| ::
Egunak urdina zuen kolore
Kanpai-hots sekulakoa, festa giroko zalaparta alaian.
Goizeko sei t’erdiak besterik ez! Eta nire gain-gainean
daudela ematen du! Nik nahi baino luzeago iraun du kanpaien
deiak nire gelako leihotik sartzen (atzo ez nuen erreparatu
moja-komentu bat dagoela hotel ondoko Santa Maria in
Nazaret elizaren atzean). Kanpaiak isildutakoan, ohean
buelta erdi eman, eta lotan segitu dut berriro. Ez luzaz.
Zazpi t’erdietan kanpai-hotsa hasi da berriro,
ordubete lehenago bezain zalapartari. Leihoa itxiko
banu, beroak urtuko ninduke; leihoa irekita, zortzi
t’erdietako kanpaiek esnatuko naute. «Ordu
ona jaikitzeko» pentsaturik, leihoa ixtera jaiki
ordez, buelta erdia eman dut berriro. Baina bat-batean
emakume-hots imajina daitezkeen finenak entzun ditut.
Salve Regina, Mater misericordiae…
Bitxia da goiza eta bitxia goizak dakarkidana (Krzystof
Zanussik, Wotjilaren zine-zuzendari maiteenak, filmatzeko
modukoa) gauean hotelera bidean ikusi nituen eszena
fellinianoekin alderatuta: puta eta travestiak imajina
daitezkeen hots zakarrenekin jendeari deika inork jos
ditzakeen minigona laburrenak jantzita; hordiak eta
kokatuak sexu-goseak buxka-buxkan…
…in hac lacrimarum valle segitzen dute
mojek kantuan, inoiz imajinatuko ez lituzketen loturak
eskaintzen ari zaizkidala jakin gabe.
Jaiki, txerpolari batek baino akrobazia gehiago eginez
dutxatu, jantzi, gosaldu eta kalera irten naiz zortzi
t’erdietako kanpaiak hasi diren puntuan.
Bederatzietarako Paduako bidean nintzen, bi pisuko
tren azkar txukun batean.
Erroskilak eta aitortzak
Bus-geltokitik oso hurbil dago, zubi bat pasatuta eta
gero, Giardini dell’Arena parkea. Bertan dago
Scrovegni jauregi erdi desagertuko kapila, Giottoren
fresko ezagunenen gordailua. Aurretik egina nuen bertan
sartzeko modua, eta eskerrak Internet-i, jende-ilara
luzea baitago billetea erosteko zain. Nire erretserba
erretiratu dut. Eguerdiko ordu batean utziko didate
sartzen. Hiru ordu ditut, bada, hiriari bisitatxoa egiteko.
Paduan zehar paseatuko nauen bus bat hartu, eta bidean
ikusten ditudan seinaleei esker dakit halako eraikuntza
Chiesa Eremitani dela, hurrengoa Unibertsitatea, Piazza
Cavour-en gaudela (Italia osoan dago Cavour-i eskainitako
plaza edo kaleren bat)… Halako batean, eliza tzar
baten aurreko plaza ikusi dut jendez gainezka eta saltoki
txikiez inguratuta. Ez dut seinaleei begiratu beharrik
izan nora iritsi naizen jakiteko. Busetik jaitsi naiz.
Familia osoak elizara bidean, harmonia on kristauan.
Saltokietan, kandelak, zapiak, liburu eta estanpak,
eskapulario eta kutunak, dominak, ur bedeinkatuaz betetako
botilatxoak, guzti-guztiak Paduako San Antonioren irudiarekin.
Saltoki batzuetan baita gure erroskilen antzeko opiltxo
batzuk ere, zuriak eta biribilak, Urkiolako San Antonioren
erromerietan bezala.
Atzera-aurrera dabilen jendez osatutako erlategi bat
da San Antonio Basilika, honi begiratu, hura seinalatu,
hari argazkia atera. Zaila da elizaren balioan edo Donatelloren
eskultura eta erliebeetan arreta jartzea, handia baita
erlauntza erraldoi batekoa bezalako hotsa, ahapekakoak
izan nahi duten jardunek eta hanka-pausoek sortua. Ezker
aldean, santuaren kapila. Eskuin aldean, berriz, errenkan
jarritako aitorlekuetan, fraideak jendea konfesatzen.
Denek dute lana, denek dute beren aurrean jendea zain.
Hamabost fraide kontatu ditut. Elizako aitorlekuen aurrean
ere jende ilarak daude aitortza egiteko zain.
Komunio txikia eta handia ezagutu eta gero, aitortza
komunitariotik isilpeko aitortzara, eta isilpekotik
mundu horri bizkarra erakustera pasatu zen bati oso
harrigarria egiten zaio ikustea toki batzuetan bizi-bizirik
segitzen dutela desagertutzat jotzen zituen forma eta
erritualek. Eta inpresio hori areagotu egin dit elizatik
atera eta Via Roman aurrera nindoala ikusi dudanak:
fraide gazte bat frantziskotar jantzian kordoi eta guzti,
bizikleta baten pedalei bizi-bizi eraginez, eta behatz
gorri biluziak ageri zituela larruzko sandalia handi
batzuen aurreko zulotik…
Ez dio inork begiratu. Ni bakarrik harritu nau eszenak.
Kontu jakinak
Unibertsitate zaharraren inguruetan liburu-denda asko
dago. Tartean, Librería Feltrinelli Internazional
ezaguna. Denbora dezente egin dut bertan. Hiriko giro
unibertsitarioak hainbesterako emango duela aintzat
harturik, Padua edo Padua inguruko idazle gazteei buruzko
zerbait topatu nahi nuen. Aldizkariren bat, antologiaren
bat… Hain liburu-denda erraldoian, ezer ez. Hartaz
galdetu diodan saltzaile gazteak ez daki zer erantzun,
eta hirurogei bat urteko gizon batengana eraman nau.
Gizonak, kortesiaren distantzia galdu gabeko adeitasun
natural batez, guztiz familiarra egin zaidan eszena
bat marraztu dit zeren bila nabilen adierazi bezain
pronto: «Badakizu? Gauzak ez dira lehen bezala.
Garai batean unibertsitatera zetorren jendeak familia
utzi eta pisu bat hartzen zuen hemen. Unibertsitarioak
derrigortuta zeuden hirian bizitzera, unibertsitateko
bizitza akademikoaz gainera hiriko bizitza sozialean
ere parte hartzera. Orduan bai, orduan baziren ikasleek
egindako aldizkariak, erakusketak, zine-forumak, kontzertuak,
jaialdiak… Orain etxera joaten dira, dove i suoi
tribulati genitori (beren guraso penatuengana), orduak
eta orduak Internet-en ibiltzera. Gaur ez dago unibertsitaterik,
haurtzaindegiak daude».
Zazpiehun urte dira Petrarca jaio zela eta ospakizun
eta kongresu asko daude iragarrita Petrarca bizi izen
zen Italiako hainbat hiritan. Paduan bereiziki, hemen
biltzekotan baitira munduko petrarkista onenak. Petrarkak
Paduan pasatu zituen azkeneko urteak eta hemendik oso
kilometro gutxira dagoen Arquà izeneko herri
txikian hil zen poeta. Horregatik egingo dute hemen
kongresua; eta unibertsitateak horrelako ekintza baterako
nahiko azpiegitura duelako. Ekitaldiok iragartzen dituzten
paskinez beteta daude hiri guztiko ia horma guztiak,
eta paskinotako batetik begira daukat Petrarca liburu-dendako
gizonaren atzeko hormatik. Petrarca-ren Canzionere (Kantutegia)
erosi dut gizonak aholkatu didan edizio komentatu —eta
merke— batean. Gizona agurtu eta kaxatik pasatu
naizenean, hasierako gaztea hurbildu zait liburu txiki
bat eskuan duela. Agian interesetako zaidala. Paduako
idazle gazte batena dela. Massimo Carlotto. Sekulako
arrakasta omen du. É un scrittore di romanzi
gialli. Italian giallo (horia) deitzen diote nobela
beltzari. Tituluaren izenagatik (Il corriere colombiano,
Bitartekari kolonbiarra) argi daukat zenbat kokaina
eta zenbat hilketa aurkituko dudan nobelan. Petrarcarena
ordaindu, eta kalera irten naiz.
Hamabi t’erdiak. Denbora doi daukat Piazza delle
Erben xutikari bat hartu eta Giotto bisitatzeko.
Merezi zuen
Hasierako nire asmoetako bat Bolzanora joan eta hango
giro elebidunaz jardutea zen. Azken momentuan, ordea,
ikusirik denbora gutxi izango nuela fundamentuzko ezer
bildu eta kontatzeko, Giotto-ren freskoak ezagutzeko
parada ez galtzea deliberatu nuen. Ez naiz damu. Zenbat
aldiz ikusia ote nuen Judasen musua? Edo Egiptora ihes?
Inoiz ez. Ordu arte erreprodukzioetan-eta ikusitakoak
ez ziren, behintzat, Paduan ikusi ditudan musua eta
ihesa. Inoiz ikusi dudan alderik handiena egin zait
erreprodukzioen eta orijinalen artekoa. Erreprodukzioetan
harrigarria eta ezohikoa gertatzen bada Giottoren urdina,
Paduatik pasatu beharra dago freskoon urdina zein bero
erregarria den ikusteko. Bada zerurik: Giottok zeruan
egona behar zuen lanok egin aurretik, eta imajina daitekeen
uda beteko urdinik zerutiarrena ekarri zuen Giottok
handik kapila honetako freskoetara.
Eta freskootako aurpegiak. Eszenari testuingurua eman
eta gero —jauregiak, paisaiak, pertsonaien arropak,
atrezzoa…—, ematen du Giottok haien gainean
jarri dituela pertsonaien aurpegiak. Aurpegiek dute
garrantzia eta, aurpegietan, begiradek. Demagun Azken
afaria. Koadroa ez litzateke ezagutzen duguna apostoluen
eta Jesusen arteko begirada-jokorik gabe. Nabarmena
da fresko horretan —agian beste guztietan baino
nabarmenagoa—, Giotto perspektibaren bila egiten
ari den ahalegina. Nire ondoan dagoen gazte batek komentario
irrigarri bat egin du Azken afariko koadroan bizkarra
emanda dauden apostoluak seinalatuz. Ondo zehaztuak
daude haien buru atzeak, baina non jarri behar zituen
Giottok santu-orlak apostoluen buruak ezkutatu gabe?
Apostoluon aurpegi aurrean daudela ematen du, garai
bateko festetan ateratzen zituzten argazkietako efektu
halako bat sortuz: itsasontzi bat irudikatzen duen marrazki
baten erdiko zulotik burua erakutsi behar zenuen, argazkilariak
zu barku bateko kapitainarena eginez erretratatzeko.
Emaitzak planoen super-posizio baten inpresioa ematen
zuen. Halako zerbait bilatu izanak sortu du ondoan dudan
gaztearen irria.
Eta freskootako irudien mugimendua. Mugimenduaren adierazpena
hastapenetan zegoela? Aski du Giottok pertsonaia bat
erdi makurtuta eskaintzea, errespetua adierazteko. Egiptora
ihes koadroan astoaren atzetik doazen bi pertsonaien
mugimenduak ahotan darabiltzen elkarrizketa beldurtua
adierazten du —Hi, entzun duk hots hori? Ez dituk
ba Herodesen soldaduak izango?—; San Josek atzera
begiratzen du keinu kezkatu batez; goiko partean dagoen
aingerua (erdi fisikoa, erdi ikusezina!) bidea erakusten
ari zaie iheslariei beso baten espresio zehatzeko mugimendu
batez. Koadroan ikusten dena bezain presentea da mehatxua,
atzetik segika datorkien arriskua. Mugimenduaren festa
bat da Azken Juizioa ere. Goiko partean, oso elementu
gutxirekin lortutako ezker-eskuineko aingeru-taldeen
mugimendu ordenatua zentroan dagoen Kristorenganantz;
freskoaren beheko partean kontrastea eginez, infernura
kondenatutakoen mugimendu desordenatuen orgia, ia mende
pare bat geroago etorriko diren El Bosco eta Brueghel-en
lana gogorarazten dituena…
Bihar beharko
Bostetarako Venezian nengoen ostera. Nekatuta baina
Giotto ezagutzeko aukera baliatu izanaren pozez.
Hotelera joan ez joan egon eta gero, zergatik ez? pentsatu,
eta Paduan ikusi dudanaren oso beste muturreko arte
baten bila abiatu naiz tren-geltokitik irten bezain
laster. Baina biharko utzi beharko dut Peggy Guggenheim-en
museora egindako bisitaren eta arratsaldeak eman dituen
gainerakoen kontakizuna.
|
::
Bizio pribatuak, bertute publikoak
Venezia erotismoarekin lotzen da. Hiriaren
ur gainean eraikia izateak, harri karstikoz egindako
etxe zuriek ezkutatzen dituzten bizitza sekretuek, palazzoetako
abenturen elezaharrek, literaturak Venezian kokatu dituen
istorio erotikoek, inauteriek eta inauterietako mozorroek,
kale estuetako enkontru klandestinoek… Horrek
guztiak Venezia sentsual baten irudia eraiki du. Casanova,
erotismoaren arketipoa, Venezian jaio izanak ere badu,
jakina, zerikusirik horrekin. Elezahar batek dio berak
ez zeukana saldu nahi izan omen ziolako sartu zuela
Serenissimak kartzelan: gaztetasun (eta pasio sexual)
eternoa bermatzen duen edabea. Gero eta hondoratuago,
pasio zahar guztiak berritu nahi dituen bihotz hilezkorra
emango liokeen edabe horrexen bila dabil Venezia aspaldi
handian.
Baina libertinoez hitz egitekotan, ezin
gelditu Giorgio Baffo (1694-1768) orriotara ekarri gabe.
Venezian jaio zen, Veneziako dialektoan idatzi zuen,
Venezian hil zen. Casanovak dio bere memorietan: «Nire
aitaren lagun mina da; jenio gorena; poeta eskandalagarria
eta inor baino hobea bere generoan; berak eraginda alde
egin nuen Paduara, eta handik Frantziara, berari zor
diot nire bizitzaren fortuna».
Veneziako Justizia administrazioko Gorte
Goreneko legegilea zen Baffo. Errespetu eta botere handiko
gizona. Bere lagunarte mugatuenean soilik zekiten poesia
erotikoak idazten zituela, baina Baffo ondo ezagutzen
zuen batek idatzi zuenez, «birjina batek bezala
hitz egiten du, satiro batek bezala idazten».
Hil eta gero, haren lagun batek Kostantinoplan argitaratu
zituen Bafforen poesia erotiko guztiak oso edizio mugatu
eta erdi klandestino batean. Eta hartantxe geldituko
ziren Baffo eta haren poesia erotikoa, inork baten eta
bestearen berririk izan gabe alegia, baldin Apollinaire
poetak deskubritu izan ez balu Kostantinoplako edizioko
ale bat. «Bizi-poza dario Bafforen poesia guztiari;
bere mende hartan bizitzeko gogoa; Venezia hiri anfibioan,
Europaren alu hezean gozatzeko gogoa», dio Apollinairek.
Eta Bafforen poesiak arrazoi osoa ematen dio Apollinaire-ri:
«gauza on, alai eta ederrez bakarrik hitz egin
nahi dut, oso gauza gozoez: aho, bular, ipurdi, alu
eta emeez». |