|
:: Hemingway begira eduki nuenekoa
Iraultza industrialak ekarri zuen bizitza-estilo alienatuari
plazerezko etekinen bat ateratzeko aukera bakarrenetako
bat da trena. Giza abaraska lanpetuak diruditen bi geltoki
zalapartatsuen arteko parentesia bat: bidaiariari, trena
abiatu orduko, ahaztu zaio lanera doan ala lanetik datorren.
Liburu bat irakurri edo musika entzun edo leihotik begiratu
ordez, berarekin batera trenean doazenenei begira entretenituko
balitz ere, haren irudimena ez dago trenean.
Auto bat aloka nezakeen hara-hona ibiltzeko, baina
nahiago dut trena, ditugun azpiegitura negargarrien
tamalagatik, nahi nukeen baino gutxiago ibiltzen naiz-eta
trenez. Unai Elorriagak SPrako tranbia nobelako «tren-usaina
(oso inportantea da usaina, tren-usaina)» eta
erritmoa sentitu nahi ditut: eraman nazala, nazala eraman
irakurtzen dudan bitartean, leihotik begira ari naizela,
nire ondoan mapa bati begira ari diren bi motxiladunei
erreparatzen diedalarik. Agian, Primo Leviren Sistema
periodikoa-n ageri den Sandro mendizalearen CAI (Italiako
Mendizaleen Elkartea) gida «erabat maiztua»
da bi gazteak begiratzen ari direna, eta gidan seinalatutako
harkaitz egokien bila ari dira «senez ibiltzeko,
teknikaz baino areago, eskuen indarrei fidaturik».
Motxiladun gehiago ere igo da trenera, mendiari begira
baitago Padania. Mendiaren museo bat dago Torinon. Delle
Alpi izena du Juventus futbol taldearen zelaiak. Mendia
gai nagusitzat duten idazleen elkarte batek —Grupo
Italiano di Scrittori di Montagna (GIMS)— kongresu
bat egin berri du Aostan…
Ez dago mendia gai dutenen idazle-bazkun horretako
parte izan beharrik mendia eta literatura elkartzeko.
Aipatu berri dudan Primo Levik mendiari buruzko pasarte
ederrak ditu bere hainbat obretan. Ezaguna da San Stefano
Belbo inguruan dauden bular itxurako bi muinoenganako
obsesio erotikoa Cesare Paveseren obran. Eskalatzaileek
oso kutuna duten Dolomitetako obelisko itxurako harri
tzar baten berri eman dute egunotako egunkariek, harriak
goitik behera erdibitzeko arriskua duela salatuz: Dino
Buzzati, idazle izateaz gainera eskalatzailea baitzen,
harri tzarraren puntan ageri da egunkari batek baino
gehiago eman duen 1940 urte inguruko argazki batean.
Eskalatzailea da, halaber, Erri de Luca, azken urteotan
Italiak eman duen narratzaile orijinaletakoa.
Aosta inguruko mendi hauetan eman zituen onenak faxismoaren
kontrako erresistentziak ere: mendiotan galdu zuen bizia
Leone Ginzburg-ek, Natalia Ginzburg-en senarrak, Paristik
Italiara Quaderni di Giustizia e Libertà (Justiziaren
eta askatasunaren koadernoak) aldizkari klandestinoaren
aleak zeramatzala. Mendiotako gerrari buruzko oroitzapen
autobiografikoak baliatu zituen Italo Calvinok bere
lehendabiziko nobela idazteko, erresistentziak mendia
baitzuen gordeleku. Partisanoen ibilerek eta mendiotako
nekazarien bizitzak inspiratu zuten Beppo Fenoglioren
obra osoa...
Aittona oporretan
Dokumentazioa eskatu didan gizona gehitu behar zaio
tren-txartela eskatu didanari. Baina ez dut poliziaren
presentziaz harritzeko betarik izan, Ivreara, Olivetti
idazmakinen hirira, iristen ari baikara. Hemengotzat
jo nuen nire Kapitain Frakasa eleberriko pertsonaia,
hona itzultzea zuen obsesio bakar. Nola ezagutu nuen
hiria orain hogeita hamar bat urte, nola deskribatu
nuen gero nobelan omega edo karramarro baten itxurarekin,
nolakoa ote den orain…
Trenak Ivrean egin duen geldiune laburrean, trenetik
jaitsi eta osteratxo bat ematea otu zait buruan darabildanari
erantzuteko. Ia ordutik ordura irteten dira trenak Aostara,
ez nuke galera handirik izango. Baina Ivreara itzultzekotan,
ironiarekin itzuli behar nuke. Goizak, ordea, ez du
trenpeotarako ematen, beste polizia bat sartu baita
bagoian berriro ere dokumentazioa eskatzera. Luzoker
edo pepino baten itxura guztia du haren aurpegiak. Nire
nortasun agiria hartu du, baina ez dio begiratu ere
egin; grazie esan, agiria itzuli, eta mendizaleei eskatu
die dokumentazioa. Nireari baino arreta gehiago eskatu
die haienei. Motxilei ere erreparatu die, baina ez die
zabaltzeko agindu. Luzoker-aurpegiak alde egin duenean,
il nonno-ren oporrei egotzi diete gazteek poliziaren
presentzia. Niri bakarrik bururatzen zait il nonno (aitona)
Wojtila Val d’Aostara oporretan doan egun berean
harako trena hartzea!
Po ibaiaren adar nagusia, Dora Baltea, bete-betea dator,
sasoi honetan gertatzen baita glaziarretako elurren
urtze nagusia. Urak behera eta trena gora, nonahi ikusten
dira mahasti txikiak mazal-mailetan landatuta, ugariak
dira uraren indarra baliatzen duten zentral elektrikoak,
ia herri gehienek dituzte izen frantsesak (Saint Vincent,
Chatillon, Pont Saint Martin), lur hauek orain bi mende
doi Saboiaren mende zeudela gogoratzen dutenak. Mussolinik
italiera ez beste hizkuntza guztiak debekatu eta gero,
hegoaldeko italiar mordoa ekarri zuen ordu arte lurralde
hauetan egiten ziren bi hizkuntzak, frantsesa eta harpidanoa
(hala deitzen diote hemen okzitanierari, gehien hitz
egiten hizkuntzari) errotik atera eta italiera sustraitzeko.
Harpidanoz eta frantsesez idatzita zeuden hilerrietako
inskripzioak suntsitzerainoko herra erakutsi zuten.
Gaur italiar haien ondorengoek hemen segitzen dute,
baina frantsesa ofiziala da italierarekin batera. Ez,
ordea, harpidanoa.
Frantsesaren ofizialtasunak italiar nazionalistenen
su amorratua suspertzen du: esentzia betikotzat jotzen
dute berrehun eta berrogeita hamar urte doi duen Italiaren
batasuna, eta naziotasunaren kontrakotzat daukate Aostan
frantsesa koofiziala izatea. Italiartasunaren eskuzabaltasun
suizidatzat dute Bolzanon alemana koofiziala izatea
ere, edo Triesten esloveniera. Alferrik jardungo dute
Aostako frankofonoek Italiako futbol taldea animatzen
Frantziaren kontra, edo Bolzanoko aleman hiztunek gauza
bera egiten Alemania bada Italiaren aurkaria…
Ez dituzte nazionalistenak engainatuko: Italiaren etsai
bat dago italiera hitz egin nahi ez duen bakoitzaren
larruan, non?, eta Italiaren muga-mugan.
Gutxiago kezkatzen dira administrazioaren mahaitik
eroritako ogi-apurrak ere hartzeko eskubiderik ez duten
hizkuntzez. Val d’Aosta osoan hitz egiten den
harpidanoa (lautik hiru valdostanoren lehen hizkuntza
da) eta Alpeetako mendi-magaletako erreten, haran txiki,
eta baso ertzetan hitz egiten diren walser, mocheno,
ladino, cimbro, carinziano edo brigasco bezalako hizkuntzak
ez dira kezkagarri: ez dute hemendik eta handik gogor
bultzatu behar handirik berez erortzeko, batez ere harpidanoa
ez beste guztiak: koofizialak ez izateaz gainera, ez
dira inguruko nazioek (Frantziak, Alemaniak, Eslobeniak…)
Italian sartuta dauzkaten Troiako zaldiak.
Alfer bidaiaren aringarri
Polizia gehiagok (eskerrak aittona hemendik berrogeita
hamar bat kilometrotara dagoen!) eta bero sapa kiskalgarri
batek hartu naute Aostako geltokian jaitsi naizenean.
Itzalpetik itzalpera egin dut via Ribiteletik (via Bancaria
behar luke, ezker-eskuin ez baitaago bankua besterik)
Piazza Chanoux-era. Orain hogeita hamar bat urte hartu
nion itxura bera —mendia postaletan bakarrik maite
dutenen balnearioarena— izaten segitzen du. Plazaren
erdian, erresistentzia gogorarazten duen brontzezko
eskultura handi samar bat, alpino jantzian dauden soldadu
batzuekin. «Ca custa lûn ca custa, Viva
l’Austa» dio oinean daraman inskripzioak.
Haren esanahiaz galdetu diot informazio-bulegoko arduradunari.
«Kosta ahala kosta, gora Aosta» itzuli dit.
Dialektoz omen dago. Dialektoaz galdetu diodanean, ez
dit argibiderik eman. Sorbaldak jaso ditu. «Dialektoz
zagok, zer gehiago nahi duk esatea nik?» pentsatzen
ari dela ematen du. Erresistentziaren museoaz galdetu
diot gero. Itxita dagoela. Obretan. Ia urtebete daramala
itxita, eta ez dakiela noiz zabalduko duten. Aosta ondoan
dagoen Val Grisenchen izeneko haranean bost egun barru
zabaltzekotan diren gerrari buruzko erakusketa bati
buruzko propaganda eman dit segidan. Ea gerra interesatzen
zaidan. Ezetz, nik. Literatura interesatzen zaidala
eta Erresistentziaren museoan dauden gerrari buruzko
emaitza literarioek eta gerran parte hartutako idazleei
buruzko gorabeherek ekarri nautela Aostara. «Ez
beste ezerk» esateko gogoa irentsi dut.
Katedralean osteratxo bat egin eta gero —ikusgarria
da eraikuntzaren forma gordinek osotasunari ematen dioten
dotorezia—, Chiesa di Sant’Orsori egin diodan
bisitak arindu dit alfer bidaia egin izanaren etsipena.
Xarma handiko gauza asko eta desberdinak ditu ikusteko
(freskoak, korua, klaustro erromanikoko kapitelak…),
eta kanpoko beroarekin alderatuta, hozgiro atsegina
egiten du bertan.
Sant’Orso barruko freskura eskergarriaren ondoren,
erreago egin dit eraso bero sapak. Inbidiaz begiratu
diot emakume batek sokatik tiraka daraman rottweiler
zakurraren bisera gorriari.
Tripetako zorriak ordurako kexatzen hasiak, non zer
jango hasi naiz. Sant’Orso elizatik hurbil, izen
bereko taberna bat dago. Hemingwayren hartz itxurako
irudi handi batek menuaren pizarra dauka atzaparren
artean. Baina ez naiz fetitxe zalea, eta, gainera, fetitxismo
guztiak uxatzeko modukoak dira Hemingwayren itxura onkotearen
erreklamora eskaintzen dizkidaten plateren prezioak.
Alboko terraza batean jan ditut entsalada apal bat
eta gazta pixka bat. Hemingway-ren begirada eraman ezinez
(nire dietak ez lioke hagin bat ere aseko Ernest-i),
pasadatxo bat eman diot Corriere egunkariari. Poliziak
Alto Adigen aurkitu omen duen dinamitaz betetako tutu
baten berri dakar portadak. Tutuan, Tirol hitza ageri
omen zen labana batez idatzita. Aurkikundeak 60ko hamarkadan
izan ziren atentatu separatisten beldurra susper dezakeela
dio egunkariak. Tutuak ez du eztanda egin eta ez zeraman
lehergailurik ere, baina iruditzen zait egunkaria dela
atentatu separatisten beldurra suspertzen ari dena,
ez tutua.
Dinamitaz betetako tutuari buruzko albistearen ondoan,
Berlusconiren gobernua pasatzen ari den krisiaren berri.
Unerik latzena du Il Cavaliere-k gobernuaren kargu egin
zenetik, eta ez dakit zergatik, baina elkarren ondoan
dauden bi albisteek ematen duen baino lotura gehiago
dutela iruditu zait.
Hemingwayren aurpegi onkoteak niri begira segitzen
du.
|
::
‘Insalata monocolore’
Italiako entsalada linguistikoaren osagai
nagusia italiera da, baina ez bakarra. Italieraren dialektoak
ere, italiera estandarra ezagutzen duen arrotz batek
askotan usaindu ere egiten ez dituenak, osagai inportanteak
dira. Hiru multzo nagusitan banatzen dira harrigarriro
zabalduta eta bizi-bizi dauden hainbat eta hainbat dialekto
eta azpi-dialekto: hegoaldekoak, toskanoak eta erdi
aldekoak. Italiako idazleek berebiziko gatz, ozpin eta
piperra ateratzen jakin dute dialektoen erabilera literarioari.
Euskaldunon entsalada literariori ez letorkioke batere
gaizki erabili eta erabiltzen dituzten errezeten ezagutza.
Badira italierarekin zerikusi gutxi
edo batere ez dutenak entsaladaren konposizioan: Aostan
eta Piamonteko Alpeetan, italieraz gainera, frantsesa
eta franko-okzitaniera hitz egiten dira; okzitaniera,
Piamonteko Alpeetan eta Calabriako komunan; alemaniera,
Alto Adigen eta hainbat lurralde alpinoetan; esloveniera,
Friulin eta Alpe Giulietan; serbo-kroaziera, Molisen;
greziera, Salento eta Calabrian; albaniera, Molisen,
Campanian, Garganon, Lucanian, Calabrian, eta Sizilian;
katalana, Algheron eta Sardinian.
Frantsesa Aostan, alemaniera Alto Adigen
eta esloveniera Friuli eta Venezia-Giulian soilik dira
koofizial gisa eta gogoz kontra onartuta dauden hizkuntzak.
Mangiare qualcuno in insalata (inor entsaladan jatea)
esaten diote italiarrek batek bestea gainditzeari. Italiartasuna
deitzen dioten balio aberkoi horrek kolore bakarrekoa
nahi luke entsalada. |