxe nüzü maitea
Gure hitz emanen gatik
Sakrifizio bat handia
Ez balitz deusere ondotik
Solferinoko ütsüa (Gilles Lafitte)
76 - Bonaparte bigarrena
Lehena bezain gerlakari
Ttipiak handiak bezala
Malürra deigü ekarri
77 - Gerla itsusi tzar hontan
Bista galdürik betiko
Napoleoni orobat zaio
Orai nola nizan biziko
Solferinoko ütsüa
Armen hartzera deitu ninduen
Gazterik zorte etsaiak
Urrundu nintzen herri alderat
Utzuliz usu begiak (2)
Zorigaitzean beitut ikusi
Solferinoko hegia
Alferrikan dut geroztik deitzen
Iguzkiaren argia (2)
Betiko gaua gau lazgarria
Begietarat zaut jautsi
Ene herria ene lagunak
Nihuiz ez behar ikusi (2)
Ene amaren begi samurrak
Betiko zaizkit estali
Maiteñoaren begitarteak
Behin betiko itzali (2)
Ai aski hola Jinkoa parka
Begira zure haurrari
Konsolamentu zerbait emozu
Noizbait duzun urrikari (2)
Jelkaldi 11
Dolores, Gaxusa eta Apeza
Dolores
78 - Jauna behar ginikezü
Zurekin zerbait aipatü
Gaxusa karmelitetan
Nahi düzü nobiziatü
79 - Ez dizü berak erranen
Barna ükenik ere hori
Azken hilabete horietan
Gogoa beit zaio nahasi
Apeza (Michel Abournague)
80 - Ezagützen dit Gaxusa
Arim' ederreko haurra
Berak likezü erran behar
Azaldatü bere tirria
Dolores
81 - Erran deizüt akort dela
Ni nükezü horen botza
Goatzan lehen beno lehen
Mauleko komentü hartara
Apeza
82 - Debrüa bola emaztea
Hau dügüla bai zer marda
Lotsa nüzü dakidan bai
Zure sabeleko mina
83 - Hor denaz "züen" nahia
Joanen gütützü ostiralean
Algarrekin Züberoalat
Otoitz Jaunak argi gitzan
Jelkaldi 12
Dolores eta Frantxesa
Dolores
84 - Zer uste hüan baxtart bati
Ütziko neioala alaba
Abisa zitaie bai orai
Den leküala txerkatzera
85 - Hire seme auher tzarrak
Gal arazi diok oso bürüa
Behar ere orai den leküan
Arrajinen ziok zentzüa
Frantxesa
86 - Ützak Ramuntxo bakean
Zer ote egin dü tristeak
Haurrek pakatüko tine bai
Gure nahaskeria txarrak
87 - Gaixtokeriak konkortzen haü
Herrak bihotza alatzen
Ikusten diat bai zer hizan
Handi nahi ttipi hiltzen
Lehena (Henriette Carrique)
88 - Doloresek nahi zikezün
Alaba "handiki" ezkontü
Deusere ez beitzeion jakin nahi
Serora dizü sakatü
Bigerrena (Alain Irigaray)
89 - Ramuntxo jinen delarik
Adio bere kolunba
Zer uste züan ergela
Doloresek ütziko zeiola
Hirugerrena (Danielle Larragnéguy)
90 - Ezkapi gei ziñe biek
Ameriketarat gordaxka
Ez da holakorik egiten
Bena ez beita gure afera
Laugerrena (M.-Dominique Pochelu)
91 - Ramuntxo-k aisa eta fite
Beste bat bildüko dizü
Bat gal eta hamar haidürü
Gazteak orai hol'ari dütüzü
Bostgerrena (Michel Agorrody)
92 - Eta Gaxusa komentüan
Ez dün ez lüzaz egonen
Heben beti pottikokan
Etziñan ez so egoiten
Seigerrena (Mayana Letchaurreguy)
93 - Fina Lasak erran beideit
Ümen dela esperantxetan
Eta Tantak alargün bati
Kokatü düala kondizionetan
Satanak
Vladimir
94 - Lau arrain hüme errekan
Ützirik iaz handitzera
Segür handi hor dateala
Egüerdiko bazkaria
Elias
95 - Goiz batez Wisla ühaitzean
Hamar kiloko amarraina
Atzaman nüan eskü hüska
Zortzi gizonen asea
Annabella
96 - Euskal Herriko turnean
Aurten mehexka xerria
Bedatsea oro isola
Üdan berriz idortea
Mozanbike
97 - Laboraria beti kurrinka
Uduri direla esklabo
Aa pürü primü gazteñi bat
Atzaman banü orano libro
Raxel
98 - Hi hizan auher natrea
Lana etsairik handiena
Ikusten haüt bai laborari
Haboroziz nizan serora
Jelkaldi 15
Ramuntxo buhameeki
Ramuntxo
99 - Agur bidajeko jenteak
Norat düzüe ürratsa
Zer berri dügü Herrian
Lehian niz jakitera
Elias
100 - Ramuntxo aigü gurekin
Ützak gibel iragana
Komentüan dük Gaxusa
Amak lazki zerratüa
Ramuntxo
101 - Ixil hadi gizon beltza
Buhame aho gezürra
Gaxusak hitz eman ditak
Bihotza eta esküa
Raxel
102 - Hiriko alargün bati
Nah'izan düe ezkontü
Annabella
Sendoki züek bühürtü
Ta komentüa haitatü
Mozanbike
103 - Nihor ez dük aski aberats
Bere zortearen erosteko
Gü bezala hiz Ramuntxo
Bakartarzün et'exilio
Ramuntxo-k kanta
Damüen amarra
Gaü txorien botz samina
Lo gabeko destenorez
Eta damüen amarra
Amodioaren ordez
Aita gabeko sortzeak
Gal arazirik esperantxak
Eta bakartze handiak
Estalirik biharamenak
Ama ez egin nigarrik
Zük ez beitüzü ogenik
Arrotzak enganatürik
Malerusa trüfatütik
Arren nausitzen bizia
Deitzen dügün jinbeharra
Bietan ordüan hiltzea
Aita zü zirela kausa
Maitea ni zuretako
Nahi nüzü egon betiko
Kantore hau ezpainetan
Joanik ere desterrüan
Jelkaldi 16
Mügazainak eta kontrabandistak
Gomez
104 - Egon zitee hortxe haidürü
Ontsa zabalik begia
Azkenean tinka dezagün
Sarako ekipa fi hura
Turbo
105 - Ikusi ditiat kargatzen
Bi balot lodi bizkarrean
Hortxeko senda hortarik
Igaranen dütük ixtantean
Dupont
106 - Lehenik so zonbat diren
Lanjerari ez egon para
Kabale errebeltüari
Orobat beitzaio hiltzea
Sar kontrabandistak eta bataila
Joakim
107 - Hortxe zindeen animalttoak
Ejerki gorderik gure zai
Doi doia ezkapiko gira
Balot zonbait galdürik ere rai
Battita
108 - Egün batez Europa zehar
Ez dükek haboro mügarik
Harat hunatak oro libro
Ez dükek duanier beharrik
Terexa
109 - Mementoan ederretarik
Xantzaz ezkapi beitgira
Aste zonbait orai ükürü
Ahatz dezaen gure herexa
Jelkaldi 17
Ramuntxoren amaren hiltzea
Ama
110 - Ramuntxo ene haur hona
Korpitza diat sükarretan
Partitzeko oren hura
Senditzen diat horra dela
111 - Aski nahi badük jakin
Nolako zen hire aita
Mantetxeko kütxa hortan
Begiratü diat haren portreta
112 - Badakiat zer dükan pena
Nik ez düta ezagütü
Amak ez balü bortxatü
Gaxusa egonen zian haidürü
Ramuntxo
113 - Ixil zite ama otoi
Sendotzeari baizik pentsa
Aitortzen dit gordin dela
Gaxusari etsitzea
114 - Pentsatzen nizün agian
Orano berri delakoz
Joan banendi haren txerka
Et'Ameriketarat ondikoz
Ama
115 - Ez hori ez haur tristea
Hortan ez haüt jarraikitzen
Holako desein okerrek
Malürra düe ekarten
116 - Ramuntxo parka itzadak
Hire kontr' egin ogenak
Eztitüko zeitzak minak
Bertüte dikek denborak
Amari dantza
Haiku
Mila ihizi eta naba gain
Enegüz bizi hiltzearen zain
Hamalau kürlo zelüetan barna
Heben da üko zenen aztarna
Zazpi kolore elür soroan
Hiru kantore zure ahoan
Eta sahatsa dolamen lili
Doala hatsa xehatzen bihi
Lehena
117 - Frantxesa joan zikün ordüan
Hobeki dün bai tristea
Erran dine bankoetan
Zor franko ützi düala
Bigerrena
118 - Fite saldüko dik orai
Ramuntxo-k bere etxola
Beti nol' üzkür izan den
Laborantxako lanetara
Hirugerrena
119 - Balikek segür nahiant
Sal baleza bere lürxkota
Lür buxi baten hartzeko
Laborariak gal leioke zentzüa
Laugerrena
120 - Ez dük ez gure afera
Bena Ameriketarat joaitea
Funtsean orai hobe likek
Heben bardin zer ariko da
Bostgerrena
121 - Aita ziñan espainola
Ümen heinbat sos dünetarik
Jo dezala haren borta
Ez badü pürü südürretik
Seigerrena
122 - Goatzan zer den merkatüan
Zer preziotan arrautzeak
Goiti gure erosketak
Behera gure salgeiak
Satanak
Jelkaldi 19
Ramuntxo kontrabandista lagünekin
Battita
123 - Hebentik Züberoala
Bost oren bide nonbait han
Ais'atzamanen diagü han
Gaxusa bere komentüan
Jokim
124 - Gero Bordelen ontzia
Ta trauka aintzina itsasoa
Ameriketako hirietan
Züentzat bizi berria
Ramuntxo
125 - Sekülan düda baledi
Kanbiatü balü deseina
Enikek nahi bortxatü
Lehenik errespetüa
Ütsüa
126 - Hi hiz düdatzen Ramuntxo
Ez dükek gero dolürik
Korneta ütziko dik fite
Hiri bürüz datekealarik
Serora gehiena (Henriette Pinque)
127 - Hortxeko bijitazaleer
Zabal etzatzüe bortak
Ikus detzagün hobeki
Gazte horien begitarteak
Gaxusa
128 - Battita dizüt anaia
Hiru güntützün familian
Bestea... aldiz herritarra
Haur denborako lagüna
Battita
129 - Atharratzeko bestetan
Izan nüzü Ramuntxorekin
Izigarriko partida
Egin dizügü Züberotarrekin
130 - Besteinaz ontsa gütützü
Beti bardintsü berriak
Zonbat denbora dü orai
Zure Maulerat jiteak
Gaxusa
131 - Berehala urte bat jadanik
Honat nüzüela lagüntü
Denborak beitütü hegalak
Ta'Ramuntxo hau nola dügü
Ramuntxo
132 - Badoazü bai badoazü
Hola nikezü ideia
Ameriketarat joaitea
Holaxe düdan ideia
Gaxusa
133 - Ha Ameriketako ametsa
Zertako ez ausartatü
Gazte delarik bidajea
Zuri pentsatüko dügü
Serora hegiena
134 - Oo berehala düzü ülüna
Egin ditzagün adioak
Güri gure akodiñak
Ta züer bide nabarrak
Battita
135 - Ramuntxo berantzen ari zitak
Behar nikek etxerat sartü
Zer egiten ahal günean
Hantxe güntüan biak mütü
136 - Xantza hun Ameriketan
Inbeiatzen hait bai funtsian
Hihau(r) libro eta trankil
Ez ni bezala estekan
Züberoko gaü ülünak
Bürüak altxa eta izarrak herrokan
Argizagi ejerra, bazter ezagünak
Ikusten ziren jada üdüriaz lotan
Züberoko gaü ülünak
Jagoitik hedatzean lürralde orotan
Galdü ziren urteak halaber menteak
Kapar egin sendak ixiltü egünak
Ürrats dorpez abiatü saldoan jenteak
Züberoko gaü ülünak
Jagoitik erdoilaz biltzean kenteak
Hire etxe maldatik elkitzean behin
Bürüa altxa eta lür ertza hain argi
Amets ertzoa nüan iratzarrik egin
Züberoko gaüak zohardi
Jagoitik hedatüko zirela erregin
Nahin nüan gatiba nindezan biharrak
Kanta baten meneko eta hitzik gabe
Aitzina jarraikitzeko kontatzez izarrak
Züberoko gaüak labe
Ütxüratzez betiko geriza zilarak
Aingürüak
137 - Ramuntxo ez egin nigarrik
Ez behiz abandonatürik
Amaren bihotz zabalak
Begiratüko haü gaitzetik
138 - Ez txerka hitarik kanpo
Barnean dükan indarra
Hori entelegatzean
Hüillantüko sosegüa
Zelü urdinean odeiak lasterkan
Ateka trinkotan aizearen builtan
Zorte llabüreko bidaje lüzetan
Galdüko dira goizean lano eztietan
Jeik hadi artzaina jeiki ohetik
Bedatsea hor dela ez dük düdarik
Hire haidürü Irati eta Ahüzki
Bide zeiharretan artaldi xuriak
Eder dira eder üdüri odeiak
Elge sarietarat heltü bezain sarri
Irus gure ardiak marrakaz algarri
Jeik hadi artzaina jeiki ohetik
Bedatsea hor dela ez dük düdarik
Hire haidürü Irati eta Ahüzki
Nevadaran ere Iratin bezala
Euskal artzainak maite bere artaldea
Nahiz ez den beti aisa ofizioa
Bortüak emaiten merexitzen den zühürtzea
Ramuntxo
139 - Ez bada deüsere egürükitzen
Arintzen zaügü bizia
Pairamenak dü gatzatzen
Gizonaren sendimena
140 - Hebentxe oro galdürik
Nevadarako mendian
Jakin gabe nor nüan aita
Et'a ama gaixoa tunban
Pette (Pierre-Paul Irigaray)
141 - Ramuntxo egüneko gisa
Bi gaüzaz ez diagü axolarik
Atzo ohoin handi hura
Ta bihar ez dena gurea
Indianoa (Benjamin Cottard)
142 - Hortxeko soro berdeetan
Indioak hilik milaka
Estali dütü belarrak
Mündüa bardin aitzina
Zaharra (Michel Armagnague)
143 - Bizitzek'ütz bizitzera
Irus bizi nahi düanak
Edan dezagün drago bat
Eineritzen nik filosofiak
Nevadarako artzainak
Nevadarako mendian
Artzain hasi nintzanean
Ehün ardiren zain ni batere ez artzain
Maitea horiek oro noren gain
Seminolen pakadetan
Bazkarazi dügü frankotan
Indio da libro sekülan esklabo
Hilen beita izan beno
Hartza iratzartzen delarik
Eta mintzatzen harpetik
Pentsatzen düt beti Eüskal Herriari
Ene ama zen tristeari
Ni gal banendi Nevadan
Arranoen hil herrian
Bakartarzünean nihoren gogoan
Ikus arte best'aldean
Jelkaldi 22
Buhameak hegoaldeko bideetan
Raxel
144 - Ainerak hola gaitztürik
Goixtiar dükegü negüa
Goatzan fite hego bide
Kitorik dügüno ekia
Vladimir
145 - Parise dun goseareki
Arratuak mahainean
Gerlak ez beitü besterik
Tristeek sofritzen azkenean
Mozanbique
146 - Goatzan Nafarroari behera
Han beita mahats biltzea
Nafartarra bihotz huna
Zabaltzen dik bere sabaia
Elias
147 - Non dügü gure Ramuntxo
Hain fite ahatzerik herrian
Beste bat orai mihietan
Zer baratzen da xahakoan
Annabella
148 - Ez d'amodio irusik
Heben mündü apal hontan
Bardin haren ilüsionean
Hatsantzen gira bizian
Larrazken ederra
Norat galdü dira egün ederrak
Bedatse berriak guri emanak
Urtero bezala Andere natürak
Llabürtzen egünak jaunsten ürreak
Gaztaina mardotsak erorten dira
Arbolen adarrak bilaizi eta
Ürzo saldo urdinak iragan ondoan
Uste gabe sartzen gira negüan
Sasu ederrena larrazken okrea
Ez deio nahi ützi negüari leküa
San Martieko üda hain zaügü eztia
Gozatü behar da ahal güzia
Arotza (Roland Samalbide)
149 - Hantxek naiaka ürzoak
Ikusi ditiat pausatzen
Kabanan izan beharra
Hebentxek züekin higatzen
Laboraria (Jean-Paul Necibar)
150 - Hau zer larrazken ederra
Oro hazkürriz beterik
Parisen aldiz karrikan
Jentea halamikatürik
Luis ostalera
151 - Atzaman ditiat sei onddo beltx
Zaflatzen deizüet muleta
Adixkideeki apairüni bat
Zelüaren goraintzia
Rita
152 - Hortxe zirenaz geroztik
Ziauri zü ere Jaun erretora
Ez düzü bardin estroxarik
Hürrün dizügü goroxüma
Apeza
153 - Debrüa bola emaztea
Süstatürik gormandiza
Ez nezazüla kümita
Pentsatüz ezetz dateala
AZKEN PEREDIKÜA
154 - Huna beraz adixkideak
Ürrentzen dela pastorala
Jokatü dügü bihotzez
Ramuntxoren trajeria
155 - Historia xinpleñi hontan
Nahi den' ezagüt bedi
Biziak ekarten beitü
Dener atsegabe aski
156 - Ramuntxo-k sortzapenetik
Karreiatü liferenzia
Ezin jasanaren mina
Zer gaüza izigarria
157 - Ütziko dügü Ramuntxo
Betikoa da afera
Gaixtokeriaren erroa
Badakigü barna dela
158 - Nola zideen heben hanitx
Pastoral aktür eta kide
Egün dügün zoriona
Züaurek badakizüe
159 - Esker mila bihotzetik
Honat heltü zideen oroer
Familia biltzen delarik
Hon egiten deie bihotzer
160 - Jarraikirik ohidüra
Jokatü dügü pastorala
Amodio ütürri beita
Handitü zaügü bihotza
161 - Berriz arte adixkideak
Gora gure Eüskal Herria
Hartan irus Züberoa
Gure sor lekü maitea
Azken kantorea
Goizan odeiek, gorderik eki gorria,
Argiak sortzen, indarrez egün berria.
Liliek izotza, estalgi hotzgarria,
Beren loan haien xarmak, lanha batzarria,
Esperantxa da bizipide hazkürrüa
Idauz'Mendiri, agertü eki ürria,
Leinürü horrek, ejer maitarzün erria,
Eüskaldün berriz, lilistatü dü herria.
Herritarrentzat diren oritzapen goxo,
Mentez, mendixkak, hikika karrikari so,
Haien gainean izan, kurri, zonbat burhaso !
Gure izatearen, jabe, dira oso.
Haien ahalkez, gireia izan bastart atzo ?
Aiten xendeetan, egün, hain delarik gozo !
Josafaterat, eskerrezko mila bertso,
Züer bihotzez, jokatü dügün Ramuntxo.
Urte güziez, entzün gure deiadarra,
Xiberotarren, biltzale den jei zaharra.
Kültürak herribat, altxarazten plazara,
Ez arrakasta nahiz, eman hor indarra,
Bai batarzün, murraren hontzeko arra,
Ez dadin izan, urte eta ürrats bakarra.
Bihotzez etxek, piztü den eüskaldün garra,
Beroaraz dezan, gütan nortarzün beharra.
Aziak düntzen, lürra lotaraztez herroa,
Han urtez haritxa, ostatzez ospetsü doa...
Nola bardin hazten, mottoa bai ondoa.
Xibero arbola hor, behartsü badoa,
Zainek müga zabal, han da zühatz sanoa,
Hegoak buha, indar honaren ganoa.
Zazpi zühainek, oihan bat han Xiberoa
Bertüte honek, jünto zazpien geroa.