Euskal kirolariak
Maila eman dute
Euskal kirolariek zilarrezko domina bat, brontzezko bi eta zortzi olinpiar diploma lortu dituzte Pekingo Olinpiar Jokoetan.
Julen Etxeberria Pekin
Berriemaile berezia
Hiru domina eta zortzi olinpiar diploma. Hori da euskal kirolariek Pekingo Olinpiar Jokoetan bildu duten uzta. Ez da, ez, kopuru txarra, Txinako hiriburuan munduko onenak lehian aritu direla kontuan hartuta. Egia da gehiago espero zela, baina lehiaketak jartzen du bakoitza bere tokian, eta, salbuespenak salbuespen, Pekinen egindako lanaren saria jaso dute.
Iker Martinez eta Xabi Fernandez marinelek lortu dute berriro emaitza onena: urrezkoa izatea merezi zuen zilarrezko domina irabazi dute. Koska bat beherago geratu dira Leire Olaberria txirrindularia eta Jon Belaustegi eta Iker Romero eskubaloi jokalariak, brontzea irabazita. Zortzi olinpiar diplomak, berriz, kirolari hauen artean banatu dira: Ander Elosegi piraguista, Iñaki Lejarreta eta Asier Maeztu txirrindulariak, Leire Iglesias judoka, Maider Unda borrokalaria, Rocio Ibarra, Barbara Malda eta Maria Lopez de Egilaz belar hockeyko jokalariak, Almudena Cid gimnasta eta Juan Jose Aranburu tiralaria.
Pekinen aritu diren 25 kirolarietatik, beraz, hamabost kirolarik lortu dute domina edo olinpiar diploma, erdiek baino gehiagok. Beste hamarrak esku-hutsik itzuli dira etxera. Horietatik batzuek, hala ere, aspaldi bete zuten helburua, Olinpiar Jokoetarako sailkatuta. Beste batzuk, aldiz, uste baino eskasago aritu dira.
Iker Martinez eta Xabi Fernandez.Orain lau urte Atenasen 49er mailan urrezko domina irabazi ondoren, domina bat irabaztea zuten helburu Pekinen. Helburua bete dute zilarra irabazita, baina sari handiagoa jasotzea merezi zuten. Danimarkak azken estropada erabakigarrian egindako trikimailu batek eragotzi zien Atenasen lortutakoa errepikatzea. Nazioarteko Estropadetako Epaimahaiak araudia aintzat hartu izan balu, Martinezek eta Fernandezek eskuan izan behar lukete urrezko domina.
Leire Olaberria. Estreinaldi ezin hobea izan du Olinpiar Jokoetan, brontzezko domina irabazi baitu pistako txirrindularitzako puntuazioan. Onenen pare aritzea zuen helburu, eta, ahal izanez gero, podiumetik gertu egotea. Azken emaitzak agerian utzi du helburua bete duela, baita ondo bete ere. Lanean gogor jarraitzeko akuilu ederra da Pekinen lortutako emaitza bikaina.
Jon Belaustegi eta Iker Romero. Olinpiar Jokoetarako estu eta larri sailkatu ondoren, zalantza asko zeuden Espainiako eskubaloi selekzioak zer egin ote zezakeen. Zalantza horiek, gainera, handitu egin ziren lehen ligaxkan. Baina final-laurdenetako zozketan zortea izan zuen, eta Hego Korea egokitu zitzaion. Horrek domina bat irabazteko lehian aritzeko aukera eman zion. Islandiaren aurka finalerdietan galdu ondoren, Kroazia izan zuten aurkari brontzea eskuratzeko lehian. Lehiaketa guztian ez bezala, bikain jokatu zuen Espainiak, eta brontzea eskuratu. Jon Belaustegik eta batez ere Iker Romerok lan ona egin dute Pekinen.
Ander Elosegi. 20 urte eskasekin Pekinerako sailkatuta, helburua bete zuen. Baina gehiago nahi zuen: ur bizietako C-1eko finalean sartu eta dominetatik gertu egotea. Biak lortu ditu. Laugarren sailkatu zen finalean, eta oso gertu izan zuen brontzezko domina.
Iñaki Lejarreta. Olinpiar Jokoetako lehen aldiz parte hartu eta diploma bat irabaztearekin konformatzen zen. Eta helburua bete du, zortzigarren sailkatu baitzen mendiko bizikletan. Atzetik aurrerako lasterketa egin zuen, oso txukun.
Asier Maeztu. Atenasen brontzea irabazi zuen jazarpen talde erdia aldatu ondoren, donostiarrak bazekien oso zaila izango zela dominaren bat irabaztea. Horregatik ontzat ematen zuen olinpiar diploma bat irabaztea. Eta hori lortu du Pekinen. Hori bai, Espainiako taldea ez zen gai izan finalean sartzeko, eta zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen azkenean.
Leire Iglesias. Cecilia Blancoren itzaletik atera eta Pekinerako sailkatuta, Iglesiasek gutxienez dominaren bat lortzeko lehian egon nahi zuen 70 kiloz azpiko mailan. Eta helburua bete du, oso ondo aritu baitzen lehiaketan. Zoritxarrez, amore eman zuen brontzea irabazteko borrokan.
Maider Unda. Iglesiasek bezala, gutxienez dominaren bat lortzeko lehian ibili nahi zuen borroka libreko 72 kiloz azpikoetan. Helburua bete du. Iglesiasek bezala, oso ondo jardun zuen lehiaketan, eta, Iglesiasek bezala, brontzea irabazteko borrokan eman zuen amore.
Rocio Ibarra, Barbara Malda eta Maria Lopez de Egilaz. Gutxienez olinpiar diploma bat irabazi nahi zuten. Lehen ligaxkan kale egin ondoren, olinpiar diploma zen lor zezaketen saririk handiena. Azkenean diploma eskuratu zuten, zazpigarren izan ondoren.
Almudena Cid. Laugarren aldiz Olinpiar Jokoetarako sailkatuta, historia egin zuen. Inork ez zuen horrelakorik lortu. Eta Pekinen erremate ederra jarri dio bere kirol ibilbideari, laugarren aldiz gimnastika erritmikoko banakako finalean sartu, zortzigarren izan eta olinpiar diploma eskuratuta.
Juan Jose Aranburu. Onenekin lehian aritu nahi zuen skeet diziplinan, eta, ahal izanez gero, finalerako sailkatu. Gutxigatik ez zen sartu finalean, baina olinpiar diploma eskuratu zuen, zortzigarren izan ondoren.
Naroa Agirre. Bazekien sasoian 4,40 metro eskas saltatu ondoren oso zaila izango zela pertikako finalerako sailkatzea. Marka bera errepikatu zuen sailkapenean, eta, noski, finaletik kanpo geratu zen. Suspertu beharrean dago Agirre, bere aurkariak gora ari direlako egiten, eta bera behera.
Mikel Odriozola. Konfiantzaz gainezka zegoen, dominetatik gertu egoteko itxaropen handiz. Baina ezinean aritu zen 50 kilometro ibilketan, eta hamahirugarren amaitu zuen proba. Eguraldiak eta hezetasunak txikitu egin zuten Odriozola. Pena da, berarentzat Pekingoak azken Olinpiar Jokoak izan daitezkeelako.
Yoana Martinez. Pekinerako sailkatuta, balentria lortu zuen. Txinako hiriburuan lehen garaipena lortu nahi zuen euskal badmintonarentzat eta Espainiako selekzioarentzat. Eta helburua lortu zuen, lehen partidan Erin Carroll australiarrari irabazita. Bigarren partidan, ordea, ez zuen aukerarik izan.
Barbara Gonzalez eta Lara Gonzalez. Lehen postuetatik gertu egon nahi zuten taldekako gimnastika erritmikoan, baina kale egin zuten sailkapenean, eta finaletik kanpo geratu. 11. sailkatu ziren, espero baino dezente beherago.
Borja Iradier. Bular estiloko 100 metroko finalerdietarako sailkatu nahi zuen, baina uste baino okerrago aritu zen, eta aurkariak, uste baino hobeto. Horren ondorioz, finalerdietatik kanpo geratu zen.
Arantxa Ramos. 4x200 metro txandakako finalerako sailkatu eta, ondorioz, olinpiar diploma eskuratu nahi zuen. Baina finalerdietan gaizki aritu zen Espainiako taldea, eta ez zuen finalerako sailkatzeko aukerarik izan.
Maialen Chourraut. Behin Pekinerako sailkatu eta helburua beteta, ur bizietako K-1eko finalera sartu nahi zuen, eta hor ahal zuen onena egin. Sailkapeneko lehen jaitsieran egindako huts batek, ordea, finalean egoteko aukerarik gabe utzi zuen.
Jon Garcia. Domina bat irabaztea zuen helburu taekwondoko 80 kilotik gorako mailan, baina lehen borrokan galdu eta aukerarik gabe geratu zen. Atenasen ere gauza bera gertatu zitzaion. Ez du zorterik Olinpiar Jokoetan.
Ainhoa Murua. Ahal zuen lan onena egin nahi zuen triatloian, baina lehiaketa aurreko egunetan izandako arazo fisikoen ondorioz —sukarra izan zuen—, sasoiz nahiko justu iritsi zen lehiaketa egunera. Ahal zuena egin zuen, eta 28. postuarekin konformatu behar izan zuen.
U
Z
B
G
1. Txina
51
21
28
100
2. AEB
36
38
36
110
3. Errusia
23
21
28
72
4. Erresuma Batua
19
13
15
47
5. Alemania
16
10
15
41
6. Australia
14
15
17
46
7. Hego Korea
13
10
8
31
8. Japonia
9
6
10
25
9. Italia
8
10
10
28
10. Frantzia
7
16
17
40
Juan Jose Aranburu
Olinpiar Tiroa
Jaioterria: Irun (Gipuzkoa). Jaioteguna: 1971eko urriak 13. Proba: Skeet modalitatea. Lehiaketa egunak: Abuztuak 15-16. Parte hartzeak: Lehen aldiz Olinpiar Jokoetan.
© 2008 Berria.info