:: Oregano
bila arkupeetan
Mediterraneoa atzean utzi berri,
hegazkina Italian sartu da. Nire ezker aldean, Alpe
mendiak, gainari gain. Gailur elurtu horietako batek
behar du izan Viso mendia, Po ibaiari hasiera ematen
dion altzo maldatsua. Ez dago lainorik, argi-argi ikusten
dira Val Padana edo Padaniaren iparreko muga egiten
duten mendiak eta arrailak. Claudio Magris-ek Danubio
liburu gogoangarrian egindako txango erdi literario
erdi bidaiaria darabilt gogoan, neuk ere, neure apal-laburrean,
antzeko zerbait egiten saiatu beharko baitut, Mediterraneotik
Adriatikora, Po ibaiaren inguruetako hiri, istorio eta
desioekin.
Hegazkina jaisten hasi da. Eskuetan
naraman liburua gorde dut zorroan. Kezka bakarra daukat
—kezka deitzerik badago— etxetik irten naizenetik:
erreportajeoi eman behar diedan formak eta tonuak arduratzen
nau. Bidaia-koaderno baten itxura izango du testuak,
egutegi bat idatziko dut, dietario baten idazketa-modua
hartuko dit idatziko dudanak?
Hegazkinetik jaitsi garen hamaika
bidaiariak, maleta-garraioan aritzen diren langile bakan
batzuk eta zigarroa erre beste zereginik ez duten bi
polizia, besterik ez dabil Caselle aireportuan. Bertako
zerbitzu-postu eta denda gehienak itxita daude. Kanpoan
ere urri dira taxiak. Mugimendu gutxiko aireportua da
Caselle, Torino bezalako hiri bati legokiokeena baino
askoz ere txikiagoa: kilometro gutxitara dago Milango
Malpensa, eta hark betetzen omen ditu torinotarren premia
gehienak. Hala diote, behintzat, torinotarrek ez beste
guztiek.
Lauzpabost taxi besterik ez kanpoan,
eta Italia osoan dagoen taxi-gidaririk triste isilena
egokitu behar niri. Bi aireportuen arteko konpetentziaz,
eguraldiaz, Torinon sartzerakoan errepide ondoan dagoen
kanposantu izugarriaz, orain urte dezente kongresu-leku
bihurtu zuten Fiat fabrika zaharraz, ia guztiari buruz
galdetu diot. Baita Berlusconiri buruz ere, inkesten
arabera italiarren arteko jardun ohikoenaz. Ez diot,
ordea, bi hitz baino gehiago atera. Burutik pasatu zait
fortuna tentatzea Italiak Portugaleko futbol-txapelketan
egindako barregarrikeria aipatuz, baina ez naiz hain
mendeku gaiztoa hartzera ausartu. Hotel aurrera iritsi
eta ordainketaren agiria eskatu diodanean, marmarka
bete dit orritxoa. Alditan balentria handia eta psikoanalisiak
eman ezin dezakeen oreka behar izaten dira Vàttene!
(hoa popatik!) esateko gogoa bridatzeko.
Ikusiko dugu…
Bide-fardelak utzi eta gero hiru
egunez ostatu eta bulego izango dudan hoteleko gela
txikian, ez mapa eta ez norabide, lehen espediziotxoa
egitera irten naiz. Giro dago paseorako, eguzkiaren
malda beherak ordu arteko errea arindu baitio beroari.
Idazle-izen goratsuak dituzten kalez osatutako auzo
batean dago hotela, Porta Nuova tren-geltoki nagusitik
hamar bat minutura. Harlauzez estalitako zoru batena
bezalakoa baita Torino hiriaren geometria beti bera,
lasai ibil daiteke bertako kaleetan galtzeko beldurrik
gabe eta itzulerako zenbat bide geratzen den kalkulatuz.
Torino desberdindu beharko banu eta bakandu ezagutzen
ditudan gainerako hirietatik, ia amaierarik gabeko arkupeak
(hogeita bi kilometro) eta oregano-usaina (pizzek eraman
ohi duten espezie nagusia) nabarmenduko nituzke hiriaren
ezaugarritzat. Geltoki inguruko arkupeetan usaintzen
ari naizen oregano-usain bera sentituko zuten Pavesek,
Primo eta Carlo Levik, Leone eta Natalia Ginzburg-ek,
Calvinok eta Vittorinik ere Einaudi argitaletxera bidean,
edo arkupeotako terrazaren batean…
Obretan eta hesiz inguratuta dago
geltoki aurreko plaza handia. Ipurdiz gora daude hiriaren
zentroko hainbat kale nagusi ere. Horixe da azkeneko
aldiz hemen egon nintzenetik ateratzen ari naizen alde
nabarmenena. Ez dago, ordea, obren zergatia argituko
duen iragarkirik. Terraza batean eseri naiz. Garagardoa
atera didan zerbitzariak argitu dit niretzat misterioa
eta haientzat endredoa besterik ez dena: metroa egiten
ari dira 2008 urtean jokatuko diren Neguko Olinpiar
Jokoetarako, oso kilometro gutxitara baitaude Alpeak
eta Italiako eski-gune nagusiak. Metroak, hiriko trafikoa
arintzeaz gainera, ia eski-pistetan utziko omen du jendea.
Hiriarentzat inportantea izango dela iradoki diot. Vederemo
come si metteno le cose (ikusiko dugu nola datozen kontuak)
erantzun dit zerbitzariak eszeptizismo-puntu batez.
Keinu bat
Alpeetatik jaisten den udako haize
beroak eragindako sapak, bat-batean gertatzen bada,
zuhurrena erotzerainoko dilatazioa eragin omen dezake
neguko haize hotzak uzkurtutako burmuinetan. Hala dio,
behintzat, Torinoko jendeak, kaleetan ikusten diren
zoro, buru-ments eta begirada galduko pertsonen ugaritasuna
zuritzeko seguru asko. Horregatik eraiki omen zituzten
etxadi arkupedunak, Alpeetako haize bero eta hotzen
eraginetik babesteko.
Haizeak eragina ala ez, Torinok
altua du suizidio-tasa. 1911 urtean, bero sapa handia
egiten zuen uda aurreko egun erre batez, Emilio Salgarik
bere buruaz beste egin zuen Torino inguratzen duten
muinoetan hain ugariak diren landetxetako batean. Zorrez
lepo eta emaztea minbiziaz hil berri, azken-mezu izugarri
bezain ozpina utzi zien bere abentura-liburuekin diruz
lepo egindako editoreei:
«Zuei, nire larrutik aberastu zaretenoi, ni eta
nire familia erdi miseria batean edo are egoera latzagoan
eduki gaituzuenoi, gauza bakarra eskatzen dizuet: eman
dizkizuedan irabazi ugarien ordainetan, paga itzazue
nire hiletaren gastuak. Nire luma puskatuz agurtzen
zaituztet».
Sandokanen arerio malaiarren eskuetan
deskribatu zituen aizto zorrotz beldurgarri haietako
batez sabela zulatuz hil zen. Piraten abentura gogoangarrienak
idatzi zituen gizon hura ez zen sekula Po inguruetatik
urrutiratu. «Ikusi ditudan benetako pirata bakarrak
editoreak dira», aitortu zion behin kazetari bati.
Salgarik bere buruaz beste egin
eta berrogei bat urte geroago, 1950eko abuztuaren hamazazpian,
«suizidioak hilketa herabetiak dira» idatzi
zuen Cesare Pavesek Bizitza lanbide izeneko bere egutegian.
Hurrengo egunean, abuztuaren hamazazpian, «aski
da adore apur bat». Eta pixka bat aurrerago, literatur
zaleen artean nahiko ezagunak diren hitzekin amaitu
zuen Pavesek egutegia:
«Hitzik ez. Keinu bat. Ez dut gehiago idatziko».
Biharamunean, katu beltz bat topatu
zuen Albergo Roma ostatuko zerbitzari batek Paveseren
gorpua zaintzen.
Aise bilatu dut ostatua, bigarren
eskuko liburuen saltokiz beteriko arkupe batzuetan.
Orain Hotel Roma da, neoizko argi gorri batek adierazten
duenez. Ez du Paveseren garaiko argazkietako zahar itxurarik.
Sarrerako alfonbra, harrera-gela, altzari eta gortinak,
dena da berria hemen. Argazki pare bat atera ditut.
Harrera-gelako gizonak gaizto begiratu dit. Asko izango
dira ni bezala hurbiltzen direnak.
Jiraturik, liburu zaharren ikusmiran egon naiz liburu
zaharren saltokietako batean. Einaudik argitaratutako
Paveseren gutunen bi tomo eta Natalia Ginzburg-en Ritratto
d’un amico (Adiskide baten argazkia) erosi dizkiot
bouquiniste bati.
Orratzek hamabietan bat
egin zutenekoa
Trattoria txiki bateko ke artean
afari-pasa egin eta gero, gau giro ederra egiten zuela
baliaturik, grappa bat hartu dut Piazza San Carloko
terraza batean. Ez zait entretenimendurik faltatu atzera-aurrera
dabilen jendea aztertzen, haien bizitzei buruzko nondik
norakoak asmatzen, liburu erosi berrien orri-pasan.
«Gure hiriak antza handia
du, orain konturatzen gara, kaleok hainbeste maite zituen
eta orain galdu berri dugun lagunarekin». Esaldiko
hiria, Torino da. Laguna, Cesare Pavese. Paveseren eta
Torinoren arteko parekotasun hori azpimarratu duena,
Natalia Ginzburg.
Pavese irakurri duenak ezin du
Pavesez gogoratu gabe ibili haren antza duen hiri honetan.
Paveseren isla irudituko zaio arkupe batetik bestera
pasatu den kapeludun gizon garai argal hori. Gizonak
zigarro bat du ezpain artean. Inork baino hobeto ezagutzen
ditu kale eta arkupeok; hala ere, arrotz baten itxura
ematen dio darabilen pauso luzeko ibilera urduriak.
Laster sartuko da kez beteriko taberna txiki batean.
Grappa bat eskatu, eta poema baten zirriborroa saiatzen
hasiko da:
Gaurko egunez terrala esnatu zaio
[ibaiari:
belaze eta muinoen artetik hiri
[ederreraino
barreiatu da oroitzapen baten gisa…
Bidaiak eta beroak eguneko nekea areagotu
didatenez, goiz erretiratzea erabaki dut. Hotelera bidean,
geltokian sartu naiz bihar Aostara eramango nauen treneko
billetea erosteko makina automatiko batean. Berandu
da eta apenas dabil jenderik: lo egiteko bazter erosoren
baten bila dabilen eskekoa; azkeneko trena hartzera
doazen bidaiari bakan batzuk. Sortu berri den haizeak
arrapaladaka egiten du bidea ate nagusitik nasatara.
Geltokian dagoen usain trinkoa saretu nahi duela ematen
du.
Txalo-zaparrada eta algara sekulakoak entzun ditut nire
atzean. Buru-ments bat da zalapartaka eta geltokiko
erloju tzarraren abilezia txalotzen ari dena, bi orratzek
—miràcolo, miràcolo!— hamabietan
bat egin dutelako.
Paveseren «Etorriko da Herio,
eta zure begiak izango ditu» poema famatua burutik
kendu ezinik itzuli naiz hotelera. Haize-kirri atsegin
bat dator hoteletik oso hurbil bere betiereko bidea
egiten ari den Po ibaiaren aldetik. |
::
‘Il diavolo’
Hoteletik hurbil, plaza izena
dotoreegia zaion Piazza di Arturo Graf atseden-leku
apala dago, luzea eta triangelu mehe baten antzekoa.
Hamar bat lizar haustu, eserleku pare bat, eta haurrentzako
tobogan bat. Ez da aparteko ezer, ez dago inor bertan,
baina poztu egin nau hotela plaza honetatik hain hurbil
dagoela konturatzeak. Berdin poztu nintzen orain urte
batzuk, Patxi Zubizarreta lagun nuela, plaza berau deskubritu
nuenean. Pozaren arrazoia agertzeko, idazle batek sekula
egin behar ez omen lukeen konfidentzia xume horietako
bat egin nion orduan Patxiri eta egingo diot orain irakurleari:
deabruari eskaini dizkiodan nire liburuetako orrialde
askoren atzean Arturo Graf dago. Edo, hobeto esateko,
Arturo Graf-en Il diavolo liburua (Torino, 1889), deabruak
mendebaldeko artean bete duen tokiari buruzko saio sakon
bezain irakurterraza.
Elezahar batek dio deabrua Torinoren
jabe egin zela Danteri infernura jaisten uzteagatik.
Beste elezahar batek, aldiz, infernuko ateak Ponte Isabellaren
inguruetan behar duela. Hiria ezker-eskuin zeharkatzen
duen Corso Danteren segida da Ponte Isabella. Bi elezaharrak
lotu, eta istorio berriak sortzeko gogoa dakar ibaiari
darion gaueko kirriak.
Egia da, bai, irudimena eta melankolia
eragiten dituzten hiriak direla ederrenak… |