Hemen zaude: Ataria » Elkarrizketak
Urko Kolomo Pekinen turismoa egiten ari den euskalduna
«Ez dago lasai egoteko tokirik; beti dituzu milaka lagun ondoan»
Lagun batek Olinpiar Jokoetan lan egin behar zuela aprobetxatu du Txinan barrena turismoa egiteko.
I. Murua Uria Pekin
Berriemaile berezia
Urko Kolomo tolosarrari ezin hobeto etorri zaio lagun batek Pekingo Olinpiar Jokoetan lan egin behar izateak. Ederki aprobetxatu du aukera Txinan turismoa egiteko eta Jokoetako zenbait lehiaketa ikusteko.
Zer egiten du tolosar batek Pekinen?
Turismoa egin! Zer egingo dut, bada! Lagun batek Olinpiar Jokoetan lan egin behar zuela aprobetxatuta, hona etorri naiz berarekin. Hilabete inguru egingo dut Txinan, datorren astera arte. Ezin naiz kexatu. Irakaslea naiz eta, badakizu, irakasleek opor luzeak izan ohi ditugu [barrez].
Zer ikusi duzu Txinan?
Pekinen izan naiz gehienbat, baina beste hainbat tokitan ere ibili naiz: Tianjinen, Qingdaon, Janinen, mendian. Datorren astean, berriz, Shanghai aldera joango gara. Shanghai, Suzhou eta Mendi Horia ikusi nahi ditugu.
Turismoa egiteaz gain, Olinpiar Jokoetako lehiaketarik ikusi al duzu?
Bai, noski. Tenisa, piraguismoa eta atletismoa ikusi ditut. Piraguismoan, Maialen Chourraut ikusten izan ginen, eta atletismoan, Mikel Odriozola. Eskubaloia ikustekotan ere egon nintzen, baina azkenean ezin izan nuen sarrerarik lortu.
Nola lortu dituzu sarrerak?
Birsalmentan. Ez da izan beste aukerarik. Teniseko sarrera mutil gazte bati erosi nion, nahiko merke: 50 yuan balio zuen (bost euro inguru), eta nik 200 yuan ordaindu nituen (hogei euro inguru). Atletismoko sarrerak, berriz, 200 yuan balio zuen (hogei euro inguru) eta 600 yuan ordaindu nituen (60 euro inguru). Egia esan, hemengo jende askok sekulako negozioa egin du sarrerak birsaltzen.
Zer gustatu zaizu gehien Jokoetatik?
Dena zein antolatuta dagoen. Jende pila ari da buru-belarri lanean. Boluntarioak, esaterako, nonahi ikus daitezke. Izugarria da. Gainera, beti daude laguntzeko prest, nahiz eta zure hizkuntza jakin ez. Borondate ona dute beti, eta oso adeitsuak dira.
Eta zer gustatu zaizu gutxien?
Segurtasunaren aitzakian hamaika debeku daudela. Ezin da eguneroko bizitza egin. Turismo gune asko hainbat egunez egon dira itxita, ezin zara zenbait kaletatik pasatu, kamioiak ezin dira Pekinera sartu, ez didate uzten arrebarentzat erosi nituen akupuntura orratz batzuk metrora sartzen... Horrela zerrenda luzea.
Gomendatuko zenuke Txinara oporretan etortzea?
Bai, noski, baina hona datorrenak argi izan behar du ez duela lasai egoteko tokirik topatutako. Berdin dio mendiko tontor batera igotzea, beti daude milaka lagun zure ondoan. Eta, azkenean, horrek guztiak nekatu egiten du, zenbait unetan lasai egon nahi duzulako eta ezin duzulako lortu.
U
Z
B
G
1. Txina
51
21
28
100
2. AEB
36
38
36
110
3. Errusia
23
21
28
72
4. Erresuma Batua
19
13
15
47
5. Alemania
16
10
15
41
6. Australia
14
15
17
46
7. Hego Korea
13
10
8
31
8. Japonia
9
6
10
25
9. Italia
8
10
10
28
10. Frantzia
7
16
17
40
Maider Unda
Borroka librea
Jaioterria: Gasteiz (Araba). Jaioteguna: 1977ko uztailak 2. Proba: 72 kiloz azpikoa. Lehiaketa egunak: Abuztuak 17. Parte hartzeak: Lehen aldiz Olinpiar Jokoetan.
© 2008 Berria.info